Duela 120 milioi urte bizi izan zen dinosauro espinosauroa, eta Riojavenatrix lacustris izena jarri diote. Hainbat ikerketa-taldek egindako lanaren emaitza da honakoa, eta tartean daude UPV/EHUko bi ikertzaile. Zoological Journal of the Linnean Society aldizkari ingelesean argitaratu da.
Ikertzaile horietako bat da Erik Isasmendi, UPV/EHUko Geologia Saileko doktoratu aurreko ikertzailea. Ikerketa hau bere doktorego-tesiaren parte da, eta haren nondik norakoak ezagutu ahal izan genituen pasa den maiatzaren 15ean, Bidebarrieta Liburutegian eman zuen hitzaldian: “Dinosauro haragijaleak ehizatzen Iberiar penintsulan”.
Isasmendiz gain, honako hauek ere parte hartu dute ikerketan: Elena Cuesta (doktoratu ondoko ikertzailea Argentinako Egidio Feruglio Paleontologia Museoan eta Alemaniako Ludwig Maximilian Unibertsitatean), Ignacio Díaz-Martínez (Kantabriako Unibertsitatea), Julio Company (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa), Luis I. Viera eta Pachi Sáez-Benito (Errioxako Interpretazio Paleontologikoko Zentroa Igean), Angélica Torices (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) eta Xabier Pereda Suberbiola (UPV/EHU).
“Lakuko ehiztaria”
Errioxan deskribatutako lehen dinosauroa 7-8 metro luze zen espinosaurido bat da, eta 1,5 tonako gorputz-masa zuela estimatzen da. Bipedoa zen eta arrainez elikatzen zen batez ere, nahiz eta lurreko harrapakinak ehizatzeko ere gaitasuna izango zukeen seguruenik.
Espinosauridoak dinosauro haragijaleen (teropodoen) parte dira, tamaina ertain-handia dute, eta oso ezaugarri anatomiko bereziak dituzte: garezur baxu eta luzexka dute, hortz konikoz hornitutako barailekin, krokodilo modernoen antzekoa, eta beso luze eta sendoak, hiru hatzetako eskuekin. Espinosaurido batzuek bizkarrean