Itsas Energia gradu baten baitan lehenbizikoz irakasten ari gara EHUn. Beronen irakasleek, Gabriel Ibarrak eta Alain Ulaziak, hezkuntza aitzindaritza honek dakarren erronkari nola erantzun zaion azaldu nahi dugu. Halaz, ikas denboraren hiru laurden suposatu duen R analisi estatistikorako eta grafikorako programazio hizkuntza itsas baliabidearen analisi espazio-tenporalerako nola aplikatu den dibulgatzea interesgarria izan daiteke bai ikuspegi teknikotik eta baita ikuspegi didaktikotik ere.
R estatistikarako erabili ohi den eta komunitate zientifikoan berebiziko erabilgarritasuna lortzen ari den programazioa hizkuntza libre bat da. Objektuetan oinarritutako hizkuntza sinple eta intuitiboa da izan: aldagaiak, funtzioak, grafikoak, datuak, etab., memorian gordetzen dira izen zehatz batekin. Halatan, munduan barreiaturiko hamaika arlotako zientzialarik egindako zientoka pakete eskuragarri daude edozein unetan jaitsi eta aktibatuta arlo horri dagozkion kalkulu, grafiko eta irudikatze ohikoenak segituan egin ahal izateko. Hauei buruzko informazio zehatza programaren R-CRAN gordailuan topatu daiteke.
Pakete hauen artean lurreko nahiz itsasoko datuen manipulazio espazio-tenporalari dagokienekin aritu gara, esaterako, datu geografikoak inportatzeko, esportatzeko eta manipulatzeko metodoak eskaintzen dituen sp paketeaz; edo maps eta mapdata paketeak, kosta lerroak, ibaiak eta muga politikoak erresoluzio baxuan eskaintzen dituena; edo batimetriak (itsaspeko topografia) aztertzeko eta itsaspeko isolerroak nahiz transektoak marrazteko marmap paketea; edo ismev eta evir paketeak urteko olatu altuenak bezalako muturreko gertaerei Gumbelen ereduaren baitako banaketa estatistikoa doitzeko eta halako bi gertaeren arteko itzulera denbora kalkulatzeko; edota RNetCDF paketea (Network Common Data Form) klimatologian, ozeanografian eta meteorologian aspalditik ohikoa den eta ‘array-oriented’ egituratua dagoen .nc formatua irakurri eta tratatzeko.
3 edo 4 orduko iraupena duten 10 ariketa prestatu ditugu hauekin AEBen NOAAko (National Oceanic and Atmospheric Administration) ETOPO5 bezalako proiektuek eskainitako datuekin modu eraikitzaile batez kurtsoan aurreratu, eta R hizkuntza ikasi ahala, orduan eta datu tratamendu eta irudikatze geografiko konplikatuagoak gauzatu dira. Hemen TOPEX/Poseidon satelitearen datuak aurki daitezke, 1992an NASAk eta Frantziako Agentzia Espazialak gainazal ozeanikoa aztertzeko aireratutako misioarenak. Satelitearen radar altimetroa aitzindaria izan zen, eta itsas maila inoiz ez bezalako zehaztasunez neurtzeaz gain itsas korronte globalen mapak ere lehenengoz egiten ari dira.
Eredu ezberdinekin egiten den ECMWF erreanalisia ere erabili dugu iturri gisa, munduko mapa globalean haizearen eta olatuen datuak barreiatzeko gridpoint edo sare-begiak 40 km-ka ezartzen dituen eredua. Halako puntu bakoitzean aldagai atmosferikoen balioak ematen ditu eredu honek denboran zehar. Hainbat neurketa aparatu erabiltzen dira lehenbizi atmosferako, lurrazaleko eta itsas-azaleko datuak eskuratzeko: radio-zundak, scatterometroa, itsas buiak, globoak, sateliteak, etab.; ondoren, ECMWF eredu konputazionalak datuok hartu eta sare-begi guztietara eramaten ditu espazialki.
Finean, R kalkulu estatistikorako programazio hizkuntzak datuen tratamendu espazio-tenporalerako baliabide aberatsa eskaintzen duela argi dago, GNU programa libre bat izatean eta hamaika arlotako hamaika zientzialariren ekarpenak etengabe metatzean, ikerketarako ez ezik hezkuntzarako ere tresna oso egokia da eta. Itsas energia ezberdinak eta beste energia berriztagarri batzuk aztertzeko eta euren potentziala ebaluatzeko ere gai gara honekin. Guzti honek problemetan oinarritutako ikasketarako, auto-ikaskuntzarako, eginaz ikasteko edota ikasketa kooperatiborako lan tresna aparta bihurtzen du R.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 28
- Artikuluaren izena: Itsas Energia irakasten R-rekin.
- Laburpena: Itsas Energia gradu baten baitan lehenbizikoz irakasten ari da EHUn. Beronen irakasleek Itsas Energiaren garrantzia nabarmendu nahi dute hemen, eta horretaz gain, azaldu nahi dute nola erantzun zaion hezkuntza aitzindaritza honek dakarren erronkari. Halaz, ikas denboraren hiru laurden suposatu duen R analisi estatistikorako eta grafikorako programazio hizkuntza itsas baliabidearen analisi espazio-tenporalerako nola aplikatu den azalduko da ikasleek garatu dituzten ariketen bidez.
- Egileak: Alain Ulazia, Gabriel Ibarra
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 27-37
- DOI: 10.1387/ekaia.14245
Egileez: Alain Ulazia eta Gabriel Ibarra UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Fluidoen Mekanikako Saileko irakasleak eta ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.