Joanne Chory (1955): klima-aldaketa atzeratu nahi duen biologoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Klima-aldaketari aurre egitea da gizateriak duen erronka nagusietako bat. HBOren Years and Years telesail distopikoan, pertsonaietako batek bizi dugun egoera etsigarria azaltzen du bakarrizketa bikain baten bidez: “Bada jendea oraindik esaten duena: ‘Hamar urte falta dira hori gertatzeko’. Baina 30 urte daramatzagu horrela. Ez zaigu denborarik gelditzen. Guztiok dakigu hori. Birziklatu, kanpaina bat egin eta kexatu zaitezke, baina uholdeak eta suteak gertatuko dira, eta goseak egongo gara”. Telesailak etorkizun iluna islatzen du, baina ez da beharrezkoa denboran asko aurrera egitea –seriean halaxe egiten dute– arazo horrek dakarren mehatxua ikusteko. Atmosferan CO2 gehiegi dago gizakiaren jardueraren ondorioz. Baina nola egingo diogu aurre horri?

Joanne Chory
1. irudia: Joanne Chory, botanikaria eta genetista. (Argazkia: Salk Institutua)

Baliteke gakoa “superlandareetan” egotea. Bai, ondo irakurri duzu. Horrela esanda, badirudi Emilio Bueso idazleak Transcrepuscular liburuan sortu zuen munduko izaki batez ari naizela, edo etorkizun distopiko bat irudikatu dudala, baina egia esanda, ez gaude errealitate hartatik hain urrun. Joanne Chory, 2019an Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Saria irabazi zuena, egungo landareek baino hogei aldiz karbono dioxido gehiago xurgatu, eta lehorteei eta uholdeei aurre egin diezaiekeen landare bat garatzen ari da. Haren jarduna are esanguratsuagoa da klima-aldaketa atzeratu dezaketela kontuan hartzen badugu.

Joanne Chory biologian graduatu zen Oberlin Collegen (AEB) eta Mikrobiologiako doktoregoa egin zuen Illinoisko Unibertsitatean, 1984an. Lau urteren buruan, doktoretza ondokoa burutu zuen Harvardeko Medikuntza Eskolan. Minutu bakar bat ere galdu gabe, Salk Institutuan hasi zen irakasle laguntzaile gisa. Horren ondotik, 1994an, irakasle agregatua izan zen bertan eta 1998an, ikerketa zuzendari izendatu zuten. 1997an, Howard Hughes Mediku Institutuan hasi zen lanean eta 1999an, San Diegoko Kaliforniako Unibertsitateko biologia zelularra eta garapenaren fakultatean irakasle elkartu izendatu zuten. Halaber, iaz Asturiasko Printzesa saria jaso zuen landareen biologia arloari egindako ekarpenagatik: “Landareak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan eta dibertsitate biologikoaren defentsan garrantzitsuak dira”.

Egun, Salk Institutuko Plant Molecular and Cellular Biology laborategiko zuzendaria eta Howard Hughes Mediku Institutuko ikertzailea da. Haren ikerketek genetika molekularra dute abiapuntu; oro har, landareek euren inguruari nola erantzuten dioten aztertzen du: argia nola jasotzen duten, nola sortzen dituzten hazkuntza-hormonak, eta estres hidrikoari nola erantzuten dioten. Azken batean, ingurumen-baldintza desberdinen aurrean, landareen erantzun molekular eta genetikoak ikertzen ditu.

Suberina da gakoa

25 urte baino gehiagotan, esperimentu mordoa gauzatu du. Horien artean nabarmentzekoa da landareek karbono dioxidoa hartzea eta biltegiratzea, eta baldintza klimatiko desberdinetara egokitzea lortu nahi duen ikerlana. Karbono-erretentzio sistema honetan, suberina izeneko biopolimeroa ei da giltza.

Joanne Chory
2. irudia: Arabidopsis thaliana landarea. (Argazkia: Alberto Salgero – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Landareek produktu natural hori sortzen dute, sustraietan aurki daitekeena, hain zuzen. Modu honetan, xurgatu duten karbonoa egonkortu eta onura ekarriko dien zerbaitetan bihur dezakete. Ildo honi jarraiki, Choryk hitzaldi batean azaldu zuenez, landareek suberina gehiago sortu behar dute eta “are eraginkorragoak bilakatu”. Horretarako, hiru “superbotere” behar dituzte: biopolimero horren kantitate gehiago sortzea, sustrai gehiago edukitzea eta horiek sakonagoak izatea. Ezaugarri horiek guztiak konbina daitezke landare bakar batean eta hain zuzen ere, horixe bera ari dira probatzen Arabidopsis thalianarekin. Helburu hori lortuta, hamar urte barru laborantza-landareekin gauza bera egitea da asmoa.

Bestelako ekarpenak

“Superlandare” horiek sortzeaz gain, Choryk zuzentzen zuen taldeak ikusi zuen landareek hormona esteroide bat ekoizten eta horri erantzuten diotela, euren azken tamaina kontrolatze aldera. Ikerketa genetiko batean, landare-hormonen seinalizazio-sistema oso bat mapeatu zuten. Horrela, esteroideak atzemateko paradigma berri bat zehaztu zuten, gizakiarenaren aldean desberdina dena.

Joanne Chory
3. irudia: Joanne Chory ikertzailea 2017an. (Argazkia: Wikipedia – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Era berean, Arabidopsis thaliana landare-espezieak dituen 30.000 geneen %90 eguneko une berezi batean nabarmenki espresatzen direla ohartu ziren ikertzaileak. Informazio hori baliagarria izan liteke nekazarientzat eta baita klima-aldaketaren ondorioei eraginkortasun handiagoz aurre egin ahal izateko ere. Horretaz gain, fitokromoaren papera eta fotosintesian parte hartzen duten geneen koerregulazioari buruz gehiago jakiteko aukera eman du aurkikuntzak.

Landareen ezagutza saritzea

Choryren zientzia-bideak eman ditu fruituak, sarien itxura izan badute ere. Horien artean, azpimarratzekoa da Breakthrough Prize Saria (2018), eguzki argia energia kimiko bihur dadin, landareek euren hazkundea, garapena eta zelula-egitura nola optimizatzen dituzten aurkitzeagatik jaso zuena. Horrez gain, Genetikako Gruber Saria (2018), eta Emakumeak Zientzian izeneko L ‘Oréal-UNESCO Saria (2000) irabazi zituen. 2012an, AEBtako genetika elkartearen domina jaso zuen. Ezin dugu ahantzi Royal Society eta Frantziako Zientzien Akademiako kide atzerritarra dela eta 1998tik aurrera, Estatu Batuetako Arteen eta Zientzien Akademiako, eta Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide ere badela.Choryk landareen munduan orbitatu du bere bizitza osoan zehar. Protagonistak berak behin adierazi zuenez, “CO2 xurgatzeko makina bikainak dira [landareak]. Eta primeran egiten dute lan hori, 500 milioi urte baino gehiago daramatzatelako horretan“. Apika, Years and Years gisako telesailek irudikatzen duten etorkizun beltza alda genezake. Apika, garaiz gabiltza bide zuzena aukeratzeko.

Iturriak:


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.