Minbiziari buruzko ikerketak urte askotan zehar jakintzat eman du gaixotasunaren protagonista bakarrak tumore-zelulak zirela. Minbizi baten garapena eta progresioa ordea ez dira bakarrik zelula hauetan gertatutako aldaketen ondorioak. Tumore-ehunak etengabe erreplikatzen ari diren zelulak ez ezik ehun normalaren osagaiak ere baditu.
Tumorearen mikroingurunea (TM) deritzogun honetan, gaixotasunaren bilakaera baldintzatuko duten elkarrekintza konplexu eta dinamikoak gertatzen dira minbizi-zelulen eta zelula normalen artean. Hau dela eta, azken urteetako ikerketak ikuspuntu bakun hura albo batean utzi eta TMn gertatutako fenomeno biologikoak osotasunean aztertzera bideratu dira.
Gure gorputzeko edozein organo eraikin arrunt bat bezala irudikatuko bagenu, eraikin horretako solairu edo gela ezberdinetan bizi diren kideek beteko lituzkete organo horri dagozkion funtzioak. Kide horiek euren bizitza normaltasunez eraman ahal izateko, sendoak eta isolamendu onekoak izan behar dira eraikin horren zorua, zutabeak eta hormak. Gainera, etxebizitza bakoitzera heldu eta bertatik irteten diren urek kanalizazio-sistema egokia izan behar dute. Eta, noski, ezinbestekoa izango da eraikina altxatu eta noizean behin egin beharreko mantentze edo berrikuntza lanetan igeltseroen lana.
Organoetan hainbat funtzio betetzen dituzten zelulak estroma izeneko euskarri batean kokatuta daude. Estromak, egitura eta funtzio-babesa ematen die zelulei eta osagai ezberdinak ditu: alde batetik, eraikinaren eskeletoa izango zena, zelulaz kanpoko matrizea bezala ezagutua, kolagenoa bezalako egiturazko proteinez osatuta dago. Bestetik, kanalizazio-sistema odol eta linfa-hodiek osatzen dute, eta ezinbestekoa da zelulei mantenugaiak eraman eta hondakinak kanporatzeko.
Euskarriaren mantentze funtzioak betetzen dituzten igeltseroak fibroblasto izena hartzen dute. Fibroblastoak plastikotasun handiko zelulak dira eta ehunen eta organoen garapena gertatzen denean oso aktiboak dira. Ordea, organo helduetan, eraso bat jasatean baino ez dira aktibatzen; esaterako, zauri bat egitean. Ehun zaurituan fibroblastoen betebehar nagusia euskarrian apurtutako egiturak berriztatzea izango da, eta horretarako egiturazko proteinak ekoizten dituzte. Prozesu fisiologiko hau, orbaintzea hain zuzen, mugatua da.
Baina etxebizitza bateko populazioa inolako kontrolik gabe haziko balitz, eraikina bera ere hazi beharko litzateke. Igeltseroek, mugagabeki hazten ari den populazioari tokia egiteko, hormak apurtu eta zutabe, zoru eta pareta berriak egin beharko lituzkete. Honela, populazioa eta eraikinak hazi ahala, inguruko espazio guztiak inbadituko lituzkete.
Minbizi-zelulak gai dira fibroblastoak aktibatzen dituzten mezulari kimikoak jariatzeko, eta tumorearen estromako igeltsero hauek euren kausarako erabiltzeko. Minbiziari elkartutako fibroblasto (MEF) hauek zelulaz kanpoko matrizeko proteinak apurtzeko entzimak jariatu eta egiturazko proteina berriak ekoizten dituzte. Honela, eraikinaren eskeletoa (matrizea) tumore-zelulen beharrizanetara birmoldatuz doaz. Etengabeko haustura eta konponketa fenomeno hau dela eta, esan ohi da minbizia zauri sendaezina dela. Berez ez dago traumatismo batek eragindako zauririk, baina MEFk horrela izango balitz bezala funtzionatzen dute.
MEF hauen zeregina TM honetan ez da igeltsero funtzioak betetzera mugatzen. Fibroblasto aktibo hauek ere hainbat mezulari kimiko jariatzen dituzte TMra eta horrek minbiziari beste ezaugarri edo markak eskuratzen laguntzen dio. Adibidez, tumore-zelulen ugalketa sustatu, apoptosia ekidin eta odol-hodi berrien ekoizpena (angiogenesia) bultza dezakete.
Bestalde, MEFk minbizi-zelula ama taldeen mantentzerako baldintza egokiak sortzen dituzte eta tumore-zelulen ezaugarri inbaditzaileak (epitelio-mesenkima trantsizioa) eskuratzen laguntzen dute. Fenomeno hau jatorrizko tumoreaz gain metastasietan ere ikusi da, bertan minbiziari elkartutako fibroblastoak bultza baitezakete beste ehunetan “lo” zeuden minbizi-zelulak “esnatu” eta haztea. Honek guztiak asko baldintzatu dezake minbiziaren tratamenduekiko erresistentzien eta metastasien agerpena.
Azken urteotan, aztergai izan dira fibroblastoek tumorearen mikroingurunetako babes zelulekin dauzkaten elkarrekintzak ere. Aurreko artikuluan esan genuen hantura minbiziaren markak ahalbidetzen dituen fenomeno biologikoa dela. Hanturaren inguruan hainbat seinale kimiko jariatzen dira, eta seinale hauetariko batzuek fibroblastoen aktibazioa bultzatu dezakete. Era berean MEF hauek babes-zelulen aktibitatea kontrola dezaketen mezulari kimikoak jaria ditzakete. Honek, minbizi-zelulei zelula immuneengandik ezkutatzen lagun diezaieke minbiziaren garapenaren aldi batzuetan.
Beraz, TMan norabide askotako mezuak gurutzatzen dira bertako zelulen artean. Seinale hauek tumorearen garapenaren arabera aldagarriak dira eta, horregatik, TMko zelula bakoitzaren zereginak ez du zertan izan beti minbizi-zelulen biziraupenaren aldekoa. Ikerketa gehiago egin behar dira dinamika hauek hobeto ulertzeko. Hala ere, tumorearen estroman MEFn agerpena minbizi askoren agresibitatearekin eta pazienteen pronostiko txarrarekin lotu da. Horregatik, minbiziaren diagnostiko eta tratamendurako tresna berriak sortzeko itu bezala proposatu dira tumorearen mikroingurunetako igeltsero hauek.
Erreferentzia bibliografikoak
- Attieh, Y., Vignjevic, DM. (2016). The hallmarks of CAFs in cancer invasion. European Journal of Cell Biology, 95(11), 493-502. DOI:10.1016/j.ejcb.2016.07.004
- Kalluri, R. (2016). The biology and function of fibroblasts in cancer. Nature Reviews Cancer, 16, 582-598. DOI:10.1038/nrc.2016.73
- Kuzet, SE., Gaggioli, C. (2016). Fibroblast activation in cancer: when seed fertilizes soil. Cell and Tissue Research, 365(3), 607-619. DOI:10.1007/s00441-016-2467-x
Egileez
Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.
Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.
José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.
2 iruzkinak
[…] Minbizia: zauri sendaezina. […]
[…] Minbizia: zauri sendaezina. […]