Asteon zientzia begi-bistan #423

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

klima-aldaketa

Emakumeak zientzian

Jone Bilbao Antolinek hiru urte daramatza Urdaibaiko urak ikertzen, eta berak irabazi du txiotesia lehiaketaren azken edizioa, txiotesi ulergarrienaren kategorian. Bilbaok adierazi duenez, beti izan du interesa izaki bizidunetan, baina baita kutsaduran, fenomeno meteorologikoetan, eta halako prozesuetan. Eta Ingurumen Zientzietan ikusi zuen aukera horiek denak ukitzeko. Fitoplanktonaren laborategian dabil, eta organismo horiek eredutzat hartuz, Urdaibaiko egoera aztertu du bere tesian. Izan ere, Urdaibai biosferaren erreserba bat bada ere, 2021 urtera arte ur fekalak isurtzen ziren bertara. 2021etik aurrera, ordea, Gernika-Lumoko eta inguruko ur fekalak Lamiarango araztegira eramaten dira, eta Bilbaok berehala sumatu zuen estuarioko uren hobekuntza, amonio- eta fosfato-kontzentrazioetan, adibidez. Zientzialari honi buruzko informazio gehiago irakur daiteke Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Ozono-geruza bere onera itzultzen ari dela baieztatu du ikerketa batek. Munduko Meteorologia Erakundeak zabaldu du berria, eta azaldu dutenez, ozono-geruzarentzat kaltegarriak diren substantzia kimikoen %99 ezabatu da mundu mailan, eta horri esker berreskuratu da geruza. Hobekuntza horrek, era berean, tenperaturaren igoera moteltzea espero da, eta berotze globala 0,5 gradu txikiagoa izan liteke mende bukaeran, bide honetan jarraituz gero. Honekin batera, eguzkiaren erradiazio ultramoreak gizakiongan duen eragina ere murriztuko da. Artikoan gutxi gorabehera 2045ean itzuliko litzateke geruza bere onera; 2066an Antartikan eta 2040an munduko gainerako lekuetan. Datu guztiak Garan.

Hiriak berdetzeak diskriminazio soziala areagotzen duela frogatu du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikerketa talde batek. Hau da, gune berdeak sortzeak edo zeudenak bere onera ekartzeak maila ekonomiko altuko pertsonak erakartzen ditu; etxebizitzen prezioak igo egiten dira eta maila ekonomiko apalagoko jendea kanpo geratzen da. Zehazki, aztertutako 28 hirietatik 17tan berdetzeak gentrifikazioa eragin zuen. Egileek gogorarazi dute hiriak berdetzeak onura nabarmenak dakartzala osasunean, kliman, eta ekonomian, baina azterketak agerian jarri du banaketa eta eskuragarritasuna ez direla ekitatiboak. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murritz dezake, UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group taldeek egindako ikerketa batean ondorioztatu denez. Emaitza hori lortzeko Gasteizko Errekaleor auzoko biztanleen energia-aztarna EAEkoekin alderatu dute. Azterketaren arabera, alde horren arrazoi nagusia kontsumo-ondasun eta -zerbitzuak ekoizteko erabiltzen den energia da. Zehazki, estatuko energia primarioaren aztarna totalaren % 81 dagokio produktu eta zerbitzuetan txertatutako energiari; EAEkoaren % 75, eta Errekaleorrekoaren % 66. Azalpenak Zientzia Kaieran: Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du.

Klima-aldaketa

ExxonMobil petrolio-konpainiaren eredu klimatikoek zehaztasunez iragartzen zuten klima-aldaketa, duela 45 urte. 2015ean kazetariek argitara atera zuten, konpainiaren barne-dokumentuen arabera, jakitun zirela erregai fosilek berotze globala eragin zezaketela, eta horrek ondorio larriak izan zitzakeela ingurumenean. Kazetariek ExxonMobil salatu zuten, informazio hori izan arren, klima-aldaketa ukatzen zuten mezuak zabaltzeagatik. Konpainiak ukatu egin du orain arte halako informaziorik zutenik, baina orain, Science aldizkarian argitaratu duten lan berri batek berretsi egin du aurreko ikerketek erakusten zutena, hain zuzen ere, petrolio-konpainiaren txostenek berotegi globala ongi iragartzen zutela, baina konpainiak egindako adierazpen publikoak kontraesanean zeuden euren datu zientifikoekin. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Eboluzioaren ikuspegitik, altruismoa jarrera harrigarria da, janaria ematen duenak beste taldeko kideei lehiarako abantaila emango liekeen baliabide bat galtzen baitu. Gizakietan eta beste hainbat animalietan, alabaina, altruismoa jarrera arrunta da, eta hiru arrazoiengatik merezi du. Lehenengoa, ahaideen artean altruista izatea da, geneen zati bat partekatzen denez, ondare genetikoaren zati batek irautea errazten baita. Bigarrena, bizkarroikeria onartua da, eta hirugarrena, elkarrekikotasuna. Primateetan ez ezik, Desmodus rotundusa saguzar hematofagoetan ere ikusi da jarrera altruista. Saguzar hauek lortzen duten odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen dute, eta odola partekatzean, espezie horretako saguzarrek lotura iraunkorrak ezartzen dituzte kideekin. Honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Altruismorako arrazoiak.

Psikologia

Gizakia geroz eta urrunago dago naturatik. Oro har, aire zabaleko ekintza gutxi gauzatzen ditugu egunean zehar; naturan are gutxiago, eta munduan zehar pertsona gehiago bizi dira hirietan landa-eremuetan baino. Ikerketa batzuek jada enpirikoki neurtu dute deslotura hori, kulturak izan duen bilakaerari erreparatuz. 2014an, adibidez, ikerketa talde deskonexio hau frogatu zuen Disney-ren marrazki bizidunetako filmak aztertuz, ikusi baitzuten urteak joan ahala pelikulek geroz eta paisaia natural gutxiago irudikatzen zituztela. Gainera, gure produktu kultural batzuk adierazten duten moduan, natura bera “erreplikatu” dugu birtualki, eta Pokémon eta Avatar filmak dira honen adibide argia. Azalpenak Zientzia Kaieran: Lurreko “estralurtarrak”.

Antropologia

Goi Paleolitoko zeinu ez-figuratiboak egutegi baten osagaiak zirela iradoki dute. Duela 42.000 urteko margoak eta grabatuak aztertuz ondorioztatu dute zeinu haiek egutegi fenologiko-meteorologiko baten osagaiak zirela, eta ikertzaileen arabera, proto-idazketa baten zantzuak dira. Artelan hauetan hiru zeinu ohikoenak lerroa, puntua eta Y zeinua dira, eta komunikazio-unitate gisa funtzionatzen zutela proposatu dute ikertzaileek, eta marra- eta punto-sekuentziek udaberrian hasten zen ilargi-egutegi batekin bat egiten dutela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Iruñeko Erresumari lotutako hiru errege historikoren azterketa antropologikoa egin du ikerketa talde batek Aragoin. Hiru errege horien hezurrek esaten dutenari adi, izandako bizimodua eta itxura birsortu dituzte. Protagonistak Antso Ramiritz eta Petri I.a Santxitz dira, biak Iruñeko eta Aragoiko errege izandakoak; eta Ramiro I.a Aragoikoa, Antso Ramiritzen aita. Bada, hiruren bizimoduei buruzko informazioa biltzeaz gain, Petri I.aren eta Ramiro I.aren burua hiru dimentsiotan sorberritu dituzte, bigarrenaren heriotza ere argitu dute, eta kronika historikoek ziotena gezurtatu dute honela. Izan ere, kroniken arabera, Ramiro I.a begian gezi batek jota hil zuten, baina hezurren arabera, sabelean lantza bat sartuta. Informazio gehiago Berrian: Hezurrek kontatzen dutena.

Teknologia

Hainbat enpresa hasiak dira elikagaiak sortzeko 3D inprimagailua erabiltzen; Iruñako Cocuus enpresa da horietako bat. Laborategietan hazitako zelulak, fabrika handietako haragi hondarrak eta landareetan oinarritutako haragi artifizialak erabiltzen dituzte bertan janaria inprimatzeko. Duela hamar urte hasi zuen Cocuusek ibilbidea, eta orin gai dira ilarrekin eta oliba olioarekin hirugiharraren testura eta zaporea duen kopia sortzeko. Orain, Softmimic proiektua jarri dute martxan, pureak 3D objektu bihurtzea helburu duen proiektua. Honela, disfagia dutenei eta adinekoei lagundu nahi die, janariaz gozatzen jarrai dezaten. Txuleta itxura eta zaporea duen purea egiten dute, adibidez. Azalpenak Berrian: Etorkizuneko mantenua.

Argitalpenak

Marc D. Hauser psikologo eta biologoak Gogo basatiak (2000) liburuan animalien adimenari buruzko hainbat galdera erantzuten ditu, animalien pentsatzen dutenaren eta sentitzen dutenaren inguruan. Erantzun hauek psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta daude, eta hautespen naturalak animalien gogoak nola moldatu dituen argitzen dute. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.