Asteon zientzia begi-bistan #115

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

zientzia begi-bistan 115

Astronomia

Aurreko astean aurreratu genuenez, Juno zunda Jupiterrera iritsi da. Planetari buruzko datuen zain daude astronomoak. Planetak eremu magnetiko indartsu bat du, Lurrarena baino hamalau aldiz indartsuagoa, eta ez dakite hori nola sortzen den. Zundak hori argituko du, besteak beste. Horretaz gain, ipar aurora ‘ikusgarriak’ eragiten ditu eta horiei buruzko informazio gehiago jasotzea nahi dute. Zientzialariek badakite Jupiterren ura badagoela baina horri buruzko argibide gehiago lortzeko asmoz daude. Miren Milleteren, Donostiako Eureka zientzia museoko planetarioko arduradunaren hitzak bildu dituzte artikulu honetan.

Geografia

Amerikako hegoaldeko muturrean, Hoste uharteko fiordo, kanal eta mendien labirinto trinkoan Cloue izotz-eremua dago. Ez dute asko esploratu zonalde hori. Kasu honetan, Azpeitiko Udalak lagunduta, Incognita Patagonia espedizioa joan egin da udaberrian bertako glaziarren egoera hurbiletik aztertzera. Azken hamarkadetan izotzak atzera egin duela behatu dute; behin-behineko datuek erakutsi dute Cloue eremuaren azalera %20 murriztu dela 1945etik, eta murrizketa hori nabariagoa izan dela azken hiru hamarkadetan. Proiektuak aurrera jarraitzen du.

Biologia eta animaliak

Aurreko atalean ikusi genuen hartzek ez zutela hibernatzen, benetako hibernazioa gauzatzeko gantz nabarra duten ugaztun txikietan gertatzen delako bakarrik. Orduan, zer egiten dute neguko hilabeteetan habietan gordeta daudenean? Hartzen neguko lozorroa energia aurrezteko modu bat da. Letargo horretan daudenean, hauen arnasketa-tasa eta bihotz-taupadaren maiztasuna asko beheratzen dira: bihotzaren uzkurtze-tasa, ohiko minutuko 40-50 taupadatik minutuko 8-10era jaisten da lozorroan. Energia aurrezteko estrategiak kontuan hartuz, badaude desberdintasunak eta animalien tamainarekin zerikusia dute: batetik, hibernatzaile txikiek aldizkako esnatzeak erakusten dituzte hibernazioan zehar, eta dirudienez derrigorrezkoak diren esnatze horietan, metaturiko hondakinak kanporatzen dituzte. Hartzak, ordea, ez dira sekula habiatik ateratzen lozorroak irauten duen artean (3- 6 hilabete); eta bitartean ez dute ezer jaten, eta ez dute ez gernurik ez gorotzik ekoizten. Badaude ezberdintasun garrantzitsu gehiago.

Buztana oso atal garrantzitsua izan da itsasotik lurrera igaro ziren lehenengo espezieentzat. Batez ere, arrainek igeri egin zezaten eta lehorrean hondarretan eta lokatzetan ez hondoratzeko erabiltzen zuten. Hala ondorioztatu dute AEBtako ikertzaile batzuek arrain urlehortarrak nola mugitzen diren aztertuta. Periophtalmus generoko arrain urlehortarrak izan ditu iturri. Arrain mota hori eremu tropikaletan bizi da. Hiru egun luze igaro ditzake itsasoratu gabe, eta azalaren bitartez hartzen du arnasa. Itsasotik lurrerako aurreneko urratsa egin zuten animaliak lohi-arrainen analogotzat jotzen dira. Horregatik, ikertzaileok azken horiei begira jarri dira, duela ehunka milioika urte trantsizioa nola gertatu zen ulertzeko aztarna bila.

Kimika

Penizilinaren eraginkortasunaren erantzuna eman digu Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Bizidunentzat proteinak (aminoazidoz osatuta daude) oso garrantzitsuak dira. Bakterioek, ugaltzen eta hazten diren heinean, zelula-paretak egin behar dituzte aminoazidoak erabiliz. Bakterioen zelula-paretean, alanina aminoazidoa da funtsezkoa. Bada, penizilinak imitazio lana egiten du alaninaren antzeko egitura duelako. Hortaz, penizilina badago, bakterioak hori erabiltzen du zelula-pareta eraikitzeko. Pareta eraikitzen duten entzimak blokeatu egiten dira penizilina erabiliz gero. Ondorioz, zelula-paretak ez dira ondo osatzen eta, azkenean, bakterioa lehertu egiten da. Penizilinaren eraginkortasuna ez dago beti bermatuta. Baliteke bakterioek penizilina apurtzeko entzimak garatzea eta erresistente bihurtzea. Zientzialariek erresistentzia horri aurre egiteko, penizilinari aldaketak egiten dizkiote antibiotiko berriak sortzeko. Bakterioaren entzimak ez du penizilina berria ezagutzen eta antibiotikoa eraginkorra izango da berriro ere.

Alexander Fleming zientzialariaren omenez pasealeku bat dago Tolosan. Medikuntzako Nobel Sariak gizarteari egindako ekarpena (penizilinaren aurkikuntza) omentzen du eskulturak eta Josu Lopez-Gazpiok bere historia berreskuratu nahi izan du testu honen bitartez. Nola iritsi zen Fleming aurkikuntza hori egitera? 1928ko abuztuan bi asteko atsedenaldia hartu zuenean gertatu zen. Bakterio kultibo batzuk estali gabe utzi zituen mahai gainean eta laborategiko leihoak irekita utzi zituen. Oporretatik itzultzean, Staphylococcus aureus bakterioa zuen kultiboari erreparatu zion. Kultiboan lizun berde bat hazi zen eta, lizun horren inguruan, ikergai ziren bakterioak hilda zeuden. Geroago jakin zuenez, lizun berdea Penicillium notatum onddoa zen. Beheko solairuko laborategian onddo hori ikertzen ari ziren eta haizeak Flemingen laborategiko leihotik bere kultiboetaraino garraiatu zuen. Onddoa hazi zuen eta estraktu bat isolatzea lortu zuen: penizilina izena jarri zion. Horrek bakterioak suntsitzeko gaitasun izugarria zuela ikusi zuen.

Farmakologia

Oligokitosano bat DNA-zatiak zelulen barrura garraiatzeko egokia dela erakutsi du UPV/EHUren Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Mireia Agirre Diazek. Krustazeoen exoeskeletotik eratorritako polimero natural bat da eta pisu molekular txikikoa da. Agirrek frogatu du doktorego-tesian garraiatu beharreko DNA ondo babesten duela oligokitosanoak, eta behar bezala sartzen duela zelularen barrenean, gero terapian behar den proteina sortu dezan. Bi aplikazio berritarako baliagarria dela frogatu du: batetik, tumore-zeluletan eragiteko eta bestetik, nerbio-sistema zentraleko gaixotasunak tratatzeko. Hurrengo pausoa, animalietan probatzea da.

Emakumeak zientzian

Joan Clarke kriptoanalistari egin diogu tartea Emakumeak Zientzian atalean. Matematikari bikain honek ‘Enigma’ makinak sortzen zituen mezu zifratuak “apurtzea” lortu zuen. Naziek komunikatzeko zerabilten mezu horiek deskodetu zituen Bigarren Mundu Gerran. Ingalaterrako Bletchley Parken lanean hasi zen 1939an, Matematikako titulazio bikoitza lortu ostean. Bertan, Alan Turing matematikariarekin egin zuen lan Hut 8-an. Emakumea izanagatik, hizkuntzalari kargua zuela idatzi behar izan zuen formularioetan. Halere, bera zuzendariordea zen. Kodeen sekretua antzematea lortu zuenean honakoa esan zuen: “Batzuetan inork espero ez duenak, espero ez diren kontuak egin eta gauza ditzake”.

Ingurumena

Garraio-azpiegiturek hegaztietan eta ugaztunetan eragiten dituzten kalteak neurtzeko metodologia bat garatu dute Espainiako Natura Zientzien Museoko ikertzaileek. Ikusi dute azpiegitura horiek gabe, hegaztien eta ugaztunen populazioak % 20 eta % 50 handiagoak izango liratekeela, hurrenez hurren, oraingokoekin alderatuta. Ana Galarragak azaltzen digu azpiegituren eragin-eremua neurtzeko, fauna zenbatu dutela azpiegituretatik gertu, eta errepiderik eta trenbiderik gabeko lekuetan. Espainia hartu dute oinarri, eta ikusi dute azpiegituren eragina leku ez urbanizatuetan hegaztien eremuaren % 55ra hedatzen dela. Espezie kaltetuenak basoiloa eta eguzki-arranoa dira. Ugaztunen kasuan eragina handiagoa da: haien lurraldearen %98ra iristen da, eta ondorio kaltegarrienak katamotzek eta hartzek jasaten dituzte.

Genetika eta teknologia

Minbiziarekin lotutako mutazioen efektua aurreikusteko software bioinformatikoa sortu du UPV/EHUko talde batek. Softwarea minutu bakarrean 40.000 proteina aztertzeko gai da. Minbizia bezalako gaixotasunak eragin ditzaketen proteina mutazioak aztertzeko aukera ematen du horrek. Asier Fullaondo eta José Antonio Rodriguez genetistek eta Gorka Prieto telekomunikazioetako ingeniariak sortu dute WREGEX 2.0 aplikazioa. Tresnak hiru informazio mota konbinatzen ditu: proteinen sekuentziak, motibo funtzionalak eta minbiziaren mutazioak.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude