Asteon zientzia begi-bistan #139

Uxue Razkin

Biologia

Orkak menopausia igarotzen duten animaliak dira. Etxeterko Unibersitateak (Ingalaterra) gidatu duen nazioarteko ikerketa batean animalia horien bizimodua behatu dute eta menopausiak zer zentzu duen ulertzen ahalegindu dira. Sarritan amonaren hipotesia planteatu izan da. Amaia Portugalek azaltzen digu zertan datzan hori: adinean gora egin ahala, ugaltzeak gero eta ahalegin handiagoa dakarkio emeari, gero eta energia gastu nabarmenagoa. Bada, azken helburua geneen biziraupena denez gero, adin batetik aurrera, taldeko amonek beren kide gazteenak zainduz egiten dute horretarako ekarpena; eraginkorragoa omen da haien energia funtzio horietara bideratzea, kumeak izaten jarraitzea baino. Hala ere, hipotesi hori ez da aski. Esaterako, elefante eme helduek antzeko rola betetzen dute haien taldean, baina ez diote kumeak izateari uzten. Horregatik, bigarren hari bati eutsi diote: ugaltze gatazkaren hipotesia. Horren arabera, orka eme zaharrek utzi egiten diote kumeak izateari, haien alaba helduenak ere hasiak direlako kumeak izaten.

Intsektuek ez dute birikarik, trakea-sistema da euren arnas aparatua. Larruazalak sorturiko barruranzko hodien multzoak osatzen du sistema hori; hodi horietako bakoitza da trakea bat. Arnasteko sistema azaldu digute honetan: trakearen ahotik sartzen da airea, trakeatik sortzen diren adarretatik barrura. Adarkatzean, gero eta gehiago eta gero eta meheagoak dira. Azkenean zelula guztietaraino iristen dira azken hodixka txikienak. Azken zatian ura dago, eta ur horretan disolbatzen da sisteman sartu den oxigenoa, zeluletara iragateko. Beste bi puntu garrantzitsu honetan: muskuluen mugimenduek eraginda nolabaiteko aireztapena egon daiteke zenbait espezietan. Bestetik, espirakulu izena duen estalki-egitura baten bidez trakeak ixteko ahalmena dute, eta berebiziko garrantzia du horrek trakea-sistemaren barruan dagoen ura lurrun ez dadin eta, horrela, gehiegizko ura gal ez dadin.

Astronomia

Japoniako astronomo talde batek arku-formako egitura estazionario bat aurkitu du Artizarraren atmosferaren goialdean. Egiturak 10.000 km-ko hedapena du, distiratsua da eta ez da mugitzen Artizarraren atmosferaren behealdeko geruzekiko. Ikertzaileek uste dute behealdean sortutako grabitate-uhin baten emaitza dela, baina ez dute argitu nola sor eta heda daitekeen efektu hori Artizarraren gainazaleko baldintzetan. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.

Cassini zundak irailean amaituko du bere misioa, Saturnoren inguruan hamar urtez orbitatzen ibili ondoren. Misio hau abian jarri zen lehen aldiz Saturnoren eraztunen barnealdetik irudiak eta datuak jasotzeko.

Medikuntza

Tumore bat kendu ondoren tumore berriak haz ez daitezen estrategia berri bat probatu dute Estatu Batuetan; honetan, plaketak dira ardatz. Plaketek zaurietan odola koagulatzen laguntzen duten heinean, zauri-guneetarantz jotzeko joera dute, eta hori aprobetxatuz, tumore bat kirurgia bidez kendu eta gero, toki horretan gera daitezkeen minbizi-zelulen aurkako antigorputzak eramateko balio dezakete. Ez hori bakarrik, plaketak odolean dabiltzanez, odolera pasa diren eta metastasia eragin dezaketen minbizi-zelulak ere ezagut ditzakete. Estrategia berri hau saguetan eraginkorra dela ikusi dute.

Genetika

Salk Institutuko ikertzaileek onartu dute zaila egin zaiela gizakion eta txerrien zelulak nahastuta dituzten enbrioiak haztea, baina lortu egin dute. Bai, ondo irakurri duzue. Giza zelula amak txerrien enbrioietan –blastozistoetan– sartu eta hazi dituzte. Juan Carlos Izpisuak esan du zientzialariek hamarkadak daramatzatela zerbait gaizki egiten eta horregatik beste bide bat hartzea erabaki dutela: “Giza zelulak animalietan haztea pentsatu genuen, askoz ere emankorragoa delakoan”. Oraingoz, ondo doaz saioak: giza zelulek bizirik iraun dute txerrien enbrioietan. Enbrioi horiek txerri emeetan ezarri, eta hiru-lau aste bitartean garatzen utzi dituzte.

Ekologia

Badirudi kaltetutako ekosistemek uste baino denbora gehiago behar dutela bere onera etortzeko. Ikerketa berri batek aditzera eman du leheneratze ekologikoak ez duela berreskuratzen degradatutako ekosistemen bioaniztasun eta funtzionaltasun osoa. Ikertzaileek egiaztatu dute leheneratutako ekosistemetan landareen eta animalien erdiak daudela eta, horrez gain, karbono- eta nitrogeno- zikloak ere ez direla kaltetu aurreko egoerara itzultzen. Ekosistemen leheneratzeetan landare-espezieak berreskuratzeaz gain, organismoen arteko interakzioak ere leheneratu behar dira, eta kasu askotan, zenbait espezie edo interakzio berreskuratzeko mendeak beharko dira.

