Saihestu, ahal baduzu, aulkia eta sofa

Kolaborazioak

Jarduera fisikorik ezak ondorio kaltegarriak ditu osasunean, kutsakorrak ez diren zenbait gaixotasun izateko arriskua areagotzen duelako. Gaixotasun kardiobaskularrak, 2. motako diabetesa eta zenbait motatako minbiziak izateko probabilitatea handiagoa da jarduera fisikorik egiten ez duten pertsonen artean. Jarduera fisikorik eza, beraz, heriotza goiztiar batzuen eragilea da; hori modu esanguratsuan murriztuko balitz, bizi-itxaropena zortzi hilabete igoko litzateke, batez beste, gizateria osoarentzat.

Aurreko paragrafoan esandakoa aski jakina da honezkero. Agian ezezagunagoa da geldirik egoteak ondorio kaltegarriak dituela ere gimnasiora joaten direnen edo egunero tarte batez korrika aritzen direnen artean. Eta ez, bi esaldi horiek ez dira kontraesanezkoak. Jarduera fisikoak ondorio osasungarriak ditu, jakina. Baina egiten duenak bere denboraren zatirik handiena sofan etzanda edo ordenagailuko pantailaren aurrean eserita ematen badu, eragin onuragarriak murriztu egiten dira.

sofa
Irudia: Gure gorputzak aldatu egin dira denboran zehar atsedena hartu ahal izateko, baina aulkian eserita eta sofa batean botata egoteak kalteak eragin ditzakegu epe luzean. (Argazkia: Wokandapix – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Dena den, jarduera fisikoak osasungarria izaten jarraitzen du, baita oso gomendagarria ere, mugimendu gutxiko bizimodua baldin badugu. Zozketaren metafora erabiliz: zenbat eta txartel gehiago erosi, orduan eta handiagoa da tokatzeko probabilitatea. Eserita denbora laburra emanez gero, egoera osasungarrian egoteko txartelak erosiko ditugu; kirolen bat edo jarduera fisikoren bat maiz eginez gero ere bai. Txartel ezberdinak dira. Zenbat eta gehiago erosi, orduan eta handiagoa da osasun ona egokitzeko probabilitatea eta alderantziz.

Entzima lipoproteinlipasak funtsezko rola jokatzen du zozketa horretan. Odol kapilarren barruan dago –argian–, endoteliora erantsita, hau da, hodiak estaltzen dituen zelula geruzara. Odolean zirkulatzen duten dentsitate baxu-baxuko eta oso baxuko lipoproteinen triglizeridoen gainean eragiten du eta molekula bihurtzen ditu. Horiek, halaber, zelula muskularretan sartzen ditu, bere metabolismorako, baita adiposoetan ere, metatzeko.

Egonean egotea osasunerako kaltegarria da, muskuluak ez mugitzeak lipoproteinlipasaren mailak murriztea eragiten duelako, eta, hala, zelula muskularretan sartu behar zuten molekulak odolean geratzen dira. Ondorioz, triglizeridoak kontzentrazio handia izatera eta arazoak sortzera irits daitezke.

Gogora dezagun, amaitzeko, mundu guztiak ez duela bizitza erdia pantailaren aurrean ematen. Are gehiago, batzuek ez daukate aulkirik. Duke Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzerrek hadzen metabolismoa aztertu du, hots, ehiztari eta biltzaile afrikar talde batena. Ez daukate ez aulkirik, ez antzeko ezer, baina lo egiteaz gain, atseden hartzen dute; egunean hamar bat orduko atsedenaldia egiten dute, Mendebaldeko herrialdeetan eserita ematen ditugun orduen adinakoa. Eta, hala ere, hadzek ez dute triglizerido maila alturik odolean. Pontzerren arabera, atseden hartzeko moduan datza gakoa, orpoen gainean kukubilko edo belauniko, orekari eusteko nolabaiteko aktibitate muskularra eskatzen duten jarreretan. Badirudi ezberdintasun «txiki» hori nahikoa dela arazoak saihesteko. Baina haiek imitatzeko asmotan bazaude, hobe ez saiatzea: haurtzarotik egiten ez bada, ez da erraza eta, azkenean, lesio bat izan dezakezu.

Beraz, saihestu, ahal baduzu, aulkia eta sofa, baina, zure lanaren edo beste edozein arrazoiren eraginez ordu asko eman behar badituzu eserita, gutxi gorabehera hogei minutuan behin altxatzea eta berriz eseri aurretik pare bat minutuz mugitzea komeni da. Eta, horrez gain, egunero ordutxo bat ematen baduzu jarduera fisiko moderatua egiten, hainbat txartel erosiko dituzu bizitza osasungarria izateko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Lee, I.M., Shiroma, E.J., Lobelo, F., Puska, P., Blair, S.N., Katzmarzyk, P.T. (2012). Effect of physical inactivity on major non-communicable diseases worldwide: an analysis of burden of disease and life expectancy. Lancet, 380 (9838), 219-29. doi: 10.1016/S0140-6736(12)61031-9.

Pontzer, H., Raichlen, D. (2020). How changing the way you sit could add years to your life. New Scientist, 3291.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.