Ariketa fisikoa, argaltzeko pilula ote?, #Zientziatekan

Ekitaldiak

Obesitatea munduko herrialde gehienetan hazten ari da. Izan ere, urtero 3,4 milioi lagun hiltzen dira gehiegizko pisuak edo obesitateak ekarritako ondorioen eraginez, Munduko Osasun Erakundearen arabera.

Joera honen arduradun nagusiak bi dira: jakien eskuragarritasun handiagoa eta sedentarismoa. Hau dela eta, jarduera fisikoa gizentasunari aurre egiteko metodo erabilgarria dela uste da. Izan ere, gainpisua eta obesitateari aurre egiteko, osasun arloko erakundeek gomendatzen dute astero gutxienez 250-300 minutuko intentsitate ertaineko ariketa egitea. Hau da, astean 5 aldiz, eguneko 50-60 minutuko saioak. Alabaina, ba al dakigu zein den pisua jaisteko edo mantentzeko ariketa fisiko mota eta dosirik eraginkorrena? Hau da, zein ariketa mota egin behar den, nola eta zelako maiztasunarekin…

Gehiegizko pisuari aurre egiteko ez dago miraririk, baina galdera horiei erantzun bat topa dakieke gaur egun ezagutzen ditugun datu esperimentaletan oinarrituz. Bestalde, esan beharra dago obesitatearekin lotuta paradoxa bat dagoela, zenbait egoeratan gain-pisua dutenek osasun-abantaila baitute.

Jon Irazustak, UPV/EHUko Fisiologiako irakasleak, gai honi buruz hitz egingo du urtarrilaren 20an, asteartean, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Alondegiko Mediatekan.

Ariketa fisikoa, argaltzeko pilula ote?’ izeneko hitzaldia eskainiko digu eta bertan, besteak beste, azalduko du zergatik behar duen gure gorputzak jarduera fisikoa osasuntsu egoteko, obesitateari aurre egiteko baliagarria den edo ez, eta baita ere, nolakoa izan behar den ariketaren intentsitatea, iraupena eta maiztasuna.


Hitzaldia Zientziateka ekimenaren parte da. Zientziateka, hilean behin UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Alondegiak puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko antolatzen duten jarduera da.

OHARRA: Hitzaldia Alondegiko Mediateka aretoan eskainiko da doan. Sarrerak hartu behar dira Bilboko Alondegiko informazio-gunean entzule moduan joateko. Sarrerak aretoa bete arte banatuko dira. Bertara hurbiltzea ezinezkoa bazaizue, zuzenean jarrai dezakezue ekitaldia streaming bidez eitb.eus-eko kanalean.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.