Asteon zientzia begi-bistan #27

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Xurxo Mariño
Argazkia: Xurxo Mariño

Geneak dira Koldo Garcia biologoaren ikerketako objektu. Edonola blogean asteon, giza populazioaren genoma aztertzen dituen HapMap eta 1000 Genomes bezalako egitasmoen garrantziaz hitz egiten digu. Hauek baliagarriak dira, beste gauza askoren artean, genomaren eskualdeak belaunaldiz-belaunaldi populazio batean nola transmititzen diren ikasteko eta ulertzeko: Geneak eskua emanda doazenean.

Itziar Garate astrofisikariarentzat aldiz, ikerketa objektua beste bat da, Artizarra. Unibertsitatea.net atarian elkarrizketa egin diote asteon ikertzaile gazte honi, Artizarraren hego-poloko zurrunbiloaren dinamikari buruzko bere ikerketa zertan datzan jakiteko: Nire laborategia Artizarra bera da.

Elhuyar aldizkarian egunero gai baten berri eman digute:

Eider Cartonek galdera baten erantzuna dakarkigu, zergatik diren molekula biologikoak ezkerrak ala eskuinak. Adibidez, DNA molekula eskuina baina ezkerra izan zitekeen eta gauza bera gertatzen da beste biomolekula batzuekin: Bizia, ezker ala eskuin, zerbaitengatik? Horrez gain, nazioarteko ikertzaile-taldea batek egindako simulazio baten bidez, ozeanoetako uraren % 30-50 arte Eguzkia sortu aurrekoa izan daitekeela plazaratzen digu Lurreko uraren zati bat Eguzkia baino zaharragoa da artikuluan.

Oihana Jauregik biziarekin jarraitzen du eta azaltzen digu bizidun zelulaniztunak uste zena baino askoz lehenagotik egon daitezkeela Lurrean. Ikerketa-talde batek Txina hegoaldean dagoen Doushantuo formazioko fosil batzuk berraztertu ondoren, hori berori ondorioztatu baitu.

Inork ez zuen uste izarrarteko espazioan molekularik egongo zenik, oso inguru bortitza baita molekulak izateko. Baina astrofisikariek molekula organiko adarkatu bat detektatu dute, lehen aldiz, izarrarteko espazioan (Sagitarius B2 gunean): isobutironitriloa. Guillermo Roak ematen digu honen berri: Lehen molekula adarkatua izarrarteko espazioan.

Ana Galarragak Oxfordeko eta Leuveneko Unibertsitateetako ikertzaileek gidatu duten hiesaren hastapenari buruzko azterketaren berri eman digu. Ikerketaren emaitzak erakutsi du 1920an Kinshasatik abiatu zela hiesa eta ibaiarekin eta trenarekin batera bidaiatu zuela. Are gehiago, merkataritzak eta prostituzioak funtsezko eragina izan zutela hiesa hedatzean ondorioztatu dute: Merkataritza eta prostituzioa, gako hiesaren hedapenean XX. mendearen hasieran.

Argia aldizkarian hainbat gai jorratu dituzte ere:

Joxerra Aizpuruak bere harridura erakusten digu iraileko lehen astean hedabideek zabaldu zuten berri bat dela eta. Hainbat telebista katetako albistegietan, aurten ozono geruzak ia kalterik jasan ez duela esateaz gain, ozonoaren krisia amaitzear zegoela adierazi zuten. Baina NASAk publiko egindako iraileko datuetan ez da hori baieztatzen, are gehiago, datuen arabera azken 30 urteotan neurtutako batez bestekoak baino txarragoak izan ziren emaitzak. Hausnartzeko gaia: Ozono geruza, behar baino arinago ahantzarazi nahi den arazoa?

Nagore Irazustabarrenak Chicago hiriaren historia dakarkigu. 1854. urtean kolera izurriteak gogor astindu zuen hiria. Kolerak egindako triskantzaren ondoren hiriak behar zuen estolda eta isurbide sistema diseinatu zuten. Estolderiak hiri azpian egon behar zuen, beraz, kaleen eta eraikinen maila jaso behar zen eta horretarako aurrez eraikitako eraikin gehienak pare bat metro altxatu zituzten. Argia aldizkarian: Chicago besoen indarrez jaso zuten.

Jon Ander Galarraga biologoak konpostajearen ikerketarako haren txokotik, konpostaje egiteko konpost-gailuei egiten die errepasoa eta merkatuan dauden modeloak aztertzen ditu, euren ezaugarriak eta kontrako aldeak azaltzeko: Konpostagailuen merkatua.

Amaitzeko, Zientzia Kaiera blogean honakoak landu dituzte:

Amaia Portugal kazetariak kiniela bat egin du, AEBtako Thomson Reuters agentziaren iragarpena aintzat hartuta, 2014ko Nobel saridunak nortzuk izan daitezkeen azaltzen digu: Nobel sariak: apustu egiteko ordua da.

Javier San Martin kazetariak zientzia-dibulgazioaren esparruan asko erabili den izenburua jarri dio aste honetako artikuluari: Izarren hautsa. Eta kasu honetan, horretaz idatzi du. 1999ko otsailean Cabo Cañaveraletik espaziora bidali zuten Stardust espazio-ontziak, izar arteko esparrutik eguzki-sistemara iritsitako hauts partikula kosmiko garaikideak harrapatu zituen 2006an. Izarren hautsa.

Uxune Martinezek zientzian antzeman diren diskriminazio egoerak deskribatzen dituzten bi terminoen berri ematen digu: Mateo efektua eta Matilda efektua. Lehena, Robert Merton azaldu zuen 1968. urtean, bigarrena 1993. urtean ezagutu zen Magaret W. Rossiterren eskutik. Mateo efektuak, zientzialari ezezagunek pairatzen duten ikusgarritasun eza azaltzen du. Matilda efektuak, emakumeek sufritu izan duten diskriminazio sistematikoa: Emakumeak, zientzia eta diskriminazioa: Mateotik Matilda efektura.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.