Ixil, ixilik daude… kilkerrak Hawaiin

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Jakin badakigu kilkerren kantua baliatuta zein tenperatura dagoen kalkulatu daitekeela. Hala azaldu baitzigun Josu Doncel matematikariak.

1. irudia: Egiten duten soinuagatik dira ezagunak kilkerrak. Hawaiiko bi irletan, ordea, mutu geratu dira. (Argazkia: Makamuki0 – Iturria: Everypixel.com)

Bada, Hawaiiko bi uhartetan, ezinezko betebeharra bihurtu da, kilkerrak mutu geratu baitira. Baita azkar mututu ere. Kauai irlan 20 belaunaldi baino gutxiagotan galdu zuten abesteko gaitasuna. Kilkerren %90 baino gehiago mutuak dira.

Ez hori bakarrik. Handik eta 2 urtera, Oahu irlan ere kilker mutuak ere agertu ziren. Eta 12-16 belaunalditan Oahuko kilkerren ia erdia mutua zen.

Are deigarriagoa: prozesu biak modu independentean gertatu dira.

2. irudia: Hawaii artxipielagoko irlen kokapena. (Argazkia: Ziortza Guezuraga)

Bizirauteko mututu

Berez Australian dute jatorria Teleogryllus oceanicus kilkerrek. Presentzia handia dute Pazifikoko irletan eta 1877 aldera ailegatu ziren Hawaiira, gizakien eskutik, ziur aski.

Hawaii artxipelagoan, baina, etsai bortitza dute: Ormia ochracea euli parasitoa. Kantari esker topatzen ditu euliaren emeak kilker kantaria eta haren inguruan eta gainean botatzen ditu bere larbak. Larba horietako batzuk kilkerraren gorputzaren barruan aztarrikatu eta irten baino lehen, barrutik kontsumituko du kilkerra 7-10 egunean zehar, prozesuan ostalaria hiltzen duelarik.

Kontua da Ormia ochracea euli parasitoak ere ez duela jatorria Hawaiin, Amerikako iparraldean baizik; kilkerrak bezala, artxipelagoan sartua izan da. Teleogryllus oceanicus kilkerrak eta da Ormia ochracea euliak, beraz, toki bakar batean egiten dute bat: Hawaiin.

2006an argitaratutako ikerketaren arabera, Kauaiko kilkerren %90 mutu geratu dira 5 urte baino gutxiagotan. Ez da kilkerrek abesteari utzi diotenik: abesteko egiturak galdu dituzte. Hau da, 20 belaunalditan mutazioa jasan dute eta kantatzeko hegaletan zituzten egiturak desagertu dira. Ikerketan bildutako laginen arabera, gainera, ez da erdibideko formarik agertu.

1991tik dabiltza ikertzen kilkerrak zientzialari taldeak eta urtero-urtero gero eta kilker gutxiago ikusi eta entzuten zituzten. 2001. urtean kilker bakarra entzun zuten eta bilaketak egin arren, oso kilker gutxi topatu zituzten.

2003an, ostera, nahiz eta kilkerrik ez entzun, populazio ugaria topatu zuten. Topatutako kilkerrak baina, ezberdinak ziren: kasik guztiak kilker emeen antzeko hegalak zituzten. Flatwing (hegal laua/hegal zapala) izena eman zieten

3. irudia: Teleogryllus oceanicus arren hegalek jasandako aldaketa. Hegalak, nahiz eta soinurik ateratzeko gai ez izan, ez dira emeenak bezalakoak, ez guztiz. (Argazkia: Robin Tinghitellaren irudietatik eraldatua).

Zer garrantzia du honek? Bada, ugalketarako baliatzen dutela kilkerrek kanta. Kilker arrek hegaletan dituzten egiturak baliatzen dituzte kantatzeko (estridulazio izena duena) eta kantari esker, kilker emeak arra lokalizatzeko gai dira.

Ez da hor bukatzen, baina. Behin topatuta gortea egiten du arrak kanta berezitu baten bidez. Estridulazioak, beraz, berebiziko garrantzia du.

Ugalketa aldaketa

Kilker arrek eskumako hegala, non aparatu estridulatzailea duten, ezkerreko hegalaren kontra igurzten dute, kanta ateraz.Eskumako hegalean lima edo karraska dago, batetik, eta, bestetik, harpa eta ispilua osatzen duten erresonantzia egiturak. Ezkerreko hegalean karraskailua dute. Bi hegalak igurzterakoan karraska karraskailuaren kontra jo eta soinua ateratzen du.

Emeek lehen bi hanka parearen tibietan dituzten entzumen organoen bidez aditzen dute soinua eta arrarengana hurbildu. Orduan arrak bigarren kanta motari ekiten dio: gorteatze kanta. Gorteatzearen ostean emeak arraren gainean igo eta arrak espermatoforoa pasatzen dio.

Kantatzeko gaitasuna, beraz, ezinbestekoa da. Hala ere, kantarik egiten ez duten kilkerrek ugaltzea lortu ez ezik, kilker kantariei nagusitzea ere lortu dute.

Zelan erakartzen dituzte emeak soinurik gabe? Egindako ikerketen arabera, kantatzen duten kilkerretara hurbilduz. Oraindik ere kanta egiten duen kilkerra estridulazioa hastean kantatzeko gaitasuna galdu duten kilkerrak zonaldera biltzen dira (satelite portaera hartuz) eta emeak bidean atzematen dituzte. Modu honetan, soinurik egin gabe emeak topa ditzakete.

Eta gorteatze kantari dagokionez? Ez dago argi. Hipotesietako batek dio emeek ugaltzeko baldintzak arindu dituztela edota arrak gorteatze mekanismoak aldatu dituztela. Dena den, frogatuta dago ar mutuekin ugaltzeko predisposizioa mutazioa baino lehenagokoa dela, egindako esperimentuetan mutazioa eman ez den tokietako emeek ar mutuekin ugaltzen baitira.

Edozein kasutan, argi geratu da gorteatze kanta ez dela beharrezkoa ugalketarako. Eta, hala ere, kilker mutuek lima txikia mantentzen dute (mikroskopioan ikusgarria). Ez hori bakarrik kantatzearen mugimendua egiten jarraitzen dute arrazoia zein den ez dakigula.

4. irudia: Kauaiko kilker arren hegalen aldaketak eta Oahu irlako arren hegalen aldaketak, biak ala biak, kilkerrak mututu dituzte, baina modu ezberdinean, irudian ikus daitekeenez. (Irudia: Pascoal, Sonia, et. al. (2014)-etik eraldatua)

Eboluzio konbergentea

Deigarriena, hala ere, ez da mutu geratu izana. Ala mutu izanik ere ugaltzea lortzea. Ezta kantarik ez egin arren kantaren hegal mugimenduak egiten jarraitzea. Fenomenoa bi irla ezberdinetan gertatu izana baizik. Eta, ikerketen arabera, eboluzioa modu independentean eman da bi irletan, eboluzio konbergentean.

Ikerketek ezberdintasunak topatu dituzte bai morfologikoki bai genetikoki. Hegalen morfologiari dagokionez, Kauaiko kilker ar mutuek kanta egituren galera ikusgarriagoa dute. Genetikaren atalean ikerketak erakutsi dutenez, modu bertsuan heredatu arren, fenotipoak ezberdinak dira eta loci ezberdinetara lotuta daude.

Globalizazioa zer den. Australiatik etorritako kilkerrak mututu egin dira Hawaiin Ipar Amerikatik etorritako eulia dela eta. Ondorioz, Hawaiin ezin izango dute tenperatura kalkulatu kilkerren kantua baliatuta.

Bibliografia:

Zuk, Marlene et al. (2006) Silent night: adaptive disappearance of a sexual signal in a parasitized population of field crickets. Biology letters vol. 2,4: 521-4. doi:10.1098/rsbl.2006.0539

Tinghitella, R. (2008) Rapid evolutionary change in a sexual signal: genetic control of the mutation ‘flatwing’ that renders male field crickets (Teleogryllus oceanicus) mute. Heredity 100, 261–267 . https://doi.org/10.1038/sj.hdy.6801069

Bailey, N. W., McNabb, J. R., Zuk, M. (2008) Preexisting behavior facilitated the loss of a sexual signal in the field cricket Teleogryllus oceanicus, Behavioral Ecology, Volume 19, Issue 1, Pages 202–207, https://doi.org/10.1093/beheco/arm123

Tinghitella, R.M. and Zuk, M. (2009), Asymmetric mating preferences accommodated the rapid evolutionary loss of a sexual signal. Evolution, 63: 2087-2098. https://doi.org/10.1111/j.1558-5646.2009.00698.x

Pascoal, Sonia, et. al. (2014) Rapid Convergent Evolution in Wild Crickets, Current Biology, Volume 24, Issue 12, Pages 1369-1374, ISSN 0960-9822, https://doi.org/10.1016/j.cub.2014.04.053.

Iturria:

El silencio de los grillos, Almudena M. Castro, Cuaderno de Cultura Científica.


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.