Joan den ekainaren 5ea, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatu genuen eta, ez baduzue uste ere, oso efemeride geologikoa da. Ingurumenaz hitz egiten dugunean, oro har, biodibertsitatearekin lotutako irudiak etorri ohi zaizkigu burura lehenik, hau da, inguru batean garatzen den aniztasun biologikoarekin lotutakoak (flora eta fauna). Gutxitan pentsatzen dugu geodibertsitatean –lurralde hori osatzen duten prozesuak, egiturak eta material geologikoak–. Aitzitik, geodibertsitateak zehazten du aurkituko dugun biodibertsitatea.
Eremu bateko geodibertsitatea tokiko historia geologikoaren emaitza da. Milaka urtez izan diren aldaketa, prozesu eta gertakari naturalen ondorioa, egungo paisaian beha daitezkeen arroketan eta egituretan islatuta gelditu direnak. Historia horrek hitz egiten digu gure iraganaz, orainaz eta etorkizunaz, espezie eta gizarte gisa. Eta, aurretik azaldu bezala, historia horrek definituko du inguruan garatuko diren flora eta fauna. Hona hemen zenbait adibide.
Lurralde batek jasaten duen testuinguru tektonikoak topografia kontrolatzen du. Hala, mendi goragune handiak badaude, eragina izango dute ziklo atmosferikoan eta altuerako fauna eta flora banatzeko tokiak sorraraziko dituzte. Ingurune lau zabalak badaude, ordea, garatuko den biodibertsitatea oso bestelakoa izango da.
Eremu batean agertzen diren arrokek baldintzatuko dute han sortuko den zorua. Esaterako, kareharri askoko tokietan, kaltzio karbonatoan aberatsak diren zoruak egongo dira; hareharri gehiago dauden inguruetan, aldiz, silize eduki handiko zoruak egongo dira. Zoruek, aldi berean, inguru horietan finkatuko den landaredi mota zehaztuko dute eta, horrenbestez, kate trofiko osoari eragingo diote.
Uretako geodibertsitatea
Lurralde batean dagoen ura ere bertako ezaugarri geologikoen araberakoa da. Alde batetik, harri porotsuek, kareharriak edo basaltoak kasu, urari zirkulatzen eta metatzen uzten diote, eta, modu horretan ur gordailuak sortzen dira, gainazalekoak edo lurpekoak. Bestalde, material geologikoen higadura bereiziek edota ahalegin tektoniko estentsiboek eragindako hondoratzeek sakonuneak agertzea ekartzen dute, non ura metatu daitekeen, eta hala askotariko biodibertsitatea duten aintzirak eta lakuak ager daitezke.
Kostaldea ere geologiaren eraginpean dago. Kostaldean ageri diren arrokek eta horien geruzen posizioak olatuen korronteekiko eta itsasaldiekiko (alegia, geruzak kostaldeko lerroarekiko paralelo edo zut dauden) zehaztuko dute higadura edo hauste maila. Ondorioz, faktore horien arabera, oso hondar finezko hondartzak edota amildegi arrokatsuak aurkituko ditugu. Lehenetan, batez ere hondarretan lurperatuta bizi diren organismo hondeatzaile ugari egongo dira; bigarrenean, ordea, arrokei finkatuta bizi direnak aurkituko ditugu.
Azaldutako hauek oso adibide orokor batzuk baino ez dira. Gehiago sakonduko bagenu, geodibertsitatearen eta biodibertsitatearen arteko lotura bera aurkituko genuke. Arroken osaera kimikoak eta barne egiturak, baita leku batean milioika urtez gertatu diren prozesu eta egitura geologikoek ere, askotariko ezaugarrietako ingurumen anitzak eragiten dituzte, non bakoitzaren baldintzei egokitutako flora eta fauna garatuko baitira (askotan oso espezifikoak). Historia geologikorik gabe ez litzateke gaur egun gure inguruan daukagu paisaia ikusi. Horrengatik, planteatu behar dugu, gure biodibertsitatea babesteko eta zaintzeko, aurretik gure geodibertsitatea zaindu eta ulertu behar dugula.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.