Emakumeak zientzian

Aste honetan, Maria Teresa Toral kimikaria izan dugu protagonista. Bere aitak farmazia ikastea aholkatu zion, emakume batentzat egokiena baitzen haren aburuz. Baina, farmaziaz gain, aldi berean, kimika ikasketak gauzatu zituen. Moles kimikari famatuaren taldean sartu zen, bertan nitrobentzenoaren lurrun-faseko kurbak zehaztu zituen. Kimika arloko bere doktoretza-lanaren oinarriak, hain zuzen ere, CO2, O2, eta N2O arteko erlazio molekularrak eta karbono eta nitrogenoaren masa-atomikoak izan ziren. Londres zuen helmuga Mª Teresak, isotopia ikasketak egiteko beka bat lortu baitzuen, baina militarren altxamenduak ukatu egin zion ametsa 1936. urtean. Toral salatu egin zuten Nazioarteko Fisika eta Kimika Institutua baliatzeagatik errepublikanoen armen produkzioa bideratu ahal izateko. Epaiketa politikoa izan zen, jakina, eta hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten.

Bodil Schmidt-Nielsen fisiologoaren ibilbide eta lorpen zientifikoak jakitera eman ditu artikulu honetan Juan Ignacio Perezek. Zientzia eta matematiketan espezializatu zen. Kopenhageko Unibertsitateko Odontologia Fakultatean sartu zen ondoren. Ikasketetan zehar handitu egin zen fisiologiarako zeukan jakin-mina eta oraindik ikaslea zela,giza hortzetan gertatzen den kaltzio eta fosforoaren trukeei buruzko lehen ikerketa-lanak egin zituen. 1946an odontologiako titulua lortu zuen eta bera izan zen, izan ere, Kopenhageko Unibertsitatean titulu hori eskuratu zuen lehena. Ez galdu emakume zientifiko honen bizitza!

Neurozientzia

Cell aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, saguengan ehiza eta harraparitza arautzen dituen garunaren eremua identifikatzea lortu dute. Era berean, zientzialariak gai izan dira sen horren atzean dauden neuronak martxan jartzeko edo bertan behera uzteko. Optogenetika izeneko teknika erabili dute neuronak nahieran “piztu” eta “itzaltzeko”. Aukera berriak ireki ditu teknikak eta horren inguruan mintzatu da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaile Raul Andero neurozientzialariak. “Laser baten bitartez, aukeratutako neurona zehatzak estimulatzen dira. Orain dela gutxira arte ezinezkoa zen hori. Neuronak botiken bitartez estimulatu beharra zegoen, baina dozenaka edo ehunka neuronari eragiten zien. Orain, nahi izanez gero, neurona bakar bat aukeratu ahal dugu, argiaren bidez hura gaituz edo ezgaituz, sortzen den ondorioa aztertu ahal izateko”. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Arkitektura

Kontserbazio zientifikoaren alorrean, tratamendu berriak ikertzea alor garrantzitsuenetako bat da egun. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatuko ikertzaile batzuek konparazio-ikerketa bat garatu zuten Bizertako Gotorleku Espainiarrean (Tunisia). “Harria oso hondatuta dago han, materialaren mineral-konposizioa eta porositatea dela eta, gatz-lainoek eta aurreko birgaitze-lanetan erabilitako mortero desegokiek kaltetu egin baitute”, zehaztu du Ainara Zornozak. Materialaren egoeraren diagnostikoa egindakoan, sendotze-produktuak erabili eta alderatzeari ekin zioten. Produktu bakoitzaren eragina aztertzeko, ezaugarri asko neurtu zituzten: gainazalaren morfologia, mikroskopio elektronikoa erabiliz; sendotze-maila, besteak beste. Kasu bakoitzean, “aukeratu beharko litzateke produktu egokiena, bakoitzaren beharretara egokituta, azkeneko emaitza faktore askoren araberakoa baita”.

Hizkuntzalaritza

Hainbat ikerketak aztertu dute nola eragiten duen hizkuntzak pentsamenduko zenbait arlotan; bereziki aztertu dute nola eragiten dien hizkuntza jabekuntzak hartzen ditugun erabakiei. Adibidez, galera-egoera baten aurrean erabakiak hartzeko unean ausartagoak gara gure ama-hizkuntzan, bestelako hizkuntzetan baino. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute ama-hizkuntzak eta bigarren hizkuntzak eragin desberdina dutela erabaki moralen aurrean. Ikerketa honetan, gaztelania eta ingeles-hiztun elebidunak aztertu zituzten ikusteko ea ama-hizkuntzak edota bigarren hizkuntzak eragina duten erabaki moralak hartzerakoan. Irakur ezazue artikulua emaitzak ezagutzeko, ez zarete damutuko!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>