Urtero 3,4 milioi lagun hiltzen dira gehiegizko pisuak edo obesitateak ekarritako ondorioen eraginez, Munduko Osasun Erakundearen arabera. EHUko Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldeak Predimed-Plus proiektuan parte hartuko du, dieta mediterraneoaren eta ariketa fisikoaren arteko konbinazioak obesitatean zer inpaktu duen neurtzeko.
Arroparen neurriak ez du piperrik axola. Europan 42, Erresuma Batuan 14, AEBn 8… estetika bidegabe baten araberako irizpide arbitrarioak dira horiek. Tamainak badu garrantzia berez, baina motibazioa osasuna denean eta neurgailua fidagarria eta gutxi gorabehera homogeneoa bada soilik. Gorputz masaren indizea (GMI), kasu.
GMIa gehiegizko pisua eta obesitatea kalkulatzeko baliatzen den formula bat da: GMI = kg / m2. Hau da, pertsona baten pisua zati bere altuera ber bi. Emaitza 25 baino handiagoa bada, pertsona horrek gehiegizko pisua duela esan ohi da, eta 30etik gorakoa izanez gero, obesitatea. Azken urteotan, gero eta maizago ateratzen dira 25 baino handiagoak diren balioak formula hori aplikatzen denean. Kasu honetan, bai, tamainak izan dezake garrantzia, gaitz batzuk jasateko probabilitate handiagoa ere badakartelako zifra horiek.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, 2008an 20 urtetik gorako populazioaren %35ak zuen gehiegizko pisua (1.400 milioi lagun) eta %11k zeukan obesitatea (200 milioi gizonezkotik gora eta ia 300 milioi emakumezko). Haurrei dagokienez, 2012ko datuek diotenez, bost urtetik beherako 40 milioi umetik gora ziren behar baino gehiago pisatzen zutenak. Mendebaldeko herrialde deituriko horietan, bederen, gantz eduki handiagoak dituzten produktuak jaten ditugu gaur egun, eta mugimendu fisiko txikiko lan eta bizimoduak dauzkagu. Horrek ez du esan nahi gehiegizko pisua duen edonork ez duela bere burua zaintzen, ez eta argal dauden guztiek barazki asko jan eta kirola egiten dutenik ere. Baina azken hamarkadotako bilakaeraren kausak badira agerikoak.
GMI altua izatea bihotzeko arazoak edukitzeko arrisku handiagoari lotzen zaio. Gainera, diabetesa garatzeko probabilitatea handiagoa da, bai eta osteoartritisa edo bularreko zein koloneko minbizia izatekoa ere. Munduko Osasun Erakundeak dio urtero 3,4 milioi lagun hiltzen direla gehiegizko pisuak edo obesitateak ekarritako ondorioen eraginez. Gainera, diabetesak dakarren zamaren %44a, kardiopatia iskemikoenaren %23a eta zenbait minbizienaren zati bat (%7 eta %41 artean, motaren arabera), gehiegizko pisuari edo obesitateari dagozkio.
Badago arrazoirik, beraz, obesitatea XXI. mendeko epidemia dela esateko.
Dieta mediterraneoa
Gehiegizko pisua eta gehiegizko gantza bat datoz sarritan, eta horregatik, osasuntsuago egoteko gantz eduki txikiagoa duten produktuak jan behar direla pentsa liteke, besterik gabe. Lotura ez da erabat proportzionala, ordea. Euskal Herriko Unibertsitatearen parte hartzea izan duen ikerketa batean egiaztatu dutenez, dieta mediterraneoak eragin positiboagoa du gaitz kardiobaskularrei dagokienez, are gantz eduki txikiagoa duten beste dieta batzuek baino.
Izan ere, Maria del Puy Portillo EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko kideak zuzentzen duen Nutrizioa eta Obesitatea ikerketa-taldea Predimed izeneko estatu mailako proiektu garrantzitsu batean aritu da. Arrisku kardiobaskular handia zuten 7.500 lagunekin egin zuten lan ikerketa honetan, horien elikadura ohiturak aldatuz. Predimedeko ikertzaileen arabera, gaitz kardiobaskularra garatzeko arriskua %30 murriztea lortu zuten hala, dieta mediterraneoa aplikatuta. Zehazki, oliba olioa, fruitu lehorrak, barazkiak, frutak, lekaleak eta arraina zituen oinarri dieta horrek. Aldi berean, ikerketan parte hartu zutenek murriztu egin behar izan zuten haragi gorriaren, edari azukretuen, industria opilen, gozoen eta gurinaren kontsumoa. Alkoholari dagokionez, otorduetan ardo pixka bat edateko aukera zuten.
Predimed proiektuaren ondotik, Predimed-Plus ekimena jarri dute abian orain, eta honetan ere arituko da Portilloren taldea. Oraingoan obesitatea jorratuko dute bete-betean, ikerketan parte hartuko duen lagina 27 eta 40 puntu arteko GMIa duten 55 eta 75 urte arteko sei mila gizon-emakumek baino gehiagok osatuko baitute. Kaloria gutxiko dieta mediterraneoaren eta ariketa fisikoaren arteko konbinazioak obesitatearekiko zer inpaktu duen aztertzea da asmoa. Horretarako, gainera, bi milioi euroko diru laguntza jasoko dute Europar Batzordetik. Izan ere, Predimed proiektuaren koordinatzailea ere izan zen Miguel Angel Martinez Gonzalezek (Nafarroako Unibertsitateko katedraduna) ERC beka prestigiotsua jaso du, egitasmo berri hau finantzatzen laguntzeko.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
5 iruzkinak
[…] ariketa fisikoaren arteko konbinazioak obesitatean zer inpaktu duen neurtzeko asmoz. Datu guztiak XXI. mendeko epidemiaren kontra lehian […]
[…] munduko herrialde gehienetan hazten ari da. Izan ere, urtero 3,4 milioi lagun hiltzen dira gehiegizko pisuak edo obesitateak ekarritako ondorioen eraginez, Munduko Osasun Erakundearen […]
[…] Obesitatea munduko osasun arazo handienen artean sailkatzen da, batez ere herrialde garatuenen kasuan -esaterako, AEBko populazioaren heren batek obesitatea du-. Gehiegizko pisua eta obesitatea aski lotua dago heriotza-tasa altuagoarekin, gaixotasun kardiobaskularrekin, diabetesarekin, garun-isuriarekin eta hainbat minbizi motekin. Obesitatearen tratamendua […]
[…] oraindik hobeto. Hori badakigu, baina horrek ez du esan nahi argaltzea erraza denik. Horregatik eta obesitateak eta gainpisuak osasun arazo ugari sortzen dituztelako, komeni da jakitea argaltzeko zer estrategia […]
[…] izan arren obesitatea faktore anitzeko gaixotasun metaboliko kronikoa dela, haren garapenean eragin handiena duten […]