Eraztun bat dago Haumea planeta ñimiñoaren inguruan, ikerketa batek erakusten duenez.
Neptunoren orbitatik haratago izotzez eta arrokaz osaturiko objektu gerriko bat dago, Kuiper. Besteren artean, lau planeta ñimiño daude han: Pluton, Eris, Makemake eta Haumea. Azken hau da guztien artean ezezagunena. Mundu mailako kanpaina egin da planeta behatzeko, haren ezaugarri fisiko nagusiak zehazteko asmoz. Izar estaltze bati esker zehaztu ahal izan dira gerriko transneptunotarreko Haumea planeta ñimiñoaren ezaugarri fisiko nagusiak.
Haumearen inguruan eraztun bat dagoela jakitea izan da ikerketaren aurkikuntza interesgarri eta ustekabekoenetako bat. Duela gutxira arte, planeta erraldoien inguruan bakarrik ezagutzen ziren eraztunak. Eraztun trinkoak aurkitu ziren orain dela oso gutxi zentauroak deituriko objektuen familiakoak bi gorputz txikitan (Chariklo, 2014. urtean eta Chiron 2015. urtean bi ikerketa taldek aurkitu zuten MIT eta Alikanteko Unibertsitateak).
Eguzkiaren inguruan biratzen da Haumea, 248 urte behar dituen orbita eliptikoan eta 3,9 orduan osatzen du errotazioa, Eguzki Sistema osoko ehun kilometrotik gorako beste edozein gorputzek baino askoz ere azkarrago. Abiadura dela eta, deformatu eta errugbi baloi baten antzeko forma elipsoidala hartzen du planetak. Alderdirik luzeenean Haumeak 2.320 kilometro inguru neurtzen duela (ia-ia Plutonek bezainbeste), baina ez daukala Plutonen antzeko atmosfera globalik jakin da egindako behaketari esker. Haumearen eraztuna ekuatore planoan dago eta 3:1eko erresonantzia du planetaren errotazioarekiko, hau da, planeta hiru aldiz biratzen den denboran eraztuna osatzen duten partikula izoztuek bira bat ematen diote planetari.
Ikerketa konplexua
Oso zaila da objektu transneptunotarrak ikertzea: txiki-txikiak direlako, ia distirarik ez daukatelako eta oso-oso urrun daudelako. Oso eraginkorra baina korapilatsua den metodoa dago: izar estaltzeak aztertzea. Objektuak hondoko izarren aurretik igarotzen direneko aldiari behatzean datza izar estalketa (eklipse txiki moduko bat).
Objektuaren ezaugarri fisiko nagusiak identifika daitezke (tamaina, forma, dentsitatea) modu honetan. Eris eta Makemake planeta txikiekin ere erabili izan da eta baita emaitza bikainak lortu ere.
2017ko urtarrilaren 21ean Haumea izar baten aurretik igaroko zela aurreikusi zen eta, hartara, Europako hamar behatokitako hamabi teleskopiok fenomenoari behatu zioten. Zehaztasun handiarekin berritu ahal izan dira Haumea planeta ñimiñoaren forma eta tamaina. Emaitza harrigarria lortu da, gainera, uste zena baino dezente handiagoa baita eta ez da uste zen bezain islatzailea. Horretaz gain, pentsatzen zena baino askoz ere dentsitate txikiagoa du.
Planetaren inguruan eraztun bat dagoela aurkitzea izan da, aurkikuntza nagusia. Hainbat arrazoi posible daude eraztuna nola sortu zen azaltzeko. Beste objektu batekin talka egitearen ondorioz sortu izana edo Haumearen errotazio bizkorrak gainazaleko material zati bat askatu zuelako sortu izana, esaterako. Objektu transneptunotar baten inguruan eraztun bat aurkitzen den aurreneko aldia da eta Eguzki Sisteman nola beste planeta sistema batzuetan uste zena baino eraztun gehiago egon litezkeela erakusten du.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Haumeak, Plutonen kideetako bitxienak, eraztuna du
Erreferentzia bibliografikoa
The size, shape, density and ring of the dwarf planet Haumea from a stellar occultation”.. Nature, (2017). DOI: 10.1038/nature24051.