Arrate Santaolalla, ingurumen-ingeniaria: “Mundua hobetzeko ikertzen dugu”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Ukaezina da gaur egun ingurumenaren zaintzak eta leheneratzeak duen garrantzia. Arrate Santaolalla Ramirezek horretan ikertzen du, baina ez zen horregatik hasi horretan. Onartu du, hala ere, betitik iruditu zaiola funtsezkoa ingurumena zaintzea, baina, batez ere, gustuko ikasgaiekin eta irakasleekin topo egin izanak eraman dute bide horretatik. Are gehiago; ingurumenarekin lotutako sailetara, bizi-zientzietatik iristen dira asko; Santaolalla, ez: “Industria Kimikoa Ingeniaritza Gradua ikasi nuen EHUn, eta, hor bertan, laugarren mailan, ingurumen-teknologiak izeneko ikasgai bat zegoen, eta konturatu nintzen gustatzen zitzaidala”.

Hala, Ingurumen Ingeniaritza masterra egitea erabaki zuen. Han ezagutu zituen master-amaierako lanaren zuzendariak izango zirenak, eta haiek proposatuta hasi zen ingurumen-ingeniaritzan ikertzen.

Arrate Santaolalla
Irudia: Arrate Santaolalla Ramirez ingurumen-ingeniaria.

Santaolallak azaldu duenez, prozesu industrialak aurrera doaz, eta hondakinak sortzen dira. “Hondakin horiek kudeatu behar dira, eta, teknologiak horretan laguntzen du”. Horren adibide da bere lana: “Guk metalak berreskuratzen ditugu. Mikroorganismoak erabiltzen ditugu solubilizazio-prozesu batean, metalak berreskuratzeko”.

Berez, bi alderditan aplikatu eta ikertu dute bioprozesu hori. Batetik, biomekanizazioan, mikroegituren ekoizpenean; eta, bestetik, biolixibiazioan, tresna elektriko eta elektronikoen zirkuitu inprimatuetan dauden metalen berreskuratzeko, adibidez. “Izan ere, gero eta gehiago metatzen dira munduan, eta horien kudeaketa arazo oso larria da. Gu horretan zentratzen gara”, zehaztu du.

Finantzazioa, zailtasun nagusia

Santaolallak aitortu du pozik dagoela ikerketa-munduan egiten ari den lanarekin, bere aletxoa jartzen ari dela iruditzen baitzaio. Baina oztopo handi bat ere aurkitu du: finantzazioa lortzea. “Bekak eta diru-laguntzak, normalean, beste talde batzuei ematen dizkiete; agian, ikerketa oso garrantzitsuak egiten dituztelako. Baina, hori hala izanda ere, ingurumena gure osasunarekin erlazionatuta dago, eta ez dugu ahaztu behar funtsezkoa dela zaintzea”.

Haren iritziz, dibulgazioak lagundu dezake babes handiagoa lortzen, baita irakaskuntzak ere. “Dibulgazioa ikerketaren parte da. Jendeak ikusi behar du zertan egiten dugun lan, zer lortzen dugun, zer ondorio dituen… Nire ustez, horrek lagundu dezake ikerketaren garrantziaz jabetzen eta finantzazioa hobetzen”.

Bestalde, gustuko du irakasle-lana: “Nik ikasitako guztia, gazteei irakasten nabil. Baita ikerketa zein garrantzitsua den; ez bakarrik ingurumen-arloan, baizik eta arlo guztietan, mundua hobetzeko, nolabait. Horretarako egiten dugu ikerketa”.

Etorkizun labur-ertainean, hezkuntzan eta ikertzen jarraitzea gustatuko litzaioke. Izan ere, gustura dago taldean: “Talde txikia gara, eta uste dut guztiok gaudela gustura, eta egiten duguna oso garrantzitsua dela”.

Fitxa biografikoa:

Arrate Santaolalla Ramirez 1991n jaio zen, Gasteizen. Industria Kimikaren Ingeniaritzako Graduko titulua lortu ondoren, Ingurumen Ingeniaritza Masterra egin nuen (Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Kantabriako Unibertsitatearen artekoa). 2017an doktorego-ikasketak hasi zituen Astrid Barona eta Naiara Rojo doktoreen zuzendaritzapean, 2021eko uztailean, doktorego-tesia defendatu zuen UPV/EHUn: Copper solubilization strategies for mold biomachining and bioleaching from printed circuit boards, eta Ingurumen Ingeniaritzako “Nazioarteko Doktorea”-ren aipamena lortu zuen. Doktoregoan, nazioarteko egonaldi bat egin zuen National University of Ireland Galway-n (NUIG).

Informazio gehiago:

  • EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza (2023). EHU Ekinean podcasta: Arrate Santaolalla Ramírez, Campusa aldizkaria, UPV/EHU.
  • Zuazagoitia, Daniel; Rojo, Ainara; Santaolalla, Arrate eta Zuazagoitia, Iñigo (2018). Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatutako hiri-hondakin solidoen errefusaren karakterizazioa. Ekaia, 34, 225-241. DOI: 10.1387/ekaia.19068

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.


Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

  • […] Arrate Santaolalla ingurumen-ingeniaria da, eta bere lanean mikroorganismoak erabiltzen ditu solubilizazio-prozesu batean, metalak berreskuratzeko. Bi alderditan aplikatu eta ikertu dute bioprozesu hori. Batetik, biomekanizazioan, eta, bestetik, biolixibiazioan. Santaolallak aitortu du pozik dagoela ikerketa-munduan egiten ari den lanarekin, baina ingurumen […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.