Asteon zientzia begi-bistan #405

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

alka belarra

Osasuna

Kolon eta ondesteko minbiziaren gene-oinarriak aztertu dituzte euskal populazioan. Koldo García Etxebarria Biodonostiako ikertzaileak gidatutako taldeak egin du azterketa, eta minbizi mota horien prebentziorako eta diagnostiko goiztiarrerako baliabideak lortzea izan da asmoa. Izan ere, Koldok azaldu duenez, munduan diagnostikatzen diren minbizien % 10 kolon eta ondestekoak dira. Gainera, hildako gehien eragiten dituen bigarren minbizi-mota da. Azterketan zehar Donostia Ospitaleko 800 gaixoren eta Euskal Biobankuko 900 kontrol osasuntsuren 5 milioi gene-aldaeratik gora aztertu dituzte. Horren bidez, kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukera handitzen duten zenbait gene-aldaera identifikatu dituzte.

Aurtengo Espainiako epidemiologia-biltzarra Donostian izan da, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta. Batzar honen ardatza oraingoan ingurumena, klima-aldaketa, eta gizarte-desberdintasunak izan dira. Hainbat alor jorratu dituzte aditu ezberdinen laguntzarekin. Elisa Sainz de Murieta ikertzaileak klima-aldaketaren ebidentziak jarri ditu mahai-gainean, eta ekosistemei eragiten dien kalteaz gain, ondorio ekonomikoak ere aipatu ditu. Bestalde, Cristina Linares Gilek klima-aldaketak osasunean dituen ondorioez hitz egin du. Izan ere, klima-larrialdiak gaixotasun berriak sortu baino gehiago, gaitzak hedatzen laguntzen duela nabarmendu du. Batzar honi buruzko datu gehiago Elhuyar aldizkarian aurki daiteke.

Abeltzaintza

María Durán Lázaro baso-ingeniaria da. Aezkoan egin zuen tesia gramineo baten hedapenari buruz, alka belarraren (Brachypodium rupestre) inguruan, hain zuzen ere. Tesian zehar lan asko argitaratu zituen bere taldearekin batera, lurrari, landaretzari eta baita zehazki alka belarraren inguruan ere. Izan ere, alka belarrak balio nutrizional txarra dauka eta honen ondorioz, galera sozioekonomikoak dakartza abeltzaintzan. Honen harira, Duránek frogatu du alka belarraren hedapena eta flora-dibertsitatearen galera ganaduaren eta suaren kudeaketari lotuta dagoela. Abererik gabeko larretan hedatzen da alka belarra, eta, beraz, ganadua galtzeak alka hedatzea eta larreak degradatzea dakar. Elkarrizketa honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: María Durán, baso-ingeniaria: “Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”.

Argitalpenak

Erein argitaletxeak aurkeztu berri du klima-aldaketa aztergai duen komikia, euskarara itzulia. Zer gertatzen da klimarekin? izena du argitalpenak. Jenny eta Ole dira abentura honetako protagonistak, eta pertsonaia hauen laguntzaz irakurleak klima-aldaketari buruzko jakin beharreko xehetasun guztiak ezagutuko ditu; besteak beste, zergatik sortu den klima-aldaketa, zer den berotze globala, zer ondorio dituen etab. Argitalpen honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Klima-aldaketa komikian azalduta.

Astronomia

NASAko Artemis I misioa abuztuaren 29an jarri behar zen abian, baina arazoak izan dituzte, eta irailaren 2ra atzeratu zuten jaurtiketa. Orain, arazo berriak direla eta, irailaren 3rako espero da azken saiakera. Gizakia berriro Ilargira eramateko xedea du Artemis egitasmoak, eta bereziki, lehen emakumea. Artemis I eskifaiarik gabeko misioa da, eta haren helburu nagusietako bat NASAren suziririk ahaltsuena probatzea da. Epe luzera, misio honek Ilargian base iraunkor bat eraikitzeko asmoa du, eta baita orbitan espazio-estazio bat jartzea ere. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Artemis I, gizakia berriro Ilargira eramateko misioaren lehen pausoa, atzeratuta.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..