Mundua itsutu du argiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Argi kutsaduraren munduko atlasa sortu dute Italiako eta AEBtako zenbait ikertzailek. Ondorioztatu dutenez, gizateriaren heren batek eta europarren %60ak ezin dugu Esne Bidea antzeman, gure hirietako argi artifizialak zeruari itzal egiten diolako. Munduan, oro har, Singapurren dute argi kutsadura handiena, eta Txaden, txikiena.

Gauez, gure hiriak distiratsuegiak dira. Farolek eta eraikin handietako fatxadek hainbeste egiten dute dir-dir, ezen ez baitugu ezer ikusten horietatik harago. Bonbillek itzal egin diote argi naturalari, zerua hornitzen duten izarrei. Edonork egiteko moduko hausnarketa da hori, begi bistakoa. Baina orain, gainera, kuantifikatu ere egin dezakegu inpaktua. Izan ere, argi kutsaduraren munduko atlas berria osatu du Italiako eta AEBtako ikerketa talde batek.

Lan honetan ondorioztatu dutenez, mundu osoko herritarren %83a eta europarren %99a argi kutsadura duten tokietan bizi da. Areago, gizateriaren heren batek eta europarren %60ak ezin dugu Esne Bidea ikusi gure zerupetik, argi artifizialak galarazita. Hirigunerik kutsatuenetan dauden astronomiazaleek mila kilometro aldendu behar dute haien bizilekutik, izarrak ikusi nahi badituzte. Italiako Argi Kutsaduraren Zientzia eta Teknologia Institutuak, AEBtako Coloradoko Unibertsitateak eta beste zenbait erakundek elkarlanean egin dute atlasa. Science Advances aldizkarian eman dute xehetasunen berri.

1. irudia: Munduaren argi-ilunak erakusten ditu mapa honek. (Argazkia: Falchi et al. / Science Advances)
1. irudia: Munduaren argi-ilunak erakusten ditu mapa honek. (Argazkia: Falchi et al. / Science Advances)

Duela hamarkada pasatxo ere egin zuten argi kutsaduraren atlas bat, baina berri hau zehatzagoa da, eta jakina, eguneratuta dago. Suomi-NPP sateliteak emandako informaziotik abiatuta, bereizmen handiko datuak eta zeruaren distirari erreparatzen dioten neurgailu zehatzak baliatu dituzte punta-puntako mapa global berria osatzeko.

Bada, zeintzuk dira argi kutsadura handiena eta txikiena duten estatuak? Kutsatuenen zerrendan, Singapur nagusitzen da. Izan ere, bertako herritarren %100a bizi da metro karratuko hiru mila mikrokandela baino gehiagoko argi intentsitatearen eraginpean; gaueko argi naturalak 1,74 mikrokandela eskas ditu, beraz, aldea nabarmena da. Arabiar penintsula ia osoan, Hego Korean, Israelen, Argentinan eta Libian ere, populazioaren erdia baino gehiago bizi da halako argi intentsitatea duen zerupean.

Beste muturrean daude, aldiz, Afrika beltzeko hainbat eta hainbat estatu, bai eta Ozeaniako zenbait irla ere; horietan, gutxienez hamar herritarretik seik garbi ikusten dute zerua gauez, batere argi artifizialik gabe. Horien artean, Txadek du argi kutsadura txikiena: bertan, ez dago metro karratuko hiru mila mikrokandela baino gehiago dituen zonalderik, biztanleriaren %10a baino gutxiago bizi da 688 mikrokandelatik gorako zerupean, eta ia hamarretik zortzik ez du apenas argi artifizialik inguruan.

2. irudia: Europan, nabarmena da hirigune handien eta argi kutsaduraren arteko harreman estua. (Argazkia: Falchi et al. / Science Advances)
2. irudia: Europan, nabarmena da hirigune handien eta argi kutsaduraren arteko harreman estua. (Argazkia: Falchi et al. / Science Advances)

Europari dagokionez, argi kutsadura erabatekoa da: Eskozia, Suedia eta Norvegiako txokorik urrunenetan baino ezin da topatu zeru benetan garbia. Hain zuzen, Grezian, Maltan, Espainian eta Islandian, herritarren %40 inguru bizi da metro karratuko hiru mila mikrokandela baino gehiagoz inguratuta.

Euskal Herrian ere, atlas honen arabera, argi kutsadura ez da nolanahikoa; batez ere Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin. Gasteiz eta Iruñean ere, argi artifizialaren presentzia nabarmena da, beste hiriburukoen parekoa, baina izarrak egoki ikusteko paraje zabalagoak daude Araban eta Nafarroa Garaian, aipaturiko beste herrialdeetan baino. Hala ere, gurean zeru garbia bilatzekotan, Pirinio aldera jotzea da onena; inguruotan, Ipar zein Hego Euskal Herrian, argi artifiziala 28 mikrokandelatik behera ere egon daiteke, kasurik onenetan.

Erreferentzia bibliografikoa:
Fabio Falchi et al. The new world atlas of artificial night sky brightness. Science Advances. 10 Jun 2016: Vol. 2, no. 6, e1600377. DOI:10.1126/sciadv.1600377


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.