Ur botilaratuaren kontsumoa gero eta zabalduago dago planeta osoan, baina gutxitan hautematen diren inpaktuak sortzen ditu. Izan ere, baliabideak xahutzen dira merkaturatzen den plastikozko ontzien produkzioan, garraioan eta, batez ere, amaieran: hondakindegietan eta itsasoan amaitzen dute. Gainera, ontziratutako urak ez du zertan iturriko ura baino osasungarriagoa izan, haren kostua mila handiz handiagoa den arren. Ikertalde batek UPV/EHUn ur botilaratuaren kontsumoari buruzko azterketa egin du.
Pertsona askorentzat bizimodu osasuntsuaren ikurretako bat bihurtu da ur botilaratua, ohitura ez iraunkorren ikonoa da leku askotan, eta horien artean mundu osoko unibertsitateetan. Hori dela eta, Joserra Díezek, Arantza Ricok eta Iñaki Antiguedadek abian jarri zuten proiektuaren helburua zen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean ur botilaratuaren kontsumoari eta iturriko uraren eskuragarritasunari buruzko ikuspegi argia lortzea.
Ikerketa horrek hiru etapa izan du. Lehen etapan, onlineko inkesta egin zen unibertsitateko kideen ohiturak ezagutzeko eta sortzen den inpaktuari buruzko haien ikuskera ezagutzeko. Bigarren etapan, unibertsitate barruan (jatetxeetan, kafetegietan, vending bidez…) ur botilaratuaren salerosketa bolumenari buruzko gutxi gorabeherako kalkulua egin zen. Eta hirugarrenean, ikastegi bakoitzean iturriko uraren eskuragarritasuna aztertu zen.
Ikertzaileek azaldu dutenez, “Euskal Autonomia Erkidegoan uraren kalitatea bikaina denez gero, diagnostikoa egin ondoren, azterketa honen azken helburua da unibertsitateko agintaritzari etorkizun iraunkorragoa lortzeko lan plangintza eskaintzea eta plangintza hori benetan betetzeko ibilbide orria aurkeztea, betiere ur botilaratuaren kontsumoa murriztuko duten eta/edo desagerraraziko duten neurri aktiboen bitartez”.
Espainiako estatuan 5.647 milioi litro ur botilaratu kontsumitzen da (ANEABE, 2008) eta UPV/EHUko unibertsitateko kideak ez dira kontsumo horretaz kanpo geratzen, unibertsitatearen edozein instalazioetan egiazta daitekeen bezalaxe. Azken urteotan, mundu osoan, aurreko hamarkadetan erregistratu zen hazkunde ikaragarriaren aurkako joera hauteman da. Ur Botilaratuen Nazioarteko Agentziak atzeraldi ekonomikoarekin lotzen du ur botilaratuaren kontsumoaren beherakada, eta ez hainbeste presio taldeek eta erakunde kontzientziatuek iturriko uraren kontsumoaren alde egindako lanarekin. Gipuzkoako Campuseko Fakultate gutxi batzuetan eta UPV/EHUren beraren ostalaritza establezimendu batzuetan hasi berri dira iturriko uraren kontsumoa bultzatzeko eta ur botilaratuaren kontsumoa saihesteko neurriak hartzen. Izatez, gero eta gehiago dira mundu osoko leku askotan iturriko uraren kontsumoa aldarrikatzen duten ahotsak, eraginkorragoa baita energiaren ikuspuntutik (produkzioa, garraioa, banaketa…) eta iraunkorragoa ikuspegi askotatik.
Proiektu hori lehen urratsa da ur kontsumoaren diagnostikoa egiteko eta unibertsitate honetako kideon arrasto ekologikoa kalkulatzeko –unibertsitate honetan egunero 55.000 pertsona biltzen dira–. Horrez gain, “azterketa honen azken helburua lortzeko lan plangintza proposatzen da. Lan plangintza proposatzen da gure unibertsitateko campusetan ur botilaratuaren kontsumoa errotik kentzeko edo, gutxienez, pixkanaka murrizteko, baita baliabideak xahutzen dituzten jarreren eta ohituren aurrean unibertsitateko kideak kontzientziatzeko ere, gure unibertsitateak erantzukizun sozial korporatiboa duen aldetik”.
UPV/EHUko campusetan ur botilaratua gero eta gutxiago kontsumitzeko plangintza
Azterketaren ondoren, egin daitezkeen zenbait urrats proposatzen dira:
- Fakultate bakoitzeko edo ikastegi bakoitzeko komun bakoitzean berrerabil daitezkeen botilak betetzeko behar besteko altuera izango duen iturri bat, gutxienez, instalatzea.
- Campusetako zona komunetan eta fakultateetako korridoreetan iturriak instalatzea.
- Unibertsitateko kide bakoitzari material birziklatuz egindako ontzi bat ematea, behin eta berriro bete eta egunero erabil ahal izan dezan.
- Kafetegi eta jatetxe guztiek iturriko ura ateratzea kristalezko pitxar korporatiboetan, Gipuzkoako Campusean egiten den bezalaxe.
- Ur hotzeko banagailuak ezabatzea. Ur ontzi horiek segur aski birziklatuak diren arren, ura urrutiko lekuetatik garraiatu beharra, ura hozteko energia elektrikoaren gastua eta erabilera bakarreko plastikozko edalontzien erabilera kontuan izanik, ur hotzeko banagailu horiek dira ezabatu beharreko lehen helburua.
- Ur botilaratua soilik eskaintzen duten vending makinak ezabatzea.
“UPV/EHUko campusetan ur botilaratua gero eta gutxiago kontsumitzeko Lan Plangintza honekin batera, unibertsitate kide guztiei –zuzendaritza taldeei, AZPko langileei, IRIei eta ikasleei– zuzendutako informazio eta kontzientziazio kanpaina egin beharko da. Beste unibertsitate batzuetan eta ikastetxe batzuetan egin den bezalaxe, egokia litzateke logoa eta leloa sortzea eta unibertsitateko kideei zuzendutako informazioa prestatzea, unibertsitate barrutian ur botilaratua merkaturatzeko debekuaren edo murrizketaren arrazoiak azaltzearren eta horren bidez lortu nahi diren helburuak argitzearren. Era berean, instalatutako iturri publikoak eta banatutako ontziak berehala erabil daitezen lortu behar da” ondorioztatzen du txostenak.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ura, iturrikoa askoz hobeto.