Egunean batez beste zigarro bat baino gutxiago erretzen dutenek ere heriotza goiztiarra izateko arrisku nabarmen handiagoa dute, inoiz erre ez dutenek baino. Birikako minbizia da kausa nagusia. Kontsumitzeari zenbat eta gazteago utzi, intentsitate txikiko erretzaileek orduan eta azkarrago ematen diote buelta egoerari.
Tabakoak hil egiten du. Ez da zigarro kaxatan irakur daitekeen mezu soila, egia borobila baizik. Dagoeneko makina bat ikerketa argitaratu dira, eta zalantza gutxi dago horren inguruan: biriketako eta eztarriko minbiziak eragiten dituela, arnasketa arazoak, gaitz kardiobaskularrak… Hala ere, oraindik badaude uste oker batzuk tabakoari buruz; esaterako, gutxi erreta, kaltea ere txikia izango dela pentsatzea. Bada, uste hori ere hankaz gora jarri berri du ikerketa batek: egunean batez beste zigarroa baino gutxiago erretzen dutenek ere, heriotza goiztiarra izateko arrisku handiagoa (%64) dute, inoiz erre ez dutenek baino.
Minbiziaren Institutu Nazionalak (AEB) egin du ikerketa. Orain arte ez zegoen propio intentsitate txikiko erretzaileei erreparatzen zien gisa honetako lanik, eta horretarako beharra bazegoela antzeman zuen erakunde honek. Izan ere, AEBtako erretzaileen artean, egunean hamar zigarro baino gutxiago kontsumitzen dituzte gero eta gehiagok. Egunero bi kaxa agortzen zituztenei buruz asko esan da, eta joera berri honi behatzea erabaki dute orain. JAMA Internal Medicine aldizkarian eman dute emaitzen berri.
AEBtako 290.000 lagun baino gehiagoren datuak baliatu dituzte lan honetan. NIH-AARP Elikadura eta Osasun Ikerketan parte hartzen duten pertsonekin osatu dute lagina. Orain dela hamar urte, institutuak galdeketak bidali zizkion sei estatu eta bi hiritako 50 eta 71 urte arteko jendeari, norbere elikadura eta bizimoduaren inguruan. Milioi erdi bat lagunek baino gehiagok erantzun zuten galdeketa, eta zenbait ikerketa egin ahal izan dituzte informazio hori guztiari esker; intentsitate txikiko erretzaileei buruzko hau, tartean.
Parte hartzaileek 59 eta 82 urte artean zituzten azterketa hasi zenean. Haien bizitzako bederatzi garaitan izandako erretze ohiturei buruz egin zitzaizkien galderak, 15 urte zituztenetik 70 bete arteko denboran. 290.000 laguneko lagin horretatik, erretzaileen artean, 159k adierazi zuten batez beste egunean zigarro bat baino gutxiago erre izan dutela beti, eta ia 1.500ek esan zuten egunean 1-10 zigarro erretzen dituztela.
Emaitzek erakusten dutenez, egunean zigarro bat baino gutxiago erretzen dutenek %64 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko, inoiz erre ez dutenekin alderatuta. Zigarro bat baino gehiago eta hamar baino gutxiago erretzen dutenek, aldiz, %87 handiagoa.
Heriotza goiztiar horren kausa zehatzei dagokienez, birikako minbizia da hautagai nagusia. Beti egunean zigarro bat baino gutxiago erre dutenek bederatzi aldiz arrisku handiagoa dute gaitz honen ondorioz hiltzeko, zigarrorik probatzen ez dutenekin alderatuta, eta egunean 1-10 zigarroko tartean dabiltzanentzat hamabi aldiz handiagoa da arriskua.
Arnasketa arazoek eta gaixotasun kardiobaskularrek eragindako heriotzei ere erreparatu diete ikertzaileek: egunean 1-10 zigarro errez gero, erretzen ez dutenek halako sei eta halako bat eta erdi da kausa horien erruz hiltzeko aukera, hurrenez hurren. Hori bai, erretzaile zirenean hamar zigarro baino gutxiago kontsumitzen zituzten baina erretzeari utzi diotenen artean, pixkanaka murriztuz doaz arrisku horiek. Zenbat eta gazteago utzi, orduan eta gehiago.
Maki Inoue-Choi ikerketaren egilea nagusiak adierazi bezala, “aurkikuntza hauek erakusten dutenez, zigarro gutxi erretzeak ere kalte nabarmena egiten dio osasunari. Gainera, erretzeari uztea erretzaile guztientzat ona dela ere egiaztatu dugu, kontsumitzen den kantitatea txikia izanda ere“.
Hala ere, ikerketa honek baditu gabezia batzuk. Esaterako, uste baino jende gutxiagok aitortu du batez beste zigarro bat baino gutxiago erretzeko ohitura duela, eta lagina txiki geratu zaie atal horretan. Gainera, egindako galdeketak ez du maiztasunaren auzia nahi bezain zehatz aztertzeko aukerarik ematen: esaterako, gauza bera al da ia egunero zigarroren bat erretzea, ala astegunetan batere probatu ez eta asteburutan soilik kontsumitzea?
Gainera, galdetegian parte hartu duten gehienak jatorri etniko zurikoak eta 60 eta 70 urte artekoak dira, eta horrenbestez, laginak ez du AEBtako populazio anitza behar bezainbeste ordezkatzen. Hori bereziki garrantzitsua da, historiari erreparatuta, gutxiengo etnikoen artean intentsitate txikiko erretzaile gehiago izan baitira, ikertzaileok diotenez. Hori dela eta, lagina beste adin eta talde etniko batzuetara hedatu beharra dagoela azpimarratu dute.
Erreferentzia bibliografikoa
Inoue-Choi M, Liao L, Reyes-Guzman C, Hartge P, Caporaso N, Freedman N. Association of long-term low-intensity smoking with all-cause and cause-specific mortality in the NIH-AARP Diet and Health Study. JAMA Internal Medicine. December 5, 2016. DOI:10.1001/jamainternmed.2016.7511
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.