Gure gorputzaren autosuntsiketa baino gauza misteriotsuagorik ez dago. Hala, medikua den lagun bati gaixotasun autoimmuneei buruz galdetu egin nion; erantzunak behar nituen, istorioarekin jarraitu ahal izateko liburua argira hurbiltzen duen irakurleak bezala. Haren azalpenean, nik uler nezan arras sinplifikatu zuena, “alderdi bereko sua” aipatu zidan, hau da, gudu batean tiroak alde beretik datozenean. Zehazki, helburua ondo identifikatzen ez delako gertatzen diren akatsak dira. “Gorputzak bere buruari eraso egiten dio, suntsitu egiten zaitu”, esan zuen nire adiskideak. Une horretan, gudu-zelai bat imajinatu nuen, eta gerra hori nire baitan bistaratzen saiatu nintzen.
Immunitate-sistemak gaixotasunen eta infekzioen aurka babesten gaitu, baina gaitz horietako bat izanez gero, sistemak erreakzionatu, eta akatsa batek jota bere organoen eta ehunen aurka egiten du. Azalpen metaforiko hark Las defensas liburua gogoratzera eraman ninduen, duela hiru urte Gabi Martínezek idatzi zuen obrara. Bertan, urteetan zehar ikertu zuen gaixotasun autoimmune baten ondorioz erotu zen neurologo baten benetako historia kontatzen da. Haritik tiraka, autosuntsiketa honen jatorrira iritsi nintzen, Deborah Doniach immunologo kliniko eta gaixotasun autoimmuneen arloan aitzindaria ezagutzera, hain zuzen ere.
Tiroide guruina eta Hashimoto izeneko mediku bat
Deborah Doniach Parisen hazi zen eta medikuntza ikasi zuen Sorbonan. Dena dela, Sonny Doniachekin ezkondu bezain laster, ikasketak eten behar izan zituen, 1934an. Horren ondotik, Londresera joan zen bizitzera eta han bere karrera abiatu zuen berriro, Royal Free Medical Schoolen. Hiru urtez mediku lanetan aritu zen etxez etxe, baita zirujau moduan ere Londreseko Konderriko Kontseiluko zerbitzuaren esanetara. Ondoren, lau urte igaro zituen Middlesex Ospitalean, patologia kimikoko irakasle laguntzaile gisa. 1951n, Royal Freera itzuli zen eta bi urte beranduago, Middlesexen hasi zen berriro endokrinologo gisa; hemen aritu zen lanean erretiroa hartu zuen arte. 60ko hamarkadan, ospitale hartan sortu berria zen Immunologia Sailera batu zen; han lortu zuen lehen immunopatologoetako bat izatea, eta irakasle bihurtu zen 1974an.
Oro har, eritasun autoimmuneak izan zituen ikergai; izan ere, haren lan nekaezinak ekarri zuen horien gakoa Hashimotoren Tiroiditisean aurkitzea. Gaixotasun horrek tiroide guruina suntsitu egiten du eta hipotiroidismoa eta goloa sortzen ditu. Izen hori Hakaru Hashimoto mediku japoniarrari zor zaio, berak identifikatu eta deskribatu baitzuen lehen aldiz patologia hori. Afekzio hau tiroide guruinari eraso egiten dion immunitate-sistemak berak sortzen du, eta gure organismoak behar bezala funtzionatzeko hormona garrantzitsuak sortzea eragozten du, hau da, immunitate-sistemak berak hura suntsitzen duten antigorputzak sortzen ditu.
Modu honetan, Doniachek ikusi zuen odolean proteina immunitario maila altua zuten pazienteei tiroidea kirurgikoki kentzen bazitzaien, maila horiek normaltasunera itzultzen zirela. Era berean, ohartu zen guruin horrek zelula plasmatiko ugari zituela, -normalean infekzioen aurka borrokatzeko antigorputzak sortzen zituztenak ziren-, baina paziente horiengan tiroideen barruko estimulu bati erantzuten ziotela. Antigorputz gehiegi izatea tiroide guruinaren aurkako erreakzio autoimmunea zela ondorioztatu zuen, kanpoko infekzio baten aurkakoa izan beharrean.
Doniach ez zegoen bakarrik ikerlan honetan murgilduta, Ivan Roitt eta Peter Campbelllan zientzialariak izan zituen bidelagun. Hirurek, euren intuizioari jarraituz, ikusi zuten antigorputzek ez zietela aurre egingo kanpoko agenteei. Hipotesi hori berretsi egin zuten Hashimotoren gaixotasuna zutenen pazienteen serumak tiroide guruin arruntaren aterakinekin erreakzionatzen zuela frogatu zuten momentuan. 1956. urtea zen, autoimmunitateaz lehenengoz mintzatzen hasi zirenean.
Esan beharra dago zientzialari horien arteko lankidetza oso emankorra izan zela, tiroidearen osagaietako zeinek estimulatzen zuen erantzun immunea zehaztu baitzuen hirukoteak. Baina Doniachentzat hori ez zen izan landu zuen azterlan bakarra, gaixotasun autoimmune gehiago ikertu baitzituen, hala nola anemia perniziosoa, behazun-zirrosi primarioa eta 1 motako diabetesa. Haren lana funtsezkoa izan zen gaur egun erabiltzen den immunologiako diagnostiko klinikoaren metodologia finkatzeko.
Sariei dagokienez, Doniachek Van Meter saria jaso zuen American Goitre Association erakundearen eskutik (1957). Horrez gain, Gairdner saria (1964), Graduondoko Britainiar Federazioaren saria (1967) eta Emakume Zientifiko Amerikarren Elkartearen eskutik Urteko Emakume Zientifikoaren saria (1984) irabazi zituen. 70eko hamarkadan erretiroa hartu zuen arren, bere arloan lanean jarraitu zuen; immunologiari buruzko bere azken artikulua 2000. urtean idatzi zuen. Jakina da oraindik enigma modukoak direla gaixotasun autoimmuneak, baina Doniachek bere harri koskorra ekarri zuen.
Iturriak
- Mujeres con ciencia. Deborah Doniach, inmunóloga clínica, Efemérides, 2019ko apirilaren 6a.
- Brostoff, Jonathan. Deborah Doniach. Outstanding pioneer of auto-immunology research, The Guardian, 2004ko urtarrilaren 15a.
- Richmond, Caroline (2004). Deborah Doniach, BMJ, 328 (7435), 351.
- Wright, Pearce (2004). Obituary: Deborah Doniach, The Lancet, 363, 995.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.