Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Astronomia
Aste honetan, James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu ditu NASAk. Orain arte inoiz unibertsoari ateratako argazkirik sakonenak dira, eta 13.000 milioi urte atzera begiratu aha izan dute hauei esker. Aurkitutako egituren artean, argi infragorria erabiliz SMACS 0723 kumulua behatu ahal izan da, 4.600 milioi argi-urtera dagoen galaxien kumulua. Bestetik, WASP-96 b exoplaneta erraldoiaren espektroskopia-datuak aurkeztu dituzte. Azaldu dutenez, ura detektatu dute exoplanetan, baita lanbroaren zantzuak eta atmosferan lainoak dituen ebidentzia ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Natura Zientzien Museoak meteoritoen gaineko erakusketa zabala antolatu du, eta honen harira, Juanma Gallegok hauen inguruko artikulua idatzi du Alea aldizkarian: Unibertso puxka bat, beldurgarri bezain dotorea. Bertan azaldu duenez, batez bestean, eguneko ehun bat tona meteorito erortzen dira Lurrera, baina horietatik asko hauts baino ez dira. Meteoritoek tamaina eta osaketa oso desberdinekoak izan daitezke, eta asko ikasten da horiei esker. Izan ere, harri puska hauek eraldatu ez den jatorrizko materiala ikertzeko aukera ematen dute, horietako asko Eguzki Sistemaren osaketaren materialetatik datozelako. Gainera, etorkizunean asteroideetan meatzaritza egiteko aukera gero eta gehiago aipatzen ari da.
Teknologia
Ahozko ezgaitasuna duten pertsonek sostengu-lanabes baliogarria eduki dezakete teknologia berrietan. Honen harira, badaude asko erabiltzen diren sistema komertzialak (ezagunak diren ‘Siri’ren edo ‘Google’en laguntzailearen ahotsen modukoak), baina hauek ahots-multzo mugatua izaten dute. Testuinguru honetan ZureTTS proiektua sortu da, norberaren ezaugarriei egokitutako ahots pertsonalizatuak emateko. Proiektu honen bidez, ahotsa galdu baino lehen, grabaketa sorta jakin bat egin daiteke esaldi multzo mugatua erabiliz. Horrela, ahots pertsonalizatua erabili ahal izango da ahotsa galdu ostean. Azalpenak Zientzia Kaieran: Ahots sintetiko pertsonalizatuak.
Ingurumena
Ikerketa batek baieztatu duenez, Euskal Herriko haurrek erraztasun handiagoa daukate kanpoko espezieak izendatzeko, bertakoak baino. Euskal Herriko 12 eta 13 urte bitarteko 1.000 gazterekin egin zen azterketa, eta ikasleen %82,8 hamar animalia izendatzeko gai izan zen, baina %7,4 baino ez zen izan gai hamar landare izendatzeko. Gainera, gehien aipatutako animalia espezieak lehoia, tigrea, otsoa, basurdea eta hartza izan ziren, batzuk kanpoko espezieak. Ornogabe edo anfibioak, esaterako, apenas aipatu ziren. Honegatik, umeak naturara hurbildu behar dira. Azalpenak Berrian: «Naturarekin kontaktu emozionala txikitu da; berreskuratu behar da».
IPBES plataformak aurkeztu duen txostenean ondorioztatu dutenez, naturaren balioa kontuan hartu gabe, epe laburreko onuretara eta hazkunde ekonomikora begira hartzen diren erabaki politikoak dira egungo biodibertsitate-krisiaren arrazoi nagusietako bat. Erabaki hauek guztiak, gainera, pertsonen ongizatea kontutan hartu gabe hartzen dira. Bestalde, orain arte ez da ia ahaleginik egin naturaren balioak erabaki politiko eta ekonomikoetan integratzeko, eta txosten honek informazio erabilgarria eta praktikoa ematen du jakiteko nola aktibatu naturaren balioak. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Biologia
Frontiers in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du amilotx urdinaren lumen distira moteldu dela 2005etik 2019ra. Ikertzaileek uste dute klima-aldaketa izan daitekeela koloreen distira eta intentsitatea aldatzeko arrazoi nagusia. Zehatzago esanda, tenperaturaren igoeraren eta prezipitazioen murrizketaren konbinazioaren emaitza izan daiteke. Ez da lehen aldia hegazti-espezie batean aldaketa fisiko hau sumatzen dela. Amilotx urdinen kasuan alabaina, ikertzaileek azpimarratu dute ez dela genetikoki gertatu den aldaketa bat, plastikoa bizik, eta ingurumen berrira egokitzeko modu bat dela. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Genetika
Artocarpus odoratissimus zuhaitza tropikoan hazten den morazeoen familiako espeziea da. Izen zientifiko hori 1837. urtean eman zitzaion, eta geroago, 1860. hamarkadan, Odoardo Beccari italiar botanikoak Artocarpus tarap eta Artocarpus mutabilis espezieak izendatu zituen. Orain arte azken izen hauek Artocarpus odoratissimus espeziearen sinonimotzat jo izan dira, baina lan berri batek ezbaian jarri du hori. Iban jendeak bi izen erabiltzen ditu Artocarpus odoratissimus zuhaitza izendatzeko: landatzen den zuhaitzari lumok deitzen diote, eta pingan zuhaitz basatiari. Bada, 31 zuhaitzen 451 generen informazioa erabilita, ikertzaileek argi ikusi zuten pingan eta lumok genetikoki ezberdinak direla, eta, beraz, proposatzen dute lumok eta pingan bi espezie ezberdin bezala sailkatzea. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Izenei esker izana aitortu zitzaien zuhaitzak.
