Esaten dute hidrogenoa izango dela etorkizuneko erregaia, eta, horregatik, hidrogenoa lortzeko mota guztietako prozesuak aztertzen ari dira mundu osoan. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Katalitikoak eta Hondakinen Balioztatzea (CPMW) ikerketa-taldeko Itsaso Barbarias ikertzailea plastiko-hondakinetatik hidrogenoa lortzeko prozesu bat ikertzen aritu da bere doktore-tesia. Lanaren emaitzak oso onak izan dira, ikusi baitute hidrogeno-kantitate handiak lortzen direla plastikotik, bi etapako prozesu batean.
Plastikoak abiapuntu dituzten ikerketa gutxi egin dira orain arte. Arlo honetan UPV/EHUko Itsaso Barbarias ikertzaileak egindako lanak, zabortegietan edo errausketa-instalazioetan amaitzen duten hondakin-plastikoak birziklatzeko modu bat bideratzen du, eta horretaz gain, etorkizuneko erregai izan daitekeen hidrogenoa lortu dute ere, eta kantitate handietan gainera. Ikertzaileak azaldu duenez, “hondakin-plastikoak hidrogenoa ekoizteko iturri izan daitezke, haien pirolisitik sortzen diren gasak lurrun bidezko reforming katalitikoz tratatuz gero”.
Ikerketan, plastikoetatik hidrogenoa lortzeko bi etapa erabili dira. Lehenengo etapan, plastikoen pirolisia egiten da (oxigenorik gabeko plastikoen degradazio termikoa) iturri-ohantze konikoko erreaktore batean eta handik lortzen diren gasak bigarren etapara pasatzen dira jarraian. Bigarren etapan, lurrun bidezko reforming katalitikoa gertatzen da, alegia, lehenengo etapako gasak lurrunarekin erreakzionarazten dira, katalizatzaile baten laguntzaz, eta, hala, hidrogenoa lortzen da.
Prozesuan operazio-baldintza desberdinak erabiliz egin dira probak, hidrogeno-ekoizpenean zer eragin duten aztertzeko. Bestalde, katalizatzailea denborarekin desaktibatu egiten denez, desaktibazio horren kausak ere aztertu dituzte. Eta, gainera, hiri-hondakin solidoetan aurkitzen diren zenbait plastiko-mota aztertu dituzte tesian, hidrogenoa ekoizteko izan dezaketen potentziala zehazteko.
Prozesua eskala industrialera eramateari dagokionez, ikertzaileak dio erronka horixe dela: “Eskala industrialean, dirua sartzen da tartean. Ekonomikoki, oraindik, prozesua ez da bideragarria; izan ere, oso tenperatura altuan egiten dugu lan prozesu honetan, eta bi erreaktore behar dira. Beraz, aurrera begira, askoz gehiago ikertu behar da”, adierazi du ikertzaileak. Ikertzailea kezkatuta dago gaur egungo hondakin-plastikoen birziklapenaren gaiarekin, sortzen diren hondakin gehienak erraustuta edo zabortegietan amaitzen baitute. “Hondakin horiek birziklatzea posible da, nik ikusi dudanaren arabera”, baieztatu du.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hidrogenoa lortu dute plastiko-hondakinetatik.