Isabella Leitch zientzialaria, besteak beste, giza nutrizioan zegoen espezializatuta, eta ekarpen nabarmenak egin zituen arlo horretan. Era berean, mugimendu sufragista eta ideia feministak sutsuki defendatu zituen bere bizitza osoan. Behin, mugimendu sufragistako buru Emmeline Pankhursten alabetako baten antza zuenez, hark Londresen egin behar zuen mitinetako batean parte hartu zuen, haren ordezko gisa, polizia despistatzeko, hizlaria atxilotu nahi bazuten. Azkenean, ez zen beharrezkoa izan, baina enkargu harekiko eta kausa feministarekiko konpromisoa ez zen ahuldu haren bizitza osoan.
Leitch 1890ean jaio zen Peterhead arrantzale-herrian, Aberdeenen, Eskozian. Aita herriko postaria zen eta familiak jarrera irekia eta aurrerakoia zuen emakumeen heziketaren inguruan; izan ere, Leitch eta haren hiru ahizpak eskolara eta gero unibertsitatera joan ziren, eta garai hartan oso emakume gutxik zuten aukera hori. Haurra zela, Peterheadeko haurrak oinutsik ikusten zituen kalean neguko hilabeteetan, pobrezia handia zegoelako; neurri batean horregatik, beti izan zuen desparekotasunaren eta injustizia sozialaren aurkako jarrera aktiboa, eta, esan bezala, feminista porrokatua ere bazen.
1911n, Matematikan eta Filosofia Naturalean graduatu zen ohoreekin (orain Fisikako karrera izango litzateke), Aberdeengo Unibertsitatean, eta 1914an Zoologiako titulua lortu zuen. Ikasketa horiek egiteaz gain, hainbat espezialitatetako ikasgaiak zituen: latina, ekonomia politikoa, filosofia morala, botanika, landare-fisiologia, giza fisiologia eta enbriologia, besteak beste.
Lehen Mundu Gerrako urteetan, Leitchek beka bat jaso zuen Kopenhagen hemoglobina ikertzeko; orduantxe sortu zitzaion genetikarekiko interesa, bizitza osorako. Aberdeenera itzultzen saiatu zen, baina ez zen erraza izan han ikertzaile-postu bat aurkitzea.
Txiroak ez dira merezi dutelako txiro
1923an, aldi baterako liburuzain-lana aurkitu Rowett Ikerketa Institutuan, eta horrek nutrizioari buruz zuen ezagutza ia entziklopediko handiaren oinarriak ezartzen lagundu zion. Aldi berean, horri esker, John Boyd Orren zuzendariaren laguntzaile pertsonal izateko lanpostua lortu zuen, zeinak 1949an Bakearen Nobel Saria irabazi zuen, nutrizioaren arloan egindako ikerketengatik. Geroago azaldu zuenez, ezagutu zuenean, Orrek, bere fede eta heziketa kalbinistagatik, uste zuen txiroak merezi zutelako zirela txiro. Leitchek buruan sartu zion hori gezurra zela, gizarte-desparekotasunaren ondoriozko arrazoiak zeudela, eta ez zela gizabanako behartsuen errua. Azkenean, Orrek gaiari buruzko liburu bat idatzi zuen eta FAOko (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) lehen zuzendaria izan zen.
Institutuan egindako ikerketetako batean, haurren malnutrizioaren lehen sintomak zehaztu nahi izan zituen. 1930eko hamarkadan jadanik ezagutzen ziren nutrizio-gaixotasun zehatzen sintomak, esaterako, eskorbutoarenak eta errakitismoarenak, baina ez zegoen adostasunik desnutrizioak berak eragindakoei buruz; hala ere, horietako batzuen susmoa zuten: larruazalaren aldaketak, anemia, infekzio kopuru handiagoa eta gaueko ikusmen okerragoa, besteak beste. Leitchek zenbait iradokizun egin zituen, esaterako, haurren hanken luzera neurtzea haien altuera osoarekiko.
Datu-bilketa bat egin zuten baina Bigarren Mundu Gerrak eten zuen, eta emaitzak handik zenbait urtera argitaratu behar izan zituzten, 1952an. Leitchek berak argitaratutako ondorioetako baten arabera, hanka luzeagoak zituzten haurrek, oro har, hanka laburragoko haurrek baino bronkitis kasu gutxiago zituzten adin guztietan, eta horrek osasun- eta nutrizio-egoera hobea iradokitzen zuen.
Edoskitzearekiko, haurdunaldiarekiko eta jaiotza-uneko pisuarekiko interesa
1950eko hamarkadaren hasieran, Leitchek Medikuntza Obstetrikoko Ikerketa Unitatean egiten zuen lan. Han, ama-esneari eta edoskitzeari buruzko zenbait ikerketa bultzatu zituen, eta haurdunaldiaren fisiologiari buruzko lehen berrikusketa sistematikoan hartu zuen parte, zeinetan prozesu fisiologiko hori, neurri batean, nutrizio-prozesu gisa ulertzen zuten: fetua eta haren garapen-ingurunea eraikitzeko pieza kimiko batzuk lortzea eta, aldi berean, balio ez duten molekulak eta substantziak baztertzea. Prozesu horren inguruan gertatzen diren aldaketa metaboliko ugariak direla-eta, zaila zen egoera hori deskribatzea, eta informazio asko bildu eta antolatu behar zen lan hori argitaratzeko.
Leitchek lan egiten zuen unitateari gehien interesatzen zitzaion alderdietako bat haurtxoek jaiotzean zuten pisuarekin eta horretan eragiten zuten faktoreekin zegoen lotuta. Batzuetan, datuetatik abiatuta, ikerketek norabide harrigarriak hartzen zituzten. Horietako bat itsas ugaztunen eta lehorrekoen arteko pisu-desberdintasunekin lotuta zegoen. Garai hartan argitaratutako ikerketa baten arabera, uretako ugaztunen fetuak, erditzean, lehorreko ugaztunenak baino handiagoak ziren (uretakoenak, amaren pisuaren % 4-5 inguru pisatzen zuten; hartz eta lehoienak, berriz, amen pisuaren % 1 inguru).
Hala ere, hori ez zetorren bat gizakien kasuarekin; izan ere, haurtxoek amaren pisuaren % 5 edo % 6 inguru pisatzen dute jaiotzean. Hori ikusita, unitate horretako zientzialariek 114 ugaztun-espezietako jaioberrien pisuari buruzko datuak bildu zituzten, ikerketarako joera edo eredu interesgarrien bila. Ikusi zuten oso lotura zehatza dagoela fetuaren eta amaren pisuaren artean, ehunka espezietan (esaterako, saguzarretan eta baleatan).
Leitchek eragin handia izan zuen nutrizioaren arloan eta, besteak beste, Nutrition Abstracts and Reviews aldizkaria sortu zuen eta horren lehen aleen editorea izan zen. Aldizkariak arrakasta izan zuen, neurri handi batean, Leitchek mundu osoko zientzialari askorekin zituen harreman onei, hainbat hizkuntza menderatzeari eta zuen adimen kritiko zorrotzari esker; izan ere, oso lehiatsua izan zitekeen lan batek bere aldizkarian argitaratzeko behar adinako kalitatea ez zuela uste zuenean.
Nola eta zertarako egiten da berrikusketa sistematikoa?
Ikerketa eta literatura zientifikoaren esparruan ere ikus daiteke Leitchen eragina; hain zuzen ere, asko gustatzen zitzaion ideia edo hipotesi jakin baten jatorrira jotzea, eta esperimentuak eta ebidentziak biltzea ideia horren sendotasuna ebaluatzeko. Haren review eta analisi sistematikoak (ondorio orokorrak ateratzeko gai berari buruz egiten diren azterketa zientifikoen bildumak, ebidentzia zientifikoa lortzeko modurik sendoena) zuhurrak, ulerterrazak eta oso zehatzak ziren.
Hori dela eta, 1959an, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalak Washingtonen antolatutako Informazio Zientifikoko Nazioarteko Biltzarrean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. Haren ekarpenak, «Berrikusketa kritiko eta analitikoen lekua garapen-bidean den edozein zientzia biologikotan eta ikerketan duen rola» izeneko artikuluak, aintzatespen handia eta aipamen asko izan zituen hainbat hamarkadaz. Lan horretan, hasteko, esaten du berrikusketa horiek egiteko datuak eta aurkikuntzak erabili behar direla, datu horiek atera dituzten egileen iritziak erabili beharrean.
Leitch 1980an hil zen, eta ondare handi bat utzi zuen, ez soilik nutrizioaren arloan, baita ikerketa zientifikoaren eta ikerketa hori kidekoen artean komunikatzearen arloetan ere.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Hytten, Frank (2010). Isabella Leitch’s contributions to the development of systematic reviews of research evidence. Journal of the Royal Society of Medicine, 103 (3), 114–117. DOI: 10.1258/jrsm.2009.09k065
- Thomson, A. M. (2007). Obituary Notice Isabella Leitch (1890–1980). British Journal of Nutrition, 45 (1), 1.-4.
- Pemberton, John (2001). Commentary: Isabella Leitch (1890–1980)— a personal memoir. International Journal of Epidemiology, 30 (2) 216-217.
- Wikipedia, John Boyd Orren.
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 19an: Isabella Leitch, la nutricionista feminista que estudió la relación entre el peso de los mamíferos recién nacidos y sus madres.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
1 iruzkina
[…] zuen eta horren lehen aleen editorea izan zen. Emakume zientzialari honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur […]