Haurren adimen emozionala aztergai

Zer da adimen emozionala? “Emozioetatik datorkigun informazioa prozesatzeko trebetasuna; besteak beste, norberaren eta besteen emozioak egoki adierazi, ulertu eta erregulatzeko gaitasuna”, Salovey eta Mayerren definizioaren arabera (1997).
Nahiko berria da adimen emozionalaren kontzeptua, 1990eko hamarkadan hasi baitzen erabiltzen eta, ikerketen arabera, lotura nabarmena dago haren eta zenbait onuraren artean. Baina nola sortzen da adimen emozionala? Galdera horri erantzuteko asmoz, haurtzaroan trebetasun emozionalak nola sortzen eta garatzen diren ezagutzea izan du helburu Natalia Alonso ikertzaileak.

haurrak adimen emozionala 1

Haurtzaroan trebetasun emozionalak nola sortzen eta garatzen diren, batetik, eta zer eragin duten haurren portaeran eta doikuntza psikosozialean, bestetik, izan du aztergai “Inteligencia emocional en niños y niñas entre 3 y 6 años, evaluación y relaciones con la inteligencia emocional de sus madres” Natalia Alonsoren doktore-tesiak. Arreta berezia egin zaio ikerlan horretan hiru urtetik seira bitarteko etapari. Sasoi horretan finkatzen baitira dira adimen emozionala garatzeko haurrak behar dituen oinarrizko alderdi batzuk. Hona azterlan horren ondorioetako batzuk: zenbat eta trebetasun emozional hobeak izan haurrek, orduan eta arreta- eta herabetasun-arazo gutxiago dituzte, baita ere portaera erasokorren indize txikiagoak. Hau da, adimen emozionala lagungarri da neska mutikoen arreta-arazoak eta portaera erasokorrak gutxitzeko ere.

Adimen emozionala ez da panazea, onura ugari badakartza ere. Zenbaiten ustez, adimen emozionala (AE) hobetuz gero, konponduak ditu bizitzako arazo guztiak, baina ez du horrela funtzionatzen: gure haserrea kontrolatzen jakiteak ez du esan nahi ez garenik haserretuko norbaiten gaizki tratatzen bagaitu edo aparkatzeko lekua kentzen badigu”, adierazi du ikerketaren egileak, Natalia Alonsok. “Nolanahi dela ere -dio-, gure sentimenduak hobeto ulertzen eta kudeatzen baditugu, hobeto erreakzionatuko dugu eta, horrenbestez, gure portaera kontrolatzen dugula sentituko dugu, eta gusturago egongo gara gure jokabidearekin eta besteekiko harremanekin”.

Zenbat eta zeintzuk dira oinarrizko emozioak?

“Ez dago erabateko adostasunik emozio-kopuruaz, baina aditu gehienen iritziz, sei dira oinarrizkoak edo unibertsalak: poza, tristura, hira edo haserrea, nazka, harridura eta beldurra. Aditu batzuen iritziz, sei emozio horiez gain bada zazpigarren bat ere: jakin-mina, interesa”, dio Natalia Alonso ikertzaileak.

Bestalde, “kulturen arteko konparazioa ere ari gara egiten”, azaldu du Alonsok. “Unibertsalak dira emozioak, eta berezkoak aipatu ditugun trebeziak; baina kultura guztiek ez dituzte berdin sentitzen emozioak. Hemen, adibidez, beste kultura batzuetan baino hobeto onartzen da haserrea adieraztea. Eta emozio bat kudeatzeko, onartu egin behar da lehenbizi; funtsezkoa da hori. Horregatik, hain zuzen ere, jakin nahi dugu bizitzako etapa horretan (hiru eta sei urte bitartean) berdin garatzen diren kultura guztietan trebetasun emozionalak”.

Bi neurketa-tresna hauek erabili dira: emozioen pertzepzioa, adierazpena eta ulermena ebaluatzeko, Emotion Matching Task, EMT, eta haien erregulaziorako, Txotxongiloen Prozedura deritzona. Ikerketak izan ditzakeen aplikazio praktikoei dagokienez, hauek aipatu ditu Alonsok: “Honetarako izan daitezke lagungarri azterlanaren emaitzak: haurren trebetasunak sustatzeko, beren eta besteen emozioak hobeto hauteman eta uler ditzaten, batetik, eta haiek erregulatzeko tresna edo estrategia berri batzuk eskura ditzaten, bestetik; azken batean, haurren ongizatea eta harremanak (besteekikoak eta beren buruarekikoak) hobetzeko”.

Azkenik, beste hau ere adierazi du ikertzaileak: “Haurren lehen urteetako trebetasun emozionalek eta haien geroko portaerak elkarrekin lotuta dauden jakiteko, hots, etorkizuneko portaeren ‘iragarle’ diren argitzeko, trebetasun emozionalen eta portaeraren arteko lotura da giltzarria. Lotura hori frogatuz gero, berme bikaina litzateke haurren adimen-mota hori txiki-txikitatik sustatzeko, gerora izango duen garrantzia ikusirik”.

Ikertzaileari buruz:

Pedagogian eta Psikopedagogian lizentziatua da Natalia Alonso, eta Ikerketa Psikologikoan masterduna. Egun, adimen emozionalaren alorreko ikertzaile eta hezitzaile bezala dihardu. UPV/EHUko Psikologia Sozialaren eta Portaeraren Zientzien Metodologia Saileko irakasle titular eta Psikologia Fakultateko dekano den Ana I. Vergara Iraetaren eta Málagako Unibertsitateko katedradun den Pablo Fernández-Berrocalen zuzendaritzapean egin du “Inteligencia emocional en niños y niñas entre 3 y 6 años, evaluación y relaciones con la inteligencia emocional de sus madres” tesia.

Madrilen egin zuen lana idazteko datuen bilketa; tesiaren planifikazioa, diseinua eta datuen tratamendua, berriz, Donostian, Delawareko Unibertsitateko Human Emotions Laboratoryko Carrol E. Izarden laguntzarekin gauzatu zuen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Alonso-Alberca, N., Vergara, A., Fernández-Berrocal, P., Johnson, S. &Izard, C. (2012): The Adaptation and Validation of the Emotion Matching Task for Preschool Children in Spain, International Journalof Behavioral Development, 36(6), 489-594-. Journal IF: 1.591.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Adimen emozionala, haurren trebetasun sozialekin eta egokitzeko gaitasunarekin lotu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>