Analisi genetikoek berretsi dutenaren arabera Kaliforniako kondorrak partenogenesiz jaio daitezke, alegia, arrak ernaldu gabeko arrautzetatik txitak jaio daitezke.
Oraingoz eztabaidagaia da partenogenesiak lotura duen kondorraren desagertzeko arrisku egoerarekin, baina, hegaztietan oso arraroa den partenogenesia kondorretan ere gerta daitekeela frogatu du ikertzaile talde batek. Ikerketa horrek agerian utzi du beste hainbat espezietan ere partenogenesia gerta daitekeela, baina, oraindik dokumentatutako kasurik ez dagoela. Kaliforniako kondorra desagertzeko arrisku larrian dagoen espeziea denez, hainbat ikerketa programa martxan daude eta programa horiei esker antzeman ahal izan dira partenogenesi kasuak.
San Diego Zoo Wildlife Alliance taldeko ikertzaileek jakinarazi dutenez, Kaliforniako kondorren bi jaiotza gertatu dira arren beharrik gabe. Nolabaiteko jaiotza birjinak, hain zuzen ere. Analisi genetikoek baieztatu dute 2001. eta 2009. urteetan ernaldu gabeko arrautzetatik jaiotako bi txitek haien amekin lotura genetikoa dutela. Aldiz, ez dute loturarik inongo arrekin. Kaliforniako kondorra, Gymnogyps californianus, desagertzeko arrisku larrian dagoen espeziea da. Ipar Amerikako hegaztirik handiena izanik, 80ko hamarkadan desagertzeko zorian egon zen –1982an 22 hegazti besterik ez zeuden-. AEBtako Gobernuak Kaliforniako kondorrari laguntzeko hainbat programa jarri zituen martxan eta, pixkanaka bada ere, gaur egun 500 bat kondor daudela jotzen da -horietako 300 aske-.
Ugalketa asexualeko kasu horiek duela urte batzuk ezagutu ziren, Kaliforniako kondorraren ugalketa programen bitartez. Zientziaren ikuspuntutik, aipatutako jaiotza birjin horiek deskribatzeko zuzenagoa da partenogenesi izena. Hautazko partenogenesia ezaguna eta ohikoa da ornogabe askotan, eta baita zenbait ornodunetan ere, besteak beste, muskerretan, sugeetan eta marrazoetan. Partenogenesi kasuetan, obulua espermatozoideak ernaldu gabe garatzen da eta, horrexegatik, kumeek amaren informazio genetikoa dute soilik. Ohiko ugalketa sexualeko kasuetan, kumeek aitaren eta amaren informazio genetikoa jasotzen dute. Informazio genetikoaren elkartze hori funtsezkoa da organismoen eboluzioan, belaunaldiz belaunaldi aldakortasun genetikoa handitzen delako.
San Diego Zoo Wildlife Alliance taldeko Oliver A. Ryder eta bere lankideek argitaratu duten ikerketaren emaitzen arabera, lehen aldiz antzeman da hautazko partenogenesia Kaliforniako kondorrean. Ikerketa Journal of Heredity aldizkarian argitaratu berri da eta hegaztietan ezohikoa den partenogenesia deskribatu dute. Hautazko partenogenesi kasuak aztertutako emeen % 2,4an gertatu da, ikertzaileen emaitzen arabera. Emaitza horiek iradokitzen dute partenogenesia espeziearen arrisku egoeraren emaitza –hobeto esanda, ugaltzeko zailtasunaren emaitza– izan daitekeela. Ikerketa osagarriak beharrezkoak izango dira kondorraren kasuan hori gertatu den berresteko, baina, beste espezie batzuetan partenogenesia bikote gabeziaren irtenbidea izan daitekeela ikusi da.
Era berean, ikertzaileek azpimarratu dute honek erakutsi dezakeela beste hainbat espezietan ere partenogenesia gertatzen dela, baina, ez dagoela ikertuta. Hain zuzen ere Kaliforniako kondorraren partenogenesi kasuak ezagutzeko ezinbestekoak izan dira bere babeserako eta ikerketarako programak. Beste aurkikuntza bat ere egin dute: dokumentatuta dauden partenogenesi kasurik gehienetan emeak ez dauka arretara iristerik, baina, kondorraren kasuan bai. Arrak tartean zirela gertatu zen partenogenesia, hain zuzen ere. Bestalde, kondorren bizitza 60 urte ingurukoa izaten den arren, partenogenesiz jaiotako kondorretako bat bi urte zituela hil zen eta bestea, aldiz, zortzi urte zituela. Azken bi arrazoi horiengatik, hau da, arrak eskuragarri egoteagatik eta kumeak ugaltzeko adinera ez iristeagatik, partenogenesia bizirauteko estrategia bat dela baztertu egin beharko litzateke. Edozein kasutan, argi dago antzeman diren kasuak oso gutxi direla ondorio garbiak lortzeko eta eztabaidak, momentuz, ez dauka erantzun garbia. Hala eta guztiz ere, ikerketen ezinbestekotasuna agerian gelditu da horrelako gertakariak antzeman eta Natura ulertu ahal izateko.
Informazio gehiago:
- Jason Bittel (2021). Endangered birds experience “virgin birth”, a first for the species, National Geographic, 2021eko urriaren 28a.
- Erredakzioa (2021). California condors can have “virgin births”: study, Huffington Post, 2021eko urriaren 29a.
Erreferentzia bibliografikoa:
Ryder, Oliver A. et al (2021). Facultative parthenogenesis in California condors. Journal of Heredity, 1-6, advance access publication. DOI: 10.1093/jhered/esab052.
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
1 iruzkina
[…] uste du, partenogenesia espeziearen arrisku egoeraren emaitza izan daitekeela. Azalpen guztiak Kondorraren partenogenesia […]