Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? VI. Arnas aparatua eta bere patologiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Arnas aparatuak jarduera fisikorako behar dugun oxigenoa hartzeko eta ekoitzi den karbono dioxidoa kanporatzeko funtzioa du. Hau dela eta, sistema honen funtzionamendu egokia bereziki garrantzitsua da jarduera fisikoa behar bezala egiteko.

1. irudia: Ohiko ariketa fisiko aerobikoaren eraginez arnas muskuluek indarra eta erresistentzia irabazten dute.

Ariketa fisiko errepikatuak arnas sisteman eragina badu ere, bertan sortzen dituen aldaketak ez dira bihotza eta odol hodietan sortzen dituenen parekoak. Goi mailako kirolariek biriken bolumen eta bizi-ahalmen handiagoa dute. Halere, bereziki lantzen ez badira, biriketako parametro hauek ez dira asko aldatzen, nahiz eta pertsona batek ariketa fisiko jarraitua egin. Ohiko ariketa fisiko aerobikoak arnas sisteman sortzen duen moldaketarik garrantzitsuena da intentsitate jakin batean jarduera bat egiteko biriketako aireztapena murriztea (hau da, minutuko sartzen eta ateratzen den aire kopurua murriztea ). Horrela, gorputza ariketari moldatzen joan ahala, ariketa bera egiteko arnas sistemak lan gutxiago egin beharko du, gizakiak nabaritzen duen sentsazioa hobea izanik. Arnas muskuluek ere indarra eta batez ere erresistentzia irabazten dute, eta horrela jardueraren zeharreko aire-sarrera eta irteera erraztu egiten dira.

Arnas patologia kronikoren bat duten gizakiek (asma, bronkitisa, e.a), eragozpenak dituzte jarduera fisikoan zehar gas-elkartrukearen behar handituari modu egokian erantzuteko. Hau dela eta, jarduera fisiko gutxiago egiten dute, egoera fisikoa okertzen zaie, jarduera egitean zailtasun handiagoak dituzte eta gero eta jarduera gutxiago egiten dute. Gurpil zoro honen ondorioz, gaitasun fisikoa asko murriztu daiteke, bai bihotz eta arnasketaren funtzionaltasunean eta baita muskuluen indarrean ere. Izan ere, ariketa fisikoa egin ezean, etengabe behera egingo du bere gaitasun fisikoak, eta azkenean autonomiaren galera eta menpekotasuna eragingo da. Gurpil zoroa apurtzeko, ezinbestekoa da ariketa fisikoko programa egokituak gauzatzea.

Kontuan izan behar da era berean jarduera fisiko gutxiago egiten bada birikek egunean zehar mobilizatuko duten aire bolumena urriagoa izango dela eta honek garrantzia izan dezakeela muki-jariatze handiagotua duten arnas gaixotasunetan: izan ere, gertaera honek mukien kanporaketa zailagoa egingo du. Birikietan pilatutako mukiek arazo larriak sor ditzakete, hala nola odolaren oxigeno-difusio maila gutxiagotzea edo arnasa-infekzio arriskua areagotzea.

2. irudia: Birikietako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa (BGBK) da arnas gaixotasun ohikoenetarikoa. Gaixotasun hau duten pazienteentzat egokiak dira ibiltzea eta bizikleta estatikoa praktikatzea.

Programen ezaugarriak gaixo bakoitzaren egoerari egokitu behar dira, baina hala ere gomendio orokorrak eman daitezke.

  • Edozein ariketatan hasi aurretik gaixotasunak kontrolpean egon beharko luke (arnas aparatuko infekzioa, bronkoespasmoa, etabar.)
  • Ingurune hotz eta lehorrak ekidin beharko lirateke
  • Medikazioa eskuragarri egon beharko litzateke
  • Ariketa tartekatua oso luze eta jarraitua baino errazagoa izan daiteke

Ume eta gazteen kasuan asma da arnasa-patologiarik ugariena. Hauek beste umeekin batera egin beharko lukete ariketa, beti ere aldez aurretik esan duguna kontuan hartuz. Hasieran, ariketa fisikoa egiteko ohiturarik ez dutenentzat batez ere, komenigarria da asma sortzen duten faktoreetatik babesteko, jarduera igerilekuetan edo leku itxietan egitea.

Nagusietan gertatzen den arnas gaixotasunik ohikoena biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoa (BGBK) da. Gaixo hauek eragozpenak dituzte populazio orokorrentzako gomendioak jarraitzeko, baina jarduera fisikorik ez egiteak lehen esan dugun gurpil zoroan sartzea dakar. Are gehiago, BGBK duten gaixoengan ariketa fisikoaren ezarekin zerikusia duten komorbilitateak ugariak dira (hipertentsioa eta bihotzeko arterien gaixotasuna).

Astero 3 egunean 15 minutuko ariketa aerobiko ertaina da osasun-onurak lortzeko gaixo hauek egin beharko luketen helburua. Iraupena eta maiztasuna pixkanaka handitu beharko litzateke, bere adineko populazio orokorrentzako gomendagarriak diren mailak lortu arte (150 minutu/aste ariketa ertain). Intentsitatea monitorizatzeko arnas zailtasuna (hitz egiteko zailtasuna) oso egokia da, BGBK duteengan oso parametro nabaria baita. Azkenik, ariketa motari dagokionez ibiltzea eta bizikleta estatikoa izaten dira gomendatuenak.

Gaixo hauek muskuluaren funtzionaltasunaren galera ere dutenez, indarra landu beharko lukete, astean bi aldiz, muskulu talde nagusien ariketen 10-12 errepikapen eginez.

Ariketa fisikoak ez ditu BGBKak eragindako egitura eta funtzio-asaldurak bere onera eramaten, baina ongizatea hobetzen du. Izan ere, eguneroko jarduerak arnas zailtasun gutxiagorekin egitea ahalbideratzen da eta lehen aipatu den gurpil zoroa apurtu dezake. Halaber, BGBKrekin batera gertatzen diren komorbilitateak kontrolatzeko balio du.

3. irudia: Biriketako gaixotasun burtxatzaile kronikoa dutenek jarduera fisikoa oxigeno gehigarria erabiliz egin dezakete. (Argazkia: U.S. Air Force/Tech Sgt. Andy Bellamy)

Programa hasi baino lehen, gaixo hauengan bereziki komenigarria da azterketa medikoa egitea, egon daitezkeen arriskuak baloratzeko eta intentsitate egokia agintzeko. Lehenengo asteetan terapeuta baten ikuskaritzapean egitea komeni da. Ondoren, ariketa fisikoa bere ohiko bizimoduan integratzea da ohikoena.

BGBKko gaixoetan azpimarratu egin beharrekoa da jarduera egiteari utzi egin behar zaiola, bularrean, lepoan edo besoan bat-bateko mina, goragalea, buruko mina edo zorabioak sentitzen badira. Disnea, edo arnas egiteko zailtasuna gertatzen bada, erritmoa jaitsi egin beharko litzateke. Halere, sintoma honek jarraitzen badu, gelditu eta atsedena hartu behar da.

Arnas muskuluen entrenamendu espezifikoa arnas patologiak dituztenengan edo toraxeko kirurgia bat jasan duteengan ohiz erabiltzen den tratamendua da, oso erabilgarria baita gaixoen funtzionalitatea eta bizikalitatea mantentzeko eta arnasa-infekzioak saihesteko. Gaur egun, ikusi da arnas muskuluen entrenamenduak onuragarriak direla beste patologietan, bihotz patologietan edo pertsona gizenetan ere. Are gehiago, kirol-errendimendua hobetzeko erabil daitekeela iradokitzen duten lanak gero eta ugariagoak dira.

Laburbilduz esan dezakegu ariketa fisikoak edozein jarduerak eskatzen duen aireztapenaren handitzea murrizten laguntzen duela, arnas sistemaren egituran eta funtzioan eragin oso nabariak ez baditu ere. Hau bereziki garrantzitsua da arnasa-patologia kronikoak dituzten gaixoengan. Arnas muskuluen entrenamendua medikuntzan eta kirolean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da.

Informazio gehiago:


Egileez:

Jon Irazusta Astiazaran, () UPV/EHUko Fisiologiako irakaslea da eta Ana Rodriguez Larrad UPV/EHUko Fisioterapia irakaslea da eta arnas-fisioterapian aditua.


Ariketa fisikoari buruzko artikulu-sorta:

  1. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? I. Oinarriak.
  2. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? II. Bihotz eta odol-hodien sistema.
  3. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat nola eta noiz? III. Gorputzaren osaera eta pisuaren kontrola.
  4. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? IV. Giharrak eta hezurrak.
  5. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? V. Odoleko glukosaren kontrola eta diabetesa.
  6. Ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? VI. Arnas aparatua eta bere patologia.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.