Ane Velasco, genetista: “Oso aberasgarria da ikuspegi filosofikoa lantzea”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Ane Velasco Bilbaok genetika ikasi zuen, nahiz eta batxilergoan beste gai batzuk ere gustuko zituen: filosofia, historia… “Ez neukan oso argi, baina agian biologia zen gehien gustatzen zitzaidana, eta genetika beste arloak baino bereziagoa iruditzen zitzaidan. Baina ez nengoen erabat ziur. Orain, ordea, oso pozik nago egindako aukerarekin”, aitortu du.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ikasi zuen, genetika puri-purian zegoen garaian. Izan ere, urte gutxian berrikuntza asko sortu ziren, tartean, CRISPR teknika. Hala ere, ikasten ari zela artean ez zuten susmatzen hain garrantzitsua izango zenik.

ane velasco
Irudia: Ane Velasco Bilbao genetista.

Gaur egun, ordea, ukaezina da duen balioa, eta hala baieztatu du Velascok ere: “Praktiketan, medikuntzan CRISPRek zenbat aukera ematen dituen ikusi nuen, eta sekulako tresna da”. Hain zuzen, orduan hasi zen aztertzen alderdi bioetikotik, eta horregatik aukeratu zuen Filosofia, Zientzia eta Baloreak masterra egitea Euskal Herriko Unibertsitatean.

“Hainbeste aukera izanda, nire buruari galdetzen nion non egon beharko luketen mugak. Beharrezkoa iruditzen zait adostea zertarako erabili eta zertarako ez. Horrez gain, banaketak ere asko kezkatzen nau, desberdintasun handiak sor daitezkeelako teknika eskura duten eta erabiltzen duten herrialdeen eta gainerakoen artean. Uste dut onuragarria dela, eta funtsezkoa dela bermatzea guztion esku egongo dela”, azaldu du Velascok.

Dena dela, mugak jartzea ere beharrezkoa dela iruditzen zaio. Eta Txinako kasua ekarri du gogora: 2018an, Txinan genetikoki eraldatutako bi haur jaio zirela zabaldu zen. “Teknikak horretarako aukera ematen du, baina aukera izateak ez du esan nahi egin behar denik. Kontuan hartu behar dira arriskuak eta zein ondorio ekar ditzakeen horrelako esperimentu batek. Adibidez, haur horiei zerbait gertatzen bazaie, nor da erantzulea?”.

Hala ere, garbi dauka teknikak merezi duela, eta horren erakusgarri da aurten haren garatzaileei (Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna) eman izana Kimikako Nobel saria.

Ikertzen jarraitzeko gogoa

Filosofiako masterra egin ondoren, zientzia-arlora itzultzea erabaki zuen, eta Biomedikuntza Molekularra masterra egin zuen. COVID-19a dela eta, ezin izan zituen praktikak egin, baina Oxfordeko genetika-enpresa batean hastea lortu du, bekadun gisa. Han, CRISPRekin egiten du lana, terapia berriak garatzeko helburuarekin, baina ez ditu xehetasun asko eman, patenteak baitaude tartean.

Alde horretatik, desberdintasun handiak nabaritzen ditu Filosofiako masterrean lantzen zuten ikuspegiaren eta enpresan dagoenaren artean: “Zientzia-arloan ez dago hainbesteko kezkarik. Tresna bat da; behar den horretarako erabiltzen da, eta ez da pentsatzen hortik haragoko kontuetan. Masterrean justu kontrakoa zen; zuhurtzia handiz hartzen zen, eta alderdi praktikoak baino pisu handiagoa hartzen zuten balizko ondorioek”.

Velascori oso aberasgarria iruditzen zaio ikuspegi filosofikoa landu izana, lagungarria baitzaio egiten duena beste ertz batzuetatik aztertzeko eta bestelako galderak egiteko, laborategiko bere lankideek egiten ez dituztenak, adibidez. Hala ere, ikerketan jarraitu nahiko luke: “Bioetikarekin zerikusia badu, hobe, baina ikertzen jarraitu nahiko nuke; asko gustatzen zait laborategiko lana.

Lehen ere izana da atzerrian, Erasmusi esker Erroman egin baitzuen laugarren maila, baina oraingo esperientzia zeharo desberdina da, besteak beste, COVID-19arengatik: “Bekaduna naizenez, laborategian lagundu egiten didate, baina, handik kanpo, zaila da jendearekin egotea”. Irailera arte geratuko da Oxforden, eta gero tesia egitea gustatuko litzaioke, ahal bada, Biodonostian. Han, dementzia frontotenporala ikertzen ari dira, eta horretan ikertu nahiko luke, eta han ere CRISPR erabiltzen dutela zehaztu du.

Fitxa biografikoa:

Ane Velasco Bilbao Algortan jaio zen 1996an eta Genetika gradua egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Ondoren, bi master egin ditu: Filosofia, Zientzia eta Baloreak, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Biomedikuntza Molekularrekoa, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Orain, Oxgene enpresan dabil lanean (Oxford).


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude