Asteon zientzia begi-bistan #459

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

menopausia

Zoologia

Txinpantzeek ere menopausia badutela frogatu dute. Ugandako Kibale Parke Nazionaleko txinpantze emeak aztertu ondoren iritsi dira ondorio horretara. Izan ere, ikusi dute eme horiek bataz beste haien bizitzaren % 20 ematen dutela bizirik, ugaltzeko gaitasuna galdu ondoren. Orain arte gizakian eta itsas ugaztun batzuetan soilik ezagutzen zen menopausia. Txinpantzeen kasuan, ordea, ikusi da ez dela “amonaren hipotesia” betetzen menopausiaren arrazoia azaltzeko. Hau da, menopausia duten emeek ez dute loturarik beren alabekin, ezta haien kumeekin ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Marmoka espezie txiki bat ikasteko gai dela frogatu du ikertzaile talde batek, nerbio-sistema oso sinplea izan arren. Tripedalia cistophora da espeziea, eta Karibeko mangladietan bizi da. Mangladietako sustraien ondoan elikatzen dira baina horiek arriskutsuak izan daitezke marmokentzat. Sustraietara hurbiltzean buelta ematen dute marmokek, eta ikertzaileek ikusi dute kontrastea erabiltzen dutela distantziak ebaluatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Garatutako garunik gabe ere ikasteko aukera dago.

Arkeologia

Neolito Aroko gerrate baten zantzuak aurkitu dituzte San Juan ante Portan Latinam Guardiako aztarnategian, Araban. Bertan, 338 pertsonen arrastoak topatu zituzten, horietatik asko indarkeria-zantzuekin. Orain hezurrak aztertu dituzte, eta gehiengoa mutil gazteak edo gizon helduak direla. Hortik ondorioztatu dute gerrate baten biktimak izango ziratekeela, eta halako borroketan parte hartzen zutenak mutilak eta gizonak zirela. Aztarnategi honetan aurkitutakoa Neolito Berantiarrean Europa osoan dokumentatutako indarkeriazko gertakari handiena da. Datuak Elhuyar aldizkarian eta Alea aldizkarian topatu daitezke.

Astrofisika

Proba matematiko batek zulo beltzen eraketaren inguruko muga berriak ezarri ditu. Zehazki, frogatu dute kuboaren tamainarekin alderatuta materiaren kontzentrazioa handia den espazioko lekuren batean kuboa aurkitu badaiteke, orduan harrapatuta dagoen gainazal bat sortuko dela. Horrela, proba horrek materiaren kontzentrazioan soilik oinarrituta zulo beltzen presentzia zehaztu ahal izateko aukerak ematen ditu. Gainera, ziurtatu dute zulo beltzek lau, bost, sei edo zazpi dimentsio espazialekoak izan daitezkeela. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Nahúm Méndez geologo planetarioak Marteko karkaben eta zeihartasun zikloaren arteko erlazioa azaldu du Zientzia Kaieran. Zeihartasuna esaten zaio planeta baten errotazio ardatzaren inklinazioari orbita planoari dagokionez. Marteren zeihartasuna oso aldakorra da, 10º-tatik 40º izatera pasatzen baita ardatza momentuaren arabera. Beste aldean Marteko karkabak ditugu, eta zientzialariak horien jatorria ulertzen saiatzen ari dira. Bada, ikerketa berri batek iradoki du, planetaren zeihartasuna 35 °C ingurukoa denean, baldintza egokiak egon daitezkeela poloetako izotza urtzeko eta ura azalean egonkor mantentzeko. Horrek higadura-prozesuak sortuko lituzke, eta, ondorioz, karkabak.

Argitalpenak

Egoitz Etxebeste Adurizek emakume zientzialarien istorioen bilduma argitaratu zuen 2021ean, Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira izenburupean. 19 protagonista ditu liburu honek, besteak beste, Sophie Germain, Mary Somerville edo Eunice Foote. Emakume horien esperientziek agerian uzten dute zenbat arazori egin behar izan zioten aurre, eta zenbatetan gutxietsi zuten haien lana. Liburu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakurri daiteke.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.