Wangari Muta Maathai (1940-2011): Woman Tree – Zuhaitz-emakumea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Joan den mendeko berrogeiko hamarkadan ez zirudien egokiena Kenya kolonialean emakume jaiotzea Wangari Muta Maathairentzat. Kikuyu etniako nekazarien alabak, Wangari barne, landa-eremuan lan egin, egurra pilatu eta ura ekartzera kondenatuta zeuden. Baina Wangarik zortea izan zuen; ikasketak egiteko aukera izan zuen. Eta bere bizitza ez ezik, Afrikako milaka emakumeren bizitza aldatu zuen.

Biologo, ekologista eta aktibista politiko nekaezina izaki, bere ikuspegia ekologia eta garapen iraunkorra emakumeen demokraziarekin, giza eskubideekin eta ahalduntzearekin uztartzea izan zen.

Wangari Muta Maathai 1940ko apirilaren 1ean jaio zen Nyeri landa-eskualdean (Kenya). Zortzi urterekin bere jaioterriko eskolan hasi zen ikasten. Bertan nabarmendu egin zen bere trebetasun eta kalifikazio onei esker. Lehen hezkuntzako ikasketak lehendabizi Santa Cecilian eta ondoren Limuruko Loreto High School izenekoan egin ondoren, Wangari gazteak soilik beste hirurehun kenyarrek lortu ahal izan zuten zerbait lortu zuen; Estatu Batuetan ikasteko beka bat (1960).

1. irudia: Wangari Maathai Nobel sariarekin eta diplomarekin jaso zuen egunean. (Argazkia: © Pressens Bild AB 2004 eta John McConnico)

1964an Biologiako Gradua eskuratu zuen Atchinsoneko Mount St. Scholastic College izenekoan, Kansasen. Ondoren, Pittsburgera joan eta Biologia Zientzietako Masterra eskuratu zuen (1966). Masterra amaituta, Kenyara itzuli zen eta lanpostu bat lortu zuen Nairobiko Unibertsitateko Albaitaritza Anatomiako Sailean mikroanatoniako ikerketako laguntzaile modura, Reinold Hofman irakasleak gainbegiratuta. Giesseneko Unibertsitateko irakasle horrek adoretu zuen Wangari Alemaniara joan zedin bere ikasketekin jarraitzeko. Denboratxo bat Giessen eta Municheko Unibertsitateen ikasten eman ondoren, Wangari Nairobira itzuli eta Albaitaritza Anatomiako Doktoregoa eskuratu zuen azkenik (1970). Bere lehen mugarria: Wangari Muta Maathai doktorego bat eskuratu zuen Afrika Erdialde eta Ekialdeko lehen emakumea izan zen. Baina ez zen mugarri bakarra; Saileko lehen emakumezko Burua (Albaitaritza Anatomian, 1975) izan zen eta Nairobiko Unibertsitateko Irakasle Elkartu (1977) ere bai.

Ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa urte haietan hasi zen Wangari emakumeen eskubideen aldeko aktibismoan nabarmentzen: Lehendabizi Unibertsitatean, aukera-berdintasuna nahiz soldata-berdintasuna lortzeko borrokan murgilduz eta, beranduago, Kenyako Emakumeen Kontseilu Nazionaleko (NCWK) kide (1976-1987) eta zuzendari (1981-1987) bilakatuz, Kenyako emakumeen ahalduntzearen alde egiten zuen elkartean.

Aldi berean bere aktibismo ekologista ernatuz joan zen. Bere hitzetan “elikadura-arazoen ikerketara aplikatuta zientzialari modura lan egiten nuen bitartean, kalparren bidez transmititzen zen parasitoaren bizi-zikloari buruzko ikerketak egin nituen eta laginak hartzen nituen bitartean ibaiak lohiz beteta zihoazela ikusi nuen. Haurra nintzelarik ez zen halakorik gertatzen. Belar gutxi zegoen eta ez zuen behar beste elikagai. Lurzoruak ez zuen bere funtzioa betetzen”.

2. irudia: Elhuyarrek euskaraz editatutako “Emakumeak zientzian karta-jokoa“n Wangari Muta Maathai biologoari eskainitako karta.

Gogoeta horren ondorioak argi eta garbi ikusi zituen NCWK elkartearen bidez ezagutzen zituen emakume nekazarien eskaeretan. Emakume horiek esaten zutenez, errekastoak lehortzen ari ziren, zituzten elikadura-baliabideak eskasak eta ziurtasun gutxikoak ziren eta egunetik egunera urrunago joan behar zuten ur edo egur bila. Ondorio argia atera zuen: Kenyak eta, beraz, bertako emakumeek zituzten arazo askoren jatorria ingurumen-degradazioa zen. Bere bi borrokek bat egin zuten.

Ekologismoa garapen iraunkorra lortu eta Kenyako arazoak hobetzeko modu bat izan zitekeela oinarritzat hartuta, Wangari Muta Maathaik Gerriko Berdea Mugimendua sortu zuen (Green Belt Movement) 1977an. Emakumeak adoretu zituen basora joan eta zonaldean zeuden jatorrizko zuhaitzetako haziak hartzera, ondoren negutegiak sortzeko, lan horren truke emakumeek sari bat jasotzen zutelarik. Gerora, hazi horiek zuhaitzak landatzeko erabiltzen ziren. Ideia sinplea zen, emakumeen baterako lana bultzatzea zuhaitzak landatzerakoan beren egoera hobetu eta baso-soiltzearen, higaduraren eta lehortearen aurka borrokatzeko. Ekologian prestakuntza jasotzen zutenak emakumeak zirenez, lidergo-postuak zituzten, haztegietan gidaritza lanak egiten zituzten eta basozainekin lan egiten zuten ura jasotzeko eta elikadura seguru baterako proiektuak planifikatu eta txertatuz. Mugimendua funtsezkoa izan zen emakumezko nekazarien emantzipazioan eta ahalduntzean aurrera egin ahal izateko.

Gerriko Berdea Mugimendua hedatuz joan zen pixkanaka hainbat erakunderi esker, besteak beste, Basozaintzako Norvegiako Elkartea, Nazio Batuetako Emakumeentzako Funts Boluntarioa edo Nazio Batuen Ingurumenerako Programa. Halaber, politikaren ikuspegitik kontzientzia hedatuz joan zen, izan ere, Kenyako eguneroko arazoek (gosetea, baso-soiltzea, etab.) arazo politikoekin ere zerikusia zutela ikusi zuten. Izan ere, laurogeiko hamarkadan Kenyan alderdi bakarreko hauteskundeak zituzten eta gobernua kutsu autoritario eta errepresiboak zituen Daniel Arap Moi presidenteak zuzentzen zuen. Urte gatazkatsuak izan ziren eta Wangari Muta Maathaik oldartsu borrokatu zuen demokraziaren eta giza eskubideen alde eta lurraren espekulazioaren eta basoen suntsiketaren aurka. Nairobiko Uhuru parkean dorre bat eraikitzeko asmoaren aurka azaldu zen, preso politikoen askapena bultzatu zuen, ustelkeriaren aurka borrokatu zuen eta bidezko hauteskundeak aldarrikatu zituen. Aldarrikapen horiekin nazioartean zuen proiekzioa areagotu egin zen. Haatik, gobernuak hainbatetan atxilotu eta jazarri zuen.

3. irudia: Wangari Muta Maathai, biologian doktorego bat eskuratu zuen Afrika Erdialde eta Ekialdeko lehen emakumea izan zen. (Argazkia: Copyright © Nobel Media eta Annalisa B. Andersson)

Azkenik, alderdi anitzeko hauteskundeak 1992an finkatu ziren Kenyan, eta hainbat urtetan ahaleginak egin ostean, Wangarik parlamentuko ordezkari izatea lortu zuen 2002an. Halaber, Ingurumen eta Natura Baliabideen Ministerioko laguntzaile izan zen 2003-2007 bitartean Mwai Kibaki Presidentearen gobernupean.

2004an nazioarteko proiekzioari dagokionez gorenera iritsi zen; Bakearen Nobel saria eskuratu zuen “garapen iraunkorraren, demokraziaren eta bakearen alde egindako ekarpenagatik”. Sari hori eskuratzen zuen Afrikako lehen emakumea eta lehen naturazalea izan zen. Nobel Batzordearen arabera “lurrean bakea Ingurumena ziurtatzeko gure gaitasunaren baitan dago; eta Wangari Muta Maathai eredugarria da helburu hori lortzeko borrokan”.

Sariarekin Wangariren irudia eta Gerriko Berdea Mugimendua are gehiago nabarmendu ziren, eta Afrikako kontinente osoan zehar bere aldarrikapenak eginez eta zuhaitzak landatuz jarraitu zuen.

Beste Nobel sari batzuekin batera, Rigoberta Menchu edo Shirin Ebadi kasu, Nobel Sarien Ekimena sortu zuen emakumeen eskubideen alde egindako lana indartzeko xedez, NBEko Bake Mezulari izan zen, eta Milurtekoaren Garapenerako Helburuen lantaldeko kide, besteak beste. Eta modu nekaezinean jarraitu zuen eginahalean 2011ko irailaren 25ean zendu zen arte, obulutegiko minbizi batetik eratorritako konplikazioak zirela medio.

Bere legatuak Afrika osoan zehar 40 milioi zuhaitz baino gehiago utzi ditu landatuta eta 35.000 emakume inguruk zaintzen dituzten 3000 haztegi baino gehiago. Gerriko Berdea mugimenduak Afrikako kontinentean lan egiten jarraitzen du eta haien ideiak planeta osoan barna hedatzen dira. Baso Gaien Lankidetzarako Elkarteak ematen duen Basoko Paladinen Wangari Maathai Saria mundu osoan zehar basoen defentsan aritzen diren pertsonei ematen zaien aitortza da. Eta ziurrenera garrantzitsuagoa izango dena, Wagari Muta Maathai inspirazio da milaka emakumerentzat, bereziki afrikarrentzat, ikasiz eta borrokatuz beren bizitzak eta ingurunea alda dezaketela ikasi baitute. Izan ere, “emakume izateko indartsuegi”, “ongi heziegi”, “ero” eta “konplexu” izatea, horrela kalifikatu baitzuten bere senar ohiak edo Moi Presidenteak, ez da horren txarra izango.

“Zuhaitzak landatzeko metodo praktiko horrekin emakumeek ikusi dute ingurumena zaindu edo suntsitzeko egiazko aukera dutela. Esperientzia horiek lagungarri dira beren autoestimuaren garapenerako eta beren bizitzaren gaineko botere handiagoa ematen die”.Wangari Muta Maathai (1940-2011)


Egileaz: Aitziber Lopez (@lopez_aitzi) Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea.


Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola


Oharra: Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2016ko azaroaren 16an: “Wangari Muta Maathai: “Woman Tree – La Mujer Árbol

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.