Asteon zientzia begi-bistan #441

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ingurumen-ingeniaritza

Arrate Santaolalla ingurumen-ingeniaria da, eta bere lanean mikroorganismoak erabiltzen ditu solubilizazio-prozesu batean, metalak berreskuratzeko. Bi alderditan aplikatu eta ikertu dute bioprozesu hori. Batetik, biomekanizazioan, eta, bestetik, biolixibiazioan. Santaolallak aitortu du pozik dagoela ikerketa-munduan egiten ari den lanarekin, baina ingurumen arloko ikerketetan finantziazio falta sumatzen duela adierazi du. Bestalde, dibulgazioaren eta hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du ikerketan ere, aurkikuntzak gizartera hel daitezen. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Arrate Santaolalla, ingurumen-ingeniaria: “Mundua hobetzeko ikertzen dugu”.

Argitalpenak

Mia. Marteko robota (2022) Josu Goiko eta Juan Rolleren liburuak haurrei Marteko istorioak azaltzen die. Denonartean argitaletxearen liburuak zientzia eta abentura uztartzen ditu. Mia izeneko robota da liburuko protagonista, eta pertsonaia horrek bere egunerokoa aurkeztuko du planeta gorrian.

Teknologia

Perovskita mineralaz osatutako eguzki-zelulen efizientzia eta egonkortasuna frogatu du nazioarteko ikerketa batek. Oxfordeko Unibertsitateko Henry Snaith fisikariak eta UPV/EHUko Juan Luis Delgado Ikerbasque ikertzaileak informazioa bildu dute gai honen inguruan, azken urteetako ikerketak aztertuz. Hala ondorioztatu dute gaur egun silizio kristalinozko zelulak izan arren merkaturatzen direnak, perovskitaz eginikoak efizienteagoak direla (% 25etik gorako efizientzia), eta kostu txikiagoa dutela. Izan ere, mineral hori ekonomikoki merkeagoa da eta gutxiago kutsatzen du silizioa araztearen aldean. Emaitza hauek etorkizunean gailu fotovoltaiko egonkorragoen eta efizientzia handiagokoen garapena sustatzea espero da. Datuak Zientzia Kaieran: Efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak.

Ingurumena

Bioplastikoek uste baino iraupen luzeagoa dutela ondorioztatu du ikerketa batek. Bioplastiko horiek itsasoan nola degradatzen diren aztertu dute, eta ikusi dute urte bat baino gehiago irauten duela batere degradatu gabe. Bioplastiko erabiliena PLA da, artotik, maniokatik, erremolatxatik eta abarretik abiatuta ekoizten den materiala, eta biodegradagarri eta konpostagarri gisa etiketatzen da. Alabaina, baldintza industrial jakinetan degradagarria den arren, prozesua ez da hain erraz gertatzen ingurumenean. Emaitzok ikusita, ikertzaileek aldarrikatu dute beharrezkoa dela materialak ingurumenean nola degradatzen diren jakiteko azterketak estandarizatzea. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Plastiko biodegradagarriak ez dira hain biodegradagarriak.

Lurra sistema egonkor bat izateko muga berriak proposatu ditu nazioarteko ikerketa batek, mundu osoko pertsonen segurtasuna eta justizia kontuan hartuta, lehenengoz. Lurraren egonkortasuna eta erresilientzia mantentzeko guztira 8 muga seguru eta justu proposatu dituzte. Besteak beste, klimari, biodibertsitateri eta ekosistemei dagozkie, eta pertsonen segurtasuna eta justizia gehitu dituzte ekuazioan. Hala ikusi dute, bi irizpide horiek kontuan hartuta, mugak zorrotzagoak direla. Kalkulatu dutenez, lurrazalaren % 52 hartzen duten eremuetan bi muga edo gehiago gaindituta daude dagoeneko, eta horrek munduko giza populazioaren % 86ri eragiten dio. Datuak Elhuyar aldizkarian: Lur seguru eta justu baten mugak aurrekoak baino estuagoak dira.

Farmazia

Botiken soberakinak eta ontziak dagozkion tokira eramatea oso garrantzitsua dela gogorarazi du Juan del Arco Bizkaiko Farmazeutikoen Elkargoko zuzendari teknikoak, Bizkaiko Medikuen Elkargoak antolatutako Impacto medioambiental de los farmacos jardunaldietan. Juan del Arcok gomendatu du tratamendu bat amaitzen denean sobera dauden medikamentuak farmazietako SIGRE edukiontzietara eramatea, baita kutxa ere, nahiz eta hutsik egon, arrastoak egon baitaitezke. Mota honetako hondakinak ondo kudeatzen ez badira, oso kaltegarriak izan daitezke ingurumenerako. Kudeaketa hau bereziki garrantzitsua da antibiotikoen kasuan, uretara edo zabortegietara botatzen badira, erresistentzia sor baitezakete. Azalpenak Berrian: «Antibiotikoak txarto kudeatzen badira, oso arriskutsuak dira».

Biologia

Animalien aldean, ahalegin gutxi egiten dira landareen kontserbazio politiketan, Richard T. Corlett ekologo eta biodibertsitatean adituak ohartarazi duenez. Haren esanetan gainera, erreinu begetala babestea animaliak babestea baino merkeagoa eta errazagoa izan daiteke. Ekologoak nabarmendu du, alabaina, jende, espazio, finantziazio eta monitorizazio gehiago behar dela helburu hori lortzeko. Bestalde, dagoen ezagutza optimizatu aldera, online jarritako metaherbario bat osatzea proposatu du, herbario desberdinetako informazioa elkar lotzeko. Artikulu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: ‘Ikusezinak’ dira landareak, baita zientziarentzat ere.

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek baraualdia egitean gertatzen diren prozesu fisiologiko eta biokimikoak azaldu ditu Zientzia Kaierako artikulu berri batean. Pertsona batek barau egiten duenean gertatzen den lehenengo gauza da metabolismoak behera egiten duela. Horren ondorioz, bihotz taupaden maiztasuna murrizten da, gorputzeko tenperatura 37 gradutik 35,5 gradura jaisten da, eta oro har, gorputzak masa galtzen du. Metabolismoa moteldu egiten da nagusiki hormona paratiroideo gutxiago jariatzen delako, eta pentsatzen da hormona horren jariapena gutxitzen dela adipozitoek leptina gutxiago jariatzen dutelako. Kalkulatzen da 70 kg pisatzen duen eta 18 kg gantz erreserba dituen pertsona batek 100 egun iraungo lituzkeela bizirik baraualdian. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Baraua.

Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Diadromoak dira ibairik itsasora migrazioak egiten dituzten espezieak, eta kontrako bidaia egiten dutenak katadromoak dira. Arrain horien adibide dira izokinak, aingirak eta itsas amuarrainak, besteak beste. Euskal Herrian aurkitu daitezkeen arrain diadromoak kolaka, lanproia, aingira, izokina eta itsas amuarraina dira. Arrain espezie horien onurak eta mehatxuak kontuan izanda, AZTIk Europako agintariei eskatu die ardura har dezatela hauen kontserbazioa sustatzeko. Azalpen guztiak Berrian: Joan-etorriko arrainen balioa.

Neurologia

Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan. AEBetako Neural Correlate Society elkarteak antolatzen du lehiaketa hori, eta aurten Harry Potterren geltoki magikoaren inguruko begitazioak irabazi du lehenengo saria. Lehiaketaren helburua pertzepzioaren eta kognizioaren inguruko ikerketa zabaltzea da. Aurtengo hiru irabazleen lanak ikusteko, jo Berriako artikulura: Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.