Medikuntza
Minbizi-zelula batzuek kimioterapiari aurre egiteko inguruko zelulak jaten dituztela aurkitu dute. Ikertzaileek uste dute energia lortzen dutela horrela, bizirik irauteko, eta tratamendua bukatu ondoren tumorea birsortzeko. Elhuyar aldizkarian irakur daitekeen moduan, jokabide hori laborategian hazitako minbizi-zeluletan eta saguen tumoreetan behatu dute. Gainera, ikusi dute biriketako eta hezurretako minbizi-zeluletan ere gertatzen dela.
Osasuna
Ez da oso ohikoa ikustea medikuntzan espezializatutako aldizkari batek birritan idaztea abortuari buruz. The Lancet astekariak egin du: modu seguruan abortatzeko aukerak murrizteak dituen ondorioei buruz mintzatu da zehazki. Argitaratu dituzten datuei dagokienez, munduan, urtean 227 milioi emakume geratzen dira haurdun. Horietatik, %44 nahi gabeko haurdunaldiak dira, eta haietatik %56 abortuan amaitzen dira, %32 nahi gabeko erditzean, eta %12 berez galtzen dira. Elhuyar aldizkarian duzue artikulu horren xehetasunak.
Ohiko eritasuna zen lehen elgorria. Egun, kasuak urriagoak dira Berrian irakur daitekeenez. Halere, osasun agintariek ohartarazi dute txertaketaren garrantziaz, birusaren kontra immunizatuta egotearen garrantziaz, alegia. Abisu eman dute 1970-1981 aroan jaiotakoen egoeraz.
REM fasean neurona-mota batek ahazteko prozesuan parte hartzen duela frogatu du Japoniako ikertzaile-talde batek, saguekin egindako esperimentu batean. Hauek adierazi duten moduan, loaldian, neuronen arteko sinapsiak berregin egiten dira; horren bidez, gogoratzea merezi ez duten oroimenak ezabatu egiten dira. Ildo horri jarraiki, ikusi dute hipotalamoko neurona batzuk REM fasean inhibituta, oroitzapenak galdu egiten direla, eta haiek aktibatuta, oroimena areagotu egiten dela. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Biologia
Nerabeen portaeraren atzean azalpen ebolutibo bat dago. Hori proposatu dute behintzat ikertzaile batzuek. Badirudi etapa honetan, hunkiberatasuna arautzen duen sistema linbikoa indartu egiten dela, baina bulkadei muga jartzen dien kortex prefrontala guztiz garatu gabe dagoela. Artikuluan adierazi dute ere fenomeno hau ez dela soilik gizakietan gertatzen, tximinoetan ere gertatzen dela. Zer gertatzen zaie nerabezaroei? Ez galdu artikulu interesgarri hau!
Astrofisika
Hainbat misio egon dira eguzki sistemako hamaika tokitan ura topatzea helburu izan dutenak: Marten, Jupiterren, Saturnoren ilargietan… Zehazki, ur likidoa da bilatzen ari direna eta horretarako tenperatura-eta presio-egoera zehatz batzuk behar dira. Marte -46oC-ra dago eta gainazaleko presioa, zehazki 0.636 kPa-koa (0.006 atm) da, oso baxua. Horrek posible egiten du ur likidoa egotea. 70.hamarkadatik aurrera, hainbat misio programatu dira Marten ura dagoen jakiteko asmoz. Ezagutu ezazue misio horietan lortu ziren emaitzak.
Ingurumena
Ozono-geruzaren zuloa aurten txikiagoa izango dela aurreikusi dute, Elhuyar aldizkariaren arabera. Urtero, udaberri australaren hasieran, ozono-geruzaren zuloa agertzen da Antartikaren gainean. Izan ere, bromoa eta kloroa duten substantzia kimikoak aktibatu egiten dira udaberrian, eta ozono-molekulak suntsitzen dituzte. Aurten, ohi baino motelago ari da handitzen zuloa.
Euskal Herrian, berotegi efektuko gasen (BEG) isurketaren bilakaera aztertuz gero, kutsadurarik handiena 2000ko hamarkadan izan zen, Berrian ikus daitekeenez. Industria eta energia sektoreak 14,6 milioi tona CO2 isuri zituzten atmosferara 2011n, eta 11 milioi tona 2017an. Zeintzuk dira kutsatzaile zerrenda horretan ageri diren enpresak?
Geologia
Mediterraneoan aspaldi egondako kontinente baten arrastoak aurkitu ditu geologo talde batek. “Adria Handia” izena jarri diote. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, duela 240 milioi urte, Gondwana superkontinentearen zati bat kontinentetik bereizten hasi eta iparralderantz mugitzen hasi zenean sortu omen zen hura.
Farmakologia
Zientziak aurrera egin duen heinean, neuronen arteko informazioaren garraioa nola ematen den hobeto ezagutzen joan gara. Lehenengo ikuspegia sinapsi bipartitaren teoriarena da, hau da, neurotransmisoreen bidez neurona batetik beste neurona batera garraiatzen da informazioa. Teoria hori zuzena da baina oso sinplea. Horren ondotik, frogatu zen glia zelulek konexio neuronaletan eragina zutela. Azken urteotan, konexio horietan laugarren egitura batek eragin zuzenak dituela frogatu dute: zelulaz kanpoko matrizea (ZKMa). Horri buruz gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!
Emakumeak zientzian
Ines Mandl biokimikaria Clostridium histolyticum bakterioaren kolagenasa entzima isolatzea lortu zuen lehen ikertzailea izan zen. Entzima honek kolagenoaren lotura peptidikoak hautsi egiten ditu. Modu honetan, kolagenasak ehun berriaren formakuntzan laguntzen du, batez ere erredurak, ultzerak, diskoko hernia eta ehun konektiboaren gaixotasunak sendatze aldera.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.