Germaine Benoit 1901eko urriaren 9an jaio zen Parisen. Alaba bakarra zen. Lehen Mundu Gerraren amaieran, 1918. eta 1919. urteen artean, Germainek bi batxilergo eskuratu zituen. 1920an, Fisika, Kimika eta Natur Zientzietako ziurtagiria lortu zuen, Medikuntza eta Kimika ikasketetarako prestakuntza. Ondoren, Kimika Aplikatuko Institutuan matrikulatu zen, Kimikako Eskola Nazionala izango zena, eta hiru urtez joan zen bertara. 1923an, Ingeniaritza Kimikoan graduatu zen eta, 1922. eta 1936. urteen artean, beste bost titulu akademiko lortu zituen kimikan eta biologian.
1924ko ekainaren 1ean, Ernest Fourneau (1872-1949) kimikari eta farmazeutikoak zuzendutako kimika terapeutikoko laborategian laguntzaile gisa sartu zen Pasteur Institutuan. Ikertzaile horrek anestesikoen aurkikuntzan eta suraminaren sintesian parte hartu zuen. Kimika terapeutikoa farmakoen azterketaz arduratzen den kimikaren atala da, eta helburua egituraren, erreaktibotasunaren, propietate fisiko-kimikoen eta jarduera biologikoaren arteko erlazioa zehaztea du. Espezialitate horren helburua da farmako seguruagoak eta sendatzeko propietate eraginkorragoak dituztenak diseinatzeko oinarriak ezartzea.
Germaine Benoitek aurrera egin zuen kimikari gisa Institutuan; besteak beste, honako hauek aztertu zituen: zenbait produktuk nerbio-sistema sinpatikoaren estimulazioan duten eragina, baita nerbio-sistema autonomoak nahi gabe ekintza ugari erregulatzen dituen zatia ere, hala nola muskulu lisoen uzkurdura edo guruin batzuen jariaketa. Germainek malariaren eta loaren gaixotasunaren sintometan eragiteko aukera ematen duten molekulak identifikatu zituen. Ingeniariak Ingeniaritza Kimikoari egindako ekarpen garrantzitsuen artean, sendagaien aurkikuntza eta garapena nabarmentzen da, besteak beste, orsanina (artseniko pentabalentearen deribatu bat) eta errodokina (kinolinatik eratorritako sendagaia). Droga horiek paludismoaren tratamendu gisa erabili ziren, ordura arte erabilitako sendagaiak baino askoz eraginkorragoak baitziren.
Hamar urte geroago, 1934an, Medikuntza Akademiaren Louis Saria jaso zuen farmako sinpatikomimetikoei buruzko ikerketagatik. Sendagai horien propietateek nerbio-sistema sinpatikoaren estimulazioa imitatzen dute, hau da, bihotz-erritmoa bizkortzen dute, arnasbideak zabaltzen dituzte eta odol-hodiak uzkurtzen dituzte.
Germainek doktoregoa lortu zuen zientzia fisikoetan 1942an, Préparation et propriétés physiologiques de quelques Hydroxy-Alcoyl-Hydrazines tesiarekin. Tesia hidrazinaren konposatuen ingurukoa zen; industria farmazeutikoak tuberkulosiaren aurkako sendagai gisa erabiltzen ditu. Urtebete geroago, laborategiko buru izendatu zuten Pasteur Institutuko Kimika Terapeutikoko Zerbitzuan. Ohorezko Legioko Dama izendatu zuten 1947an.
1960an, Daniel Bovet farmakologoak (1907-1992) Germaine Benoit gonbidatu zuen berarekin lan egitera Erromako Instituto Supériore di Sanità institutuan. Bovetek Germainerekin kointziditu zuen Pasteur Institutuko Kimika Terapeutikoko Laborategian 1929. eta 1938. urteen artean. 1957an, farmakologoak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, «gorputzeko substantzia batzuen eragina eragozten duten konposatu sintetiko batzuen inguruan egindako aurkikuntzengatik, eta, bereziki, sistema baskularretan eta muskulu eskeletikoetan duten eraginagatik».
Hurrengo urtean, 1961ean, Germaine Albert Funke (1901-1982) biologoarekin ezkondu zen, hura ere Pasteur Institutuko Kimika Terapeutikoko Zerbitzuko laborategiko burua. Hainbat urtez lan egin zuen harekin (Bovetekin ere ikertzen zuen Italian).
Germaine Benoitek 1962an hartu zuen erretiroa, hark eta Albert Funkek Italiako egonaldia amaitu zutenean. Parisen hil zen 1983ko apirilean.
Egileaz:
Marta Macho Stadler (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 24an: “Germaine Benoit, la ingeniera química que sintetizó medicamentos contra enfermedades infecciosas“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
1 iruzkina
[…] honetan Zientzia Kaieran, Germaine Benoit frantziar emakumeak zientzian egin zituen ekarpenak azaldu dituzte. Bernoit gaixotasun infekziosoen […]