Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia
Alemaniatik etorri berria da Nekane Castillo Eguskitza. Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari den tesiaren barruan, hiru hilabeteko egonaldia egin du Lüneburgeko Unibertsitatean. Artean han zela kontatu digu hara iritsi bitartean izan duen ibilbidea.
Castillok dioenez, betitik gustatu izan zaizkio natura-zientziak, biologia eta halakoak, eta ez zuen asko pentsatu Ingurumen Zientziak aukeratzeko. “Biologia ere aukeratu nezakeen, baina Ingurumen Zientziek gizakia ere aintzat hartzen dute, eta gustuko dut ingurunearen eta gizakiaren arteko elkarrekintza“, zehaztu du.
Tesia egitea, aldiz, ez zuen aurreikusita. Haren esanean,”beti pentsatu izan dut tesia egitean denbora asko ematen dela gauza oso zehatz batean, eta ez nituen beste lau urte eman nahi ikasten. Baina gero masterrak egin nituen, ekosistemen kontserbazioan eta leheneratzean sakondu nahi bainuen, eta enpresetan aritu nintzen lanean eta praktiketan, enpresa pribatuan zein publikoan, eta azkenean Costa Rican bukatu nuen, ikerketa-zentro batean. Hiru hilabete baino ez ziren izan, baina han sartu zitzaidan tesia egiteko gogoa. Gainera, banituen tesia egiten ari ziren edo egin berri zuten lagunak ere, eta haiek ere aurretik animatu ninduten”.
Horrenbestez, tesia egiteko Eusko Jaurlaritzako beka eskatu, eta horretan ari da orain, UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Sailean, Miren Onaindia Olalde katedradunaren gidaritzapean. Azaldu duenez, ekosistemen zerbitzuen balorazio ekonomikoa da tesiaren ardatza: “Ekosistemen zerbitzuak dira naturak eskaintzen dizkigun onurak; eta ikerketaren helburua da, balorazio ekonomikoaren bitartez, informazio osagarria lortzea lurraldearen planifikazioa egokiagoa izan dadin. Nire taldeak azterketa biofisikoa egiten du, eta nik, berriz, balorazio ekonomikoa egiten dut, gizartearen lehentasunak eta desirak kontuan hartuta”.
Ikuspegi globala helburu
Adibidez, Biosfera Erreserbaren izendapenak Urdaibaiko biztanlerian izan duen eragina aztertu dute. Zehazki, biztanleei izendapenak kalte ala mesede egin dien jakin nahi zuten, eta ikerketak erakutsi du onuragarria izan daitekeela.
Ondorio horretara iristeko, Castillok eta lankideek hiru aldagai-mota aztertu dituzte Busturialdean eta Uribe Kostan: lurraldearen erabilerari buruzkoak, sozioekonomikoak eta kulturalak. Ikusi dutenez, Biosfera Erreserbaren izendapenak ez du eragin kaltegarririk izan biztanleentzat; eskualdearen kontserbazioa bermatzen du, nahiz eta pinudiak baso autoktonoaz ordezkatu eta nekazaritza-jarduerak bultzatzea lehentasuna izan; eta, gainera, litekeena da eskualdearen garapen sozioekonomikoan eta kulturalean lagundu izana
Orokorrean, berriz, ikusi dute balorazio bakoitzak informazio-mota bat ematen duela. Horrenbestez, ekosistemetan esku-hartzeak planteatzean, uste du denak hartu behar direla aintzat, ikuspegi globala izateko: “Ezin da ikuspegi ekologikoan bakarrik oinarritu, edo ekonomikoan edo kulturalean bakarrik; dena hartu behar da kontuan. Hori da gure ondorio nagusia; eta, gainera, bat dator beste ikerketa batzuen ondorioekin”.
Lüneburgen, Urdaibaiko datuak aztertzen aritu da, eta, horretan bakarrik aritu bada ere, hango ikertzaileekin lanean aritzeko aukera izan du. Horri esker, lana egiteko beste modu batzuk ezagutu ditu, “eta ingelesa praktikatu dut”, gehitu du, barrez. Horretarako ere baliagarria izan omen zaio Alemaniako egonaldia; “esperientzia izugarri ona”, laburbildu du.
Tesian zailena zer egin zaion galdetuta, aukeratutako arloa, ingurumen-ekonomia, izan dela erantzun du. Izan ere, bere taldean berria da ikuspegi hori, eta, beraz, talde barruan nolabait bakarrik aritu da. “Baina nik aukeratu nuen gaia, ekosistemen eta gizartearen arteko elkarrekintza interesatzen baitzait, eta, gainera, Sarrikoko ekonomialari batekin ari gara lankidetzan. Hortaz, ez nago bakar-bakarrik ere”. Bestalde, gaur egun ekosistemen gaineko ikuspegi global hori gero eta zabalduago dagoela zehaztu du.
Aurrera begira, tesia bukatutakoan, ikerketan jarraitzeko gogotsu dagoela aitortu du, baina enpresa batean ere arituko litzatekeela dio. Garbi dauka: “Aukera guztietara irekita nago”.
Fitxa biografikoa
Nekane Castillo Eguskitza Bilbon jaio zen, 1988an. UPV/EHUn Ingurumen Zientzietan lizentziatu ostean (2010), Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Alcalako Unibertsitatean Kontserbazio Biologian eta Ekosistemen Lehengoratzean espezializatu zen, hurrenez hurren. Ingurumen aholkularitzetan, kluster eta ikerketa zentroetan praktiketan eta lanean aritua, 2015ean Urdaibaiko Biosfera Erreserbak eskaintzen dituen ekosistemen zerbitzuen inguruan tesia egiten hasi zen, gaurdaino.
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
1 iruzkina
[…] Biologia eta Ekologia Sailean, Miren Onaindia Olalde katedradunaren gidaritzapean. Azaldu duenez, ekosistemen zerbitzuen balorazio ekonomikoa da tesiaren ardatza: “Ikerketaren helburua da, balorazio ekonomikoaren bitartez, informazio […]