Ez, metabolismo basal motelagoa ez da urteekin kiloak irabaztearen erruduna

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gainpisua eta obesitatea osasun publikoko bi arazo larri dira eta, zuzenean edo zeharka, urtean 130.000 heriotza inguru eragiten dituzte Espainian. Gaixotasun horiek osasunerako arrisku nagusietako bat dira, 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, artikulazioen gaitzak, loaren apnea, gogo aldartearen nahasmenduak eta osasunaren arloko bestelako arazo batzuk izateko arriskua modu adierazgarrian areagotzen baita.

Duela hamarkada batzuetatik hona, gainpisuaren eta obesitatearen zifrak pixkana areagotuz joan dira, eta gaur egun Espainiako biztanleriaren % 25ek baino gehiagok gainpisua edo obesitatea dute. Hala, itxuraz, etorkizun hurbilean gorputzaren gehiegizko pisuaren kasuek gora egingo dute. Oraingo erritmoari eutsiz gero, Espainiako Kardiologiako Aldizkariak argitaratu duen azterketa baten arabera, emakumeen % 55 eta gizonen % 80 gizenak izango dira edo gainpisua izango dute 2030ean Espainian.

metabolismo
Irudia: mito bat oso zabalduta dago mendebaldeko gizarteetan: helduak metabolismoa urteak igaro ahala moteltzen doalako gizentzen dira neurri batean. (Argazkia: Pixabay – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

Fenomeno horren atzean arrazoi anitz daude, denak ere elkarri lotuak. Fenomenoan laguntzen duen faktore garrantzitsua da Espainiako herritarren gero eta sedentarismo handiagoa. 2022ko Eurobarometroari jarraikiz, espainiarren % 58k ez dute inoiz egiten ariketa fisikorik edo kirolik edo oso gutxitan aritzen dira jardun horretan. Bestalde, Espainian gero eta okerrago jaten da: herritar gehienen dietak okerrera egiten du denborarekin, eta gero eta maizago erabiltzen dira elikagai ultraprozesatuak (kaloria asko dituztenak, azukre askokoak, gantz aseak dituztenak eta gatza), frutaren, barazkien eta egoskarien kaltetan.

Dena den, sedentarismoaren eta elikadura txarraren atzean, egiaz, hainbat faktore daude (osasuna baldintzatzen duten gizarteko faktoreak) jokabide horietan erortzera bultzatzen dutenak: baliabide ekonomikorik eza, erosketa egin eta janaria prestatzeko denbora mugatua, osasungarriak ez diren elikagaien publizitatea, gazteen artean pantailen aurreko aisia nagusi izatea…

Kasu gehienetan, gainpisua eta obesitatea ez dira egun batetik bestera bat-batean azaltzen. Prozesua motela da, eta kiloak pixkanaka hartzen dira urteetan zehar. Ildo horri eutsiz, mito bat oso zabalduta dago mendebaldeko gizarteetan: helduak metabolismoa urteak igaro ahala moteltzen doalako gizentzen dira neurri batean. Hori horrela izanik, jarduera fisikoaren maila berari eta dieta berdinari eutsi arren, kiloak hartzea saihetsezina da. Egia al da?

Lehenik eta behin, metabolismo basala edo tasa metaboliko basala (TMB) da organismoak kontsumitzen duen energia oinarrizko bizi funtzioak egiteko, hala nola gorputzaren tenperatura mantentzeko, arnasteko, bihotza uzkurtzeko, hesteetako mugimendu peristaltikoetarako, burmuinaren jarduerarako, giltzurrunek gernua ekoizteko eta ehunak konpondu eta birsortzeko. Beste hitz batzuetan esanda, bizirik mantentzeko gutxieneko kalorien gastua baino ez da, jarduera fisikoa kontuan hartu gabe.

Orduan, nola aldatzen da TMBa bizitzan zehar? Berdin «erretzen» al dute haur batek, unibertsitate ikasle batek eta adineko pertsona batek? 2021ean Science aldizkarian argitaratu zen azterketa zabal bati esker, orain oso ondo ezagutzen dugu nola aldatzen den gure metabolismo basala urteak bete ahala. Ikerketa hartan 29 herrialdetako 6.400 pertsonaren eguneko gastu energetikoa aztertu zen, eta adinak 8 egunetik 95 urtera bitartekoak ziren. Gastu energetikoa ebaluatzeko, isotopo egonkor eta ez-erreaktiboetatik abiatuta, ura bitan markatu zen –metodo hori nahiko zehatza da horretarako–.

Zientzialariak aurkitu zuten pisuaren arabera doitutako metabolismo basala benetan bizitzan zehar asko alda daitekeela. Hala eta guztiz ere, bizitzaren lau etapatan gertatzen da bakarrik eta etapa horiek oso zehatzak dira. Jaioberriek helduen pareko kontsumo metabolikoa dute, baina bizitzaren lehenengo urtean beren metabolismoa asko bizkortzen da, eta helduena baino % 50 gehiago izatera iristen da. Lehenengo urtetik 20 urtera arte pixkana motelduz doa metabolismoa (urtean % 3 inguru). 20 eta 60 urte bitartean kontsumo metabolikoa egonkorra da, eta 60 urtetik aurrera urtean % 0,7 jaisten da. 95 urterekin gastua % 20 jaisten da. Gainera, ez dago desberdintasun argirik gizonen eta emakumeen metabolismoaren artean masa muskularra eta gorputzaren tamaina kontuan hartuta. Nolanahi ere, adinarekin esperotakoaren aldean, zenbait banakok gastu energetiko askoz handiagoa edo txikiagoa izan dezakete (% 25 handiagoa edo txikiagoa).

Beste hitz batzuetan esanda, metabolismo basal motelagoa ez da helduek 20 eta 60 urte bitartean pisua hartzen joatearen erruduna, etapa horretan metabolismoa ia ez baita aldatzen. Orduan, zergatik gizentzen da hainbeste jende heldutasunean? Normalean, pertsonek, urteak bete ahala, bizitza sedentarioagoa egiten dutelako berdin janda; beraz, ezinbestean, koipea metatzen dute denbora igaro ahala, guztizko gastu kalorikoa txikiagoa baita. Arrazoi horiek guztiak eta beste batzuk direla kausa, politikaren eta osasunaren arloko agintariek, asmo handiko ekimen askoren bitartez, Espainian ariketa fisikoa eta kirola egin dadin sustatu behar dute; hartara, aurrez aurre dugun gainpisuaren eta obesitatearen «epidemia» murrizteko.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko maiatzaren 22an: No, un metabolismo basal más lento no es culpable de que ganes kilos con los años

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.