Nanomaterialen ebaluazio toxikologikoa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

“Nanoekotoxikotasun saiakuntzak estandarizatzeko ingurumenaren aldetik adierazgarriak diren metodoak hautatzea” ikerlana burutu du Cristina Cerrillo kimikariak. Ikerketa honen bidez, industrian eta ur ekosistemetan gero eta ugariagoak diren nanomaterialen ebaluazio toxikologikorako saiakuntza metodoak ezartzen ditu.

nanomaterials
Irudia: Nanomateriala oso material txikia da, 1 eta 100 nanometro artekoa eta honen portaera, segurtasunari dagokionez, ezin da osagai kimiko bera duen tamaina handiagoko materialaren portaeratik estrapolatu.

“Ebaluazio toxikologikorako saiakuntza metodoak nanomaterialak (material oso txikiak, 1 eta 100 nanometro artekoak (1 nm = 1.10-9 m) elika-kateetan sartzeko eta transferitzeko bide garrantzitsuenetako bat dira, baina horien segurtasuna ebaluatzeko protokolo estandarizaturik ez dagoenez, ziurgabetasunak sortu dira, eta emaitza kontraesankorrak haien toxikotasunari buruz”, azaldu du Cerrillok. Kontuan izanik “nanoteknologia zelako iraultza teknologikoa den” industriarentzat, eta aldi berean baliabide naturalak eta biodibertsitatea “funtsezko ondasunak direla bizitzak planetan irauteko”, tesiak gero eta garrantzi handiagoa duen gai bati egiten dio aurre.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Gotzone Barandika irakasleak eta IK4-Teknikerreko Amaya Igartua ikertzaileak zuzendu duten tesi hau, Europako NANoREG proiektuaren barruan (Europar Batasuneko ikerketa eta garapen teknologikoko programa batean) garatu da, non IK4-Tekniker partaide den. “Nazioarteko mailan zenbait ekimen daude nanomaterialen ebaluazio toxikologikoa arautzeko edo horri buruzko legeak egiteko; eta proiektu honen helburua izan da legegileei erantzunak ematea nanomaterialen ingurumen eta segurtasun eta osasun alderdiei buruz, arautze premiak datuen eta saiakuntza metodoen ebaluazio zientifiko batekin lotuta”, azaldu du Cristina Cerrillo ikertzaileak.

Tesia prestatzean hiru Q1 artikulu sortu dira, hau da, aldizkari zientifiko garrantzitsuenetan —Science of The Total Environment eta Environmental Toxicology and Chemistry— bere tesiaren emaitzekin eta ondorioekin lotutako ikerketak argitaratzea lortu du. Cristina Cerrillok Zabalduz programaren barruan egin du bere ikerlana.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Probak nanomaterialen ebaluazio toxikologikoa egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.