Asteon zientzia begi-bistan #15

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Zeri buruz hitz egin da sarean asteon? Astea oparoa izan da, hainbat gai jorratu baitira Interneten eta hementxe dituzue laburbilduta: argia, etorkizuneko telebista, nanoegiturak, bihotza, txertoak, robotak eta are gehiago. Eman diezaiogun begirada bat!

Argazkia @TapasDeCiencia ren bidez
Argazkia: @TapasDeCiencia-ren bidez

Zientzia aurrera doa arrakasta gutxi batzuei esker, baina baita porrot askori esker ere. Izan ere, ez dago zientzia-porrotik. Zientzia etengabe ari da ikasten eta okerrak zuzentzen. Horixe da zientzia-metodoa. 1943. urtean jaio zen Erresuma Batuan Colin Pillinger. Planeta zientzietako ikertzailea izan zen. Beagle 2 espazio-ontzia diseinatu zuen, finantzazioa lortu ondoren 2003ko ekainaren 2an espaziorantz abiatu zen eta hiru hilabete beranduago haren arrastoa galdu zen. “Porrotak” eragindakoak jasan zituen Pillingerrek. Antonio Cantó dibulgatzaileak maiatzean zendu den ikertzailea dakarkigu: kixote bat, baina atsegina, borrokalaria, asmo onekoa eta zientziaren ikuspegitik ondo bideratua. Zientzia Kaiera blogean: Kixote Pillinger.

Zientziak argi-ilunak ditu eta argiaz mintzatu da Mikel Irastorza Euskalnatura.net gunean. 1934. urtean Gregory Breit eta Jonh A. Wheeler fisikariek argiari buruz garatu zuten teoria bat laborategian baieztatuko dutela azaldu digu. Izan ere, ez da inoiz laborategi baten frogatu hainbat zailtasun zirela eta. Imperial College Londoneko Fisika saileko hiru fisikarik Breit-Wheeler prozesua, hau da, bi argi partikularen edo fotoiren arteko talkatik elektroi eta positroi bana sortzea posible dela dioen prozesua, laborategian frogatzeko bidea urratu dute. Laburbilduz, fisikari hauek argitik materia nola sor daitekeen antzeman dute: Argitik materia sortzeko bidean.

Argitik, argira. Argia aldizkarian egungo teknologia berrien bilakaerari erreparatu diote. Etxean ditugun gailuek zerbitzu jakinetan elkarrekin eragitea da telekomunikazioetako ikerkuntzan dagoen erronka nagusienetakoa. Izan ere, gailu desberdinen arteko interakzioa eraginkorra izan dadin, arazo ugari konpondu eta beste hainbat korapilo askatu beharko dira. Joxerra Aizpuruak Vicomtech-IK4 zentro teknologikoko Mikel Zorrilla ikertzailearengana jo du, gailu mugikorren elkarrekintzak dituen argi-ilunak aztertzeko: Telebista interaktiboa. Aplikazio hiltzailea noiz helduko zain.

Telebista adimentsua ere izan du hizpide Aitor Aretxaga informatikariak Berria egunkarian. USB gailuen egitura eta datuak irakurtzeko abiadura hobeak direla eta, etorkizun hurbilean ordenagailua edo telebista eramangarria edozein pantailatara konektatuta erabili ahal izango ditugula azaltzen digu Aitorrek Ordenagailua poltsikoan artikuluan.

Teknologiarekin jarraituz CIC nanoGUNEk garatu duten sistema baten berri ematen digu Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian. Ikerketa zentroan, argia konprimitzeko eta haren hedapena material jakin baten bidez nanoeskalan, aztertzen ibili dira. Ondorioz, argia abiarazi eta kontrolatzeko sistema bat garatu dute. Sistema antenetan oinarrituta dago eta grafenoan zehar hedatzen den argi konprimitua abiarazi eta kontrolatzeko aukera ematen du. Datu guztiak Grafenoaren gainazalean argi konprimitua hedatzeko sistema bat garatu dute nanoGUNEn artikuluan.

Hainbat aurrerapen ematen ari dira zientziaren hamaika arlotan. In vitro ernalketa izango da medikuntzan izandako ezagunenetarikoa. Ernalketa prozesuaren nondik norakoak haur bati azaltzea ez da erraza. In vitro edo sexu-harremanez sortutako umeei agian erosoagoa litzateke esatea zikoinak ekarri zuela etxera. Izan ere, ez da ba horrela gertatzen? Josu Lopez-Gazpio ikertzaileak Zientzia Kaieran teoria horren aldeko frogak ekarri dizkigu. Egiazko datu kontrastatuak erabiliz, estatistikaren erabilera oker bat eginez ezinezko teoriak frogatu daitezkeela erakutsi digu Zikoinaren Teoria baieztatzeko frogak artikuluarekin.

Estatistiken erabilera okerrak askorako eman dezake. Eta eman, ez kendu, txertoek ere ematen dute. Amaia Portugal kazetariak txertoei buruzko artikulua argitaratu du Zientzia Kaiera blogean. EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakaslea den Lucila Madariagarekin hitz egin du eta txertoei esker munduan ia desagertu diren hainbat gaitzei erreparatu die. Txertoei esker poliomielitisaren karga %99 murriztu dela diote estimazioek. Elgorria, errubeola, difteria, tetanosa… Ia %100 murriztu dira. Datu guztiak Txertoek eman egiten dute, ez kendu artikuluan.

Eta txertoek eman egiten badute, hondartzan paseatzeak ere baditu hainbat onura osasunean. Argia aldizkarian ariketa fisikoaren onbeharrak azaltzen dizkigute: “ibiltzea komenigarria bada, ez dago horretarako hondartza eta bertako harea baino leku egokiagorik.” Xehetasun guztiak Hondartzan paseatzearen hamaika onura artikuluan.

Hondartzan paseatzea ona da gure bihotzarentzako. Paseatzeak ez dio zirrara gogorrik eragingo ezta gehiegizko esfortzu fisikorik eta ondorioz bihotza ez da azeleratuko. Egoera normalean gure bihotzak minutuko 60-100 taupada egiten ditu baina erritmoa aldatzen du hainbat faktore direla eta. Jabier Agirrek kontatzen dizkigu Berrian bihotzaren erritmo aldaketaren arrazoiak eta kontuan hartu beharrekoak: Bihotza zergatik azeleratzen da?

Beldurra sentitzen dugunean askori ezaguna egingo zaio urdailean izaten dugun sentsazio deseroso hori. Zerbaiti aurre egin behar diogunean, urdaila uzkurtu egiten zaigula dirudi. Holakoetan urdailak garunera bidaltzen ditu seinaleak eta datu bidalketan bitartekari da nerbio bagoa. Nerbio honek garunetik urdailera eta urdailetik garunera bidaltzen ditu seinaleak. Zurichko Swiss Federal Institute of Technologyko ikertzaileek bi noranzko komunikazioa bide bakarrekoan bihurtu zuten arratoietan eta emaitzen arabera antsietate txikiagoa eta beldur gutxiago sentitzen zuten. Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian kontatzen digu: Tripetako korapiloek eragin zuzena dute beldurrean artikuluan.

Joseba Ríos eta Diego Garate arkeologoek 2012an Lekeitio inguruan dagoen Lumentza kobazuloan, aurkitutako Goi Paleolitikoko labar pinturen berri eman zuten. Metro eta erdi baino gehiagoko bi bisonte, zaldi buru bat eta hainbat marka aurkitu zituzten arkeologoek. Asteon Sustatun pinturak berreskuratzeko lanei buruzko datuak eman dizkigute: Lumentxako bisonte paleolitikoak, grafito modernoen azpitik berreskuratuak.

Kobazuloak hamaika sekretu gordetzen dituzte. Unai Break Argia aldizkarian espeleologoen lanei buruz aritu zaigu. Euskal Espeleologoen Elkargokoaren arabera Euskal Herrian 5.600 leize daude, kopuru hori dute katalogatua egun. Baina kopuruak gorantz egingo du, Espeleologoen Elkargoko ordezkarien arabera, etengabe aurkitzen baitira kobak. Eta ez metro gutxiko zulotxoak, baita kilometro askoko luzera duten galeriak ere. Kobazuloak aztertzeko ezagutza tekniko batzuk behar dira ez baita erraza ez erosoa. Xehetasun guztiak Ez da erosoena, baina merezi du artikuluan.

Kobazuloak modu naturalean sor daitezke edota prozesu geologikoen bidez, baina egon badaude gizakiak sortutakoak ere. Ibon Larrazabalek Argiako Liber Prodigiorum blogean Txinan 1922an aurkitu zituzten Longyouko haitzuloak aurkezten dizkigu. Gizakiak eraikitako 24 kobatik gora dira, Qin dinastiakoak, Kristo Aurretik 212. urtean eraikiak. Ikertzaileek ez dakite nork eta zelan eraiki zituzten, bataz beste, 1.000 metroko luzera eta, kasu batzuetan, 30 metroko altuera duten kobazuloak. Datu gehiago Longyouko haitzuloak artikuluan.

Egun, gertatzen dira harrigarriak diren bestelako kontuak ere. PLOS Biology aldizkarian maiatzaren 6an argitaratu zen artikulu batean kaleratzen denez, azken 25 urteotako sexu-organoen eboluzioaren ikerketetan, emeen organoei buruzko ikerketak %8a izan dira bakarrik. Ikertzaileak emakumezkoak edo gizonezkoak izan, kasu bietan, jokabide berdina ikusi dute eta joera hau nabarmendu da 2000. urtetik aurrera. Artikulua sinatzen duten ikertzaileek baginetan zakiletan besteko itxura eta funtzionalitate aberastasuna dagoela azpimarratzen dute. Artikuluaren xehetasunak Ana Galarragaren eskutik Berria egunkarian: Bagina ikusezinen kasua.

Biocruces Institutuko eta EHUko ikertzaileak gaitz zeliakoen genetika ikertzen dabiltza. Nora Fernandez da horretan diharduen ikertzaileetariko bat eta berarekin egon da Amaia Portugal kazetaria. Glutenarekiko intolerantzia sufritzen du populazioaren %2ak. Fernandez dioenez “Zeliakiak genetika oso konplexua dauka. Haren herentzia ez da sinplea; ezin dugu aurreikuspen zehatzik egin, zeini transmitituko zaion”. Berrian ematen digute konplexutasun horren nondik norakoak: Etsaia ondo ezagutu behar.

Gizakiok adimena eman nahi izan diegu makinei. Adimen artifiziala XX. mendean hasi zen garatzen eta egun, makinek gizakiok egiten duguna egin dezaten, ikasketa automatikoko prozesuak inplementatzen ari gara. Ikasketa automatikoan bi ikasketa mota nabarmentzen dira: ikasketa gainbegiratua eta ikasketa ez-gainberatua. Lehenengo kasuan, makinari adibideak ematen dizkiogu, honek funtzio matematiko bat sortzen du adibide horietara hurbiltzeko. Bigarrenean, makinari datu kantitate handi bat ematen zaio, kategoriarik gabe, patroiak edo ereduak atera ditzan. Gorka Azkune ikertzaileak kontatzen digu Zientzia Kaieran: Makinek ere ikas dezakete.

Mind Mirror sistemak gure garunaren nondik norakoak ezagutzeko baliagarriak dira. Hainbat software sistema garatu dituzte ikertzaileek bi teknologia nagusi erabiliz: errealitate areagotutako teknikak eta denbora errealeko elektroentzefalograma teknikak (EEG). Mind Mirror sistemak denbora errealean funtzionatzen du eta pertsonaren garuneko aktibitatea jasotzen du eta diagrametan irudikatu. Informazio guztia Joxerra Aizpuruak dakarkigu Argia aldizkarian Norberaren garuna jardunean ikustea posible da artikuluan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.