Gaixotasun zeliakoa glutenarekiko intolerantzia iraunkor bat da. Glutena hainbat zerealen irinak dituzten proteina batzuk dira, batez ere gari-irinak, baina baita ere zekalearenak eta garagarrarenak. Gaixotasun honek, betetasun-sentsazioa edo hantura sabelaldean ez ezik, bestelako arazoak sor ditzake, hala nola, goragalea, beherako kronikoa, idorreria edota urdaileko mina, besteak beste.
Gluten 3S ikerketa taldeak, zeliakoen mesederako aurrerapausoak emateko lan egiten du. Adibidez, glutenik gabeko elikagaiek glutenik ez dutela bermatzen dute laborategian egindako hainbat analitikei esker, zeliakoen osasuna hobetzen saiatzen dira, eta intolerantzia pairatzen dutenak gizarteratzeko lan egiten dute.
Zeliakoek jarraitu behar duten dieta akatsik gabekoa eta orekatua dela bermatzeko, nutrizio-aholkularitza izatea oso garrantzitsua da. Beraz, nutrizio-hezkuntza sustatu ahal izateko, ikerketa taldeak, infografiak, gidak eta bideoak bezalako multimedia materialak landu dituzte eta eskuragarri daude Gluten 3S ikertaldearen gunean. Horrez gain, ikertzaileek dietak diseinatzeko eta ebaluatzeko software berria sortu dute, bai zeliakoentzat, baita sektoreko profesionalentzat glutenik gabeko dieta jarraitzen dela bermatzeko.
Glutena detektatzeko teknikei buruzko aurrerapenak eta zeliakoen bizi-kalitatea hobetzeko nondik-norakoez gehiago jakiteko, Arrate Lasa UPV/EHUko Gluten 3S taldeko ikertzailearekin bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.