Giza enbrioiaren hastapenak, egunez egun

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Amsterdamgo Unibertsitateko ikertzaile batzuek Giza Enbriologiaren 3D Atlasa osatu dute. Enbrioiak hilabete erdi duenetik bi hilabete dituen arteko bilakaera ikus daiteke bertan, urratsez urrats eta xehetasun handiz. Izan ere, 150 organo eta egitura identifikatu eta irudikatzea lortu dute, babarrun eskas baten tamaina duen arren.

Nolakoak dira giza enbrioiaren aurreneko urratsak? Noiz eta nola hazten da organo bakoitza, eta zer ordenatan? Gure espeziearen ale bakoitza gauzatzeko erabakigarriak dira lehen aste horiek, baina horren inguruan dugun ezagutza herrena izan da orain arte. Gai honi dagokionez, testu-liburuek diotena ia ez da aldatu azken mendean, eta gainera, giza enbrioiak fisikoki aztertzeko aukera txikia dela eta, kasu askotan beste animalia batzuenak (saguak, txitak) hartu ditugu erreferentziatzat, estrapolagarriak direlakoan.

Alor honetan, aurrera pauso handia eman dute Amsterdamgo Medikuntza Zentro Akademikoan egiten ari diren proiektuari esker. Giza enbrioiaren hiru dimentsiodun atlasa garatzeko lanean dihardute azken urteotan, eta orain arte egindako lanaren berri eman dute Science aldizkarian. Enbrioiak hilabete erdi duenetik bi hilabete dituen arteko bilakaera zehatza definitu eta erakutsi dute atlas honetan. Gutxi gorabehera, 150 organo eta egitura identifikatu, sailkatu eta irudikatzea lortu dute, aurreneko fase horietan enbrioiak babarrun eskas baten tamaina duen arren.

giza enbrioiaren hastapenak
Irudia: Ezkerretik eskuinera, enbrioiaren eskeleto sistema, sistema kardiobaskularra, eta azala ez beste organo guztiak. (Argazkia: Bernadette S. de Bakker et al.)

Giza Enbriologiaren 3D Atlasaren proiektua 2009tik dago martxan, eta orain arte 75 ikasle igaro dira bertatik eta egin dute ekarpena; Amsterdamgo Unibertsitateko Anatomia, Enbriologia eta Fisiologia saileko profesionalen gidaritzapean.

AEBtako Carnegie erakundeko giza enbrioien bilduma hartu dute oinarri atlasa osatzeko. Zehazki, 34 giza enbrioiren sekzio bakoitzeko organo eta egiturak marraztu dituzte, hilabete erditik bi hilabetetarako fase guztiak banan-banan kontuan hartuta. Hala, 15.000 sekzioren argazki digitalak bildu dituzte guztira. Horietan oinarrituta, irudi interaktiboak sortu dituzte gero, informazio hori guztia errazago bistaratzeko. 3D irudien dokumentu sorta honi esker, erabiltzaileak urratsez urrats beha diezaioke giza enbrioiaren bilakaera morfologikoari, organo bakoitza nola hazten den eta bere tokia nola hartzen duen ia egunez egun ikusteraino.


Atlasaren berri ematen duen bideoa.

Atlas honetan ageri diren enbrioien tamaina milimetro baten hamarrena eta 30 milimetro artekoa da. Hain dira txikiak, ezen ekografia batetik ezin baita informazio askorik erauzi. Horregatik, proiektu honetako hiru dimentsiodun irudiek ematen dituzten xehetasunak harrigarriak dira. Giza organoen garapenaren inguruan zeuden zenbait anbiguotasun argitzeko baliagarria izan da. Esaterako, desberdintasunak antzeman dituzte, saguen eta txiten enbrioiekin alderatuta: giza enbrioiek organo batzuk animaliok baino lehenago garatzen dituzte, eta beste batzuk, geroago.

Atlasa erabilerraza da, eta guztiontzat dago eskuragarri. Amsterdamgo Medikuntza Zentroko zientzialariek adierazi dutenez, hezkuntzaren alorrerako baliagarria izan daiteke. Bai eta sendagile eta ikertzaileentzat ere, aldaera anatomikoak eta sortzetiko anormaltasunak nola gertatzen diren hobeto ikusteko, eta hala pazienteei behar bezala azaltzeko. Esperoan dauden pertsonentzat ere baliabide interesgarria izan daiteke, gizaki bihurtzeko bidean den enbrioia nola garatzen den ikas dezaten.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bernadette S. de Bakker et al. An interactive three-dimensional digital atlas and quantitative database of human development. Science, 25 Nov 2016: Vol. 354, Issue 6315. DOI:10.1126/science.aag0053


Egileaz:

Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.