Alga inbaditzaileak mahastizaintzarako

EHUko ikerketa

Mahastizaintzan oso ohikoak dira tratamendu kimikoak. Hauek murrizteko edo ordezkatzeko balio lezaketen estrategia ekologikoen bila dabiltzate UPV/EHU eta IFAPA institutua buru dituen SEAWINES proiektuan. Honetan, alga inbaditzaile batek mahatsondoen defentsa-mekanismoak nabarmen aktibatzen eta indartzen dituela frogatu berri dute. Ikerketa gehiago behar badira ere ikusitakoa landa-eremuan berresteko, ikertzaileak baikor agertu dira alga horren estraktuak izan dezakeen etorkizunarekin.

2030. urterako nekazaritzan erabiltzen diren pestiziden % 50 murrizteko helburua jarria du Europako Batzordeak. Jakina da, bestalde, mahastizaintzan bereziki ugariak direla halako produktuak, ohikoak direlako askotariko organismoen infekzioak. Hala nola mildiua eta oidioa, biak ala biak onddoek eragindakoak. Hain zuzen, bi onddo horien kontrako “alternatiba estrategiko eta ekologiko bat bilatzeko asmoz, SEAWINES proiektua abiatu genuen orain dela urtebete pasa”, dio Iratxe Zarraonaindia Martinez UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ikerbasque ikertzaileak.

alga
Irudia: IFAPA institutuaren Rancho de la Merced zentroko mahasti bat (Jerez de la Frontera, Cadiz), non Ulva eta Rugulopteryx estraktuen inpaktua testazen ari baitira Tempranillo barietatean. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Itsasoko makroalgak erabiltzea da proiektuaren asmoa. Azken urteetan gero eta gehiago erabiltzen dira algak nekazaritzan, frogatu baita hainbat alderditan eragiten dietela onura laboreei, hala nola haziak ernetzen, landareen hazkuntza eta osasuna areagotzen, eta ura eta elikagaiak xurgatzen hobetzen. SEAWINESen, bi algaren eragin bioestimulatzaile eta fungizida aztertzen ari dira: Ulva ohnoi, zeinaren onddoen kontrako potentziala dagoeneko ezaguna den, eta Asiatik etorri eta Mediterraneoaren itsasertzean izugarri zabaldu den Rugulopteryx okamurae alga inbaditzailea. Azkeneko horren “eragin babesleari buruz ez da azterketarik egin orain arte, baina ikerketa asko daude martxan alga horren erabilerak edo aplikazioak bilatzeko. Izan ere, ehunka tona alga erauzten dira Mediterraneotik urtero, eta oso interesgarria litzateke hori guztia nolabait baliaraztea”, azaldu du ikertzaileak.

“Gure apustua izan da begiratzea alga horien estraktu batzuek zer gaitasun duten landareen defentsa-mekanismoak aktibatzeko, pestiziden alternatiba gisa, onddo patogenoa datorrenean, landarea indartsuago egoteko”, zehaztu du Zarraonaindiak. Lehendabizi, negutegietan eta kondizio kontrolatuetan egin zuten azterketa. Zehazki, Neiker Ikerketarako eta Garapenerako Euskal Erakundearen berotegietan tratatu zituzten tempranillo barietateko mahatsondoak, hostoak alga-estraktu desberdinez bustiz: alde batetik, Ulva-tik erauzitako bi estraktu testatu ziren, eta bestetik, Rugulopteryx-etik erauzitako beste bi. Zenbait landarek ura besterik ez zuten jaso, kontrol gisa.

Tratamenduen ondoren, hosto-laginak hartu eta analisi ugari egin zituzten tratamendu bakoitzaren eragina aztertzeko. Honela laburbildu du ikertzaileak aurkitutakoa: “Emaitza positiboenak Rugulopteryx okamurae alga inbaditzailetik ekoitzitako estraktuetako batekin lortu genituen. Ikusi genuen estraktu horren tratamenduaren ondorioz landarean areagotu egin zirela, besteak beste, erresistentzia-geneen espresioa eta entzima antioxidatzaileen jarduera. Hostoen gainazaleko mikrobiotan, halaber, behatu genuen landareari kontrol biologikoan lagungarri zaizkion onddo batzuk ugariagoak zirela Rugulopteryx-en estraktua jaso zuten landareetan”.

Lortutako emaitzek ez dute ezustean harrapatu Zarraonaindia. “Azken batean, espezie inbaditzaile bat izanik, pentsatzekoa da gaitasun edo ezaugarriren bat izango duela hainbeste aurrera egiten lagunduko diona, bai eta beste espezieak hain eraginkortasun handiz desplazatzen ere”.

Kondizio errealetan emaitzak berresteko lanetan

“Zirraragarritzat” jotzen ditu ikertzaileak lortutako emaitzak, nahiz eta jakitun izan “lehen emaitzak bakarrik” direla. Hiru urteko proiektua da SEAWINES, eta alga inbaditzailearen potentzialaren neurketa ahalik eta osoena izateko helburuz, negutegi-kondizioetan lortutako emaitzak landa-kondizioetan berresteko lanetan hasi dira: “Jerez eta Errioxako mahastietan testatuko ditugu alga-estraktuak, tokian tokiko kondizioetan. Gainera, ardogintzaren fase guztietan egingo dugu eraginaren jarraipena, hau da, ikusi nahi dugu bioestimulazioaz eta onddoen kontrako eraginaz aparte zer eragin duten tratamendu hauek mahatsaren eta ardoaren kalitatean”, argitu du.

“Gogotsu gaude Rugulopteryx algak zer erabilera izan dezakeen ikusteko. Izugarria litzateke ingurunetik kendu eta mahastizaintza indartzeko baliatzea; ekonomia zirkularraren primerako adibidea litzateke”, dio bukatzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Itsasoko alga inbaditzaile baten estraktua mahatsondoen defentsa-mekanimoen akuilu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zarraonaindia, Iratxe; Cretazzo, Enrico; Mena-Petite, Amaia; Díez-Navajas, Ana M; Pérez-López, Usue; Lacuesta, Maite; Pérez-Álvarez, Eva Pilar; Puertas, Belén; Fernandez-Diaz, Catalina; Bertazzon, Nadia; Cantos-Villar, Emma (2023). Holistic understanding of the response of grapevines to foliar application of seaweed extracts. Frontiers in Plant Science 14. DOI: 10.3389/fpls.2023.1119854

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.