Hala ere, klorhexidinaren kostua txikia denez eta kontrako erreakziorik eta konplikaziorik ez dakarrenez, ikerketak irakuzketa horiek erabiltzea gomendatzen du.
Klorhexidinarekin irakuzteak mikrobioen aurkako efektu ahaltsua du, baina aho interbentzioetan erabiltzeko gomendioetan elkarren kontrako iritziak daude. Ikerketak erakutsi du hura erabiltzean % 12 saihestuko liratekeela bakteriemia kasuak.
Gizakiaren aho barrunbean askotariko bakteria daude. Prozedura kirurgikoak egiten direnean, besteak beste, hortzen bat ateratzean, odol zirkulaziora igaro daitezke eta iragankorra izaten den bakteriemia eragin.
Ez dago argi odolean bakterio hauen presentziak zenbait prozesu infekziosoren jatorrian eta bilakaeran duen garrantzia, besteak beste, bihotz balbulen endokarditisaren bilakaeran, balbula protesienean, artikulazioen protesienean (normalean hanka eta belaunekoa), eta infekzio lokalean duen garrantzia.
Hainbat azterlanek erakutsi dute klorhexidinarekin ahoa garbitzeak mikrobioen aurkako efektu ahaltsua duela listu mikrofloran eta plaka bakterianoan.
Hipotesi hori oinarri hartuta, ondorioztatu daiteke aho irakuzketa antimikrobiarrek, hortzen prozedura baten aurretik erabiliz gero, pazientearen odol zirkulazioan sartutako mikroorganismo kopurua murriztu beharko litzatekeela; hala ere, desadostasun handiak daude alderdi horretan.
American Heart Association-ek (AHA), 1997an, iradoki zuen endokarditis infekziosoa duten pazienteek aho irakuzketa antimikrobiarra egin beharko luketela, aho tratamendua egin aurretik. 2006an, Kimioterapia Antimikrobiarraren Sozietate Britainiarrak (BSAC) klorhexidinarekin aho irakuzketa bakarra gomendatu zuen, % 0,2an (CHX) (10 ml 1 minutuz), arriskua duten pazienteetan bakteriemiarekin lotutako hortz prozedurak egin aurretik. Hala ere, 2007an, AHAk gomendatu zuen profilaxi antiseptikoko protokolorik ez erabiltzea.
Ausazko saiakera kontrolatuen berrikuspen sistematikoa eta metaanalisia egin dute, PRISMA Adierazpenari jarraituta. Klorhexidinak hortzen bat atera ondoren bakteriemia prebenitzeko duen eraginkortasuna ebaluatzea izan da helburua.
Azterlanean 8 saiakera kliniko jaso dira, 523 pazienterekin. 267 klorhexidinarekin tratatutako taldean, non bakteriemiako 145 kasu erregistratu diren eta 256 kontrol taldean, non bakteriemiako 156 kasu erregistratu diren.
Ikerketaren emaitzek adierazten dute, beraz, klorhexidinarekin prebentzioa eginez gero saihestu daitekeen bakteriemia kasuen ehunekoa %12koa dela. NNTa, bakteriemia prebenitzeko tratatu beharreko gutxieneko paziente kopurua 16 da.
Eraginkortasun erlatiboa eta esangura gutxikoa erakusten dute emaitzek, klorhexidinaren erabilerari dagokionez, hortzen bat ateratzean ahoan dauden bakteriak odol zirkulazioan sartzeko saihesteko orduan. Hala ere, kostu gutxikoa denez eta kontrako erreakziorik eta konplikaziorik ez dakarrenez, gomendagarria da klorhexidinarekin irakuzketa egitea, horrelako interbentzioren bat egin aurretik.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Klorhexidinak eraginkortasun mugatua du aho interbentzioetan infekzioak saihesteko.
Erreferentzia bibliografikoa
Arteagoitia, Iciar, Rodriguez Andrés, Carlos, Ramos, Eva (2018) Does chlorhexidine reduce bacteremia following tooth extraction? A systematic review and meta-analysis. Plos One 13 (4): e0195592. DOI https://doi.org/10.1371/journal.pone.0195592