Biokimika
Taneko Suzuki biokimikari eta nutrizionista japoniarrak bere garaian aintzatespena ekarri zion produktu bat sortu zuen: hanburgesa baten antzeko itxura, testura eta ontzeko aukera dituen elikagai bat. Marinbeef izena jarri zioten, itsas txahala euskaraz. Honen aurretik, Suzukik ekarpen ugari egin zituen arrantzako zientziaren eta teknologiaren arloan. Zehazki, arrantza produktuetatik eratorritako proteinen erabileran eta aprobetxamenduan egin zuen lan gehienbat. Gainera, Marinbeef garatzeaz gain, Suzukik hainbat lan eta liburu argitaratu zituen ingelesez, bere herrialdean kimika proteikoaren inguruan zekitena Japoniako mugetatik haratago ezaguna izan zedin. Horri esker, gaur egun hain ezaguna den surimiaren zientzia eta teknologia mundu osoan zabaldu zen. Azalpenak Zientzia Kaieran: Taneko Suzuki, arraina (ia) hanburgesa bihurtu zuen biokimikaria.
Osasuna
Tximino baztangaren aurkako txertaketa-estrategia onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak. Estrategia horretan jaso denez, gizonekin sexu harremanak dituzten gizonezkoak lehenetsiko ditu txertaketak. Talde horren barruan sartuko dira tximino baztangarekin kutsatuta egon gabe GIB birusaren prebentziorako tratamenduak hartzen ari direnak, eta baita GIB birusarekin kutsatuta daudenak. Lehentasuna izango dute baita ere pertsona zaurgarriek, hala nola kutsatutako pertsonekin harreman estua izan duten adingabeek, haurdunek eta immunoeskasia dutenek. Gainera, argitu dute baztangaren kontrako txertoa hartua dutenei ez zaiela jarriko bigarren ziztadarik. Datu guztiak Berrian.
Gorka Oribe EHU Euskal Herriko Unibertsitateko farmazia irakasleak pandemiaz eta botiken kutsadurari buruzko ikerketaz jardun du Berriarekin. Azaldu duenez, badirudi joera aldaketa baten aurrean gaudela. Izan ere, hilabeteek aurrera egin ahala immunitatea, batez ere antigorputzena, gutxitu da. Ondorioz, aztertu egin beharko litzateke ea immunitate maila hori gutxitzen ari den, BA.4 eta BA.5 aldaera berriak gehiago kutsatzeko gai diren, eta kutsatze maila altuak ospitaleetan zer presio eragiten duen. Honetaz aparte, azaldu du txertoen banaketa munduan oso desorekatua izatea gainditu gabeko arazo bat dela, pandemia bat modu globalean jorratu behar baita.
Dengearen eta zikaren birusek eltxoak erakartzen dituen usaina sorrarazten dute. Eltxoen bidez hedatzen dira dengearen eta zikaren birusak, eta ikertzaileek ikusi dute infektatutako ostalariak ziztatzeko joera dutela eltxoek. Hauek usaimena erabiltzen dute ostalaria hautatzeko, eta horregatik, infektatutako ostalarien usaina aztertu dute. Ikusi ahal izan dutenez, azetofenona da gakoa, kutsatutako banakoen larruazalean ohi baino kontzentrazio handiagoetan aurkitzen baita. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Paleontologia
Hartz-txakur baten fosila aurkitu dute Pirinioetan, eta “Tartalo” izena jarri diote. Izendapena, hizkera arruntean euskal mitologian ezaguna den pertsonaiaren omenez jarri diote eta, bestalde, Tartarocyon cazanavei izen zientifikoa eman diote. Espezie berri bat da, beraz, eta hau ondorioztatzeko hagin batean oinarritu dira, Amphicyonidae familiako beste aleetan orain arte aurkitu ez duten laugarren aurreko hagin berezkoa duelako. Duela 12 milioi urte bizi izan zen harrapari hau, eta familia honetako espezieak hartz baten eta txakur handi baten ezaugarrien arteko hibridoak zirela esan daiteke. Datuak Zientzia Kaieran: ‘Tartalo’ aurkeztu dute, Miozenoko hartz–txakur berria.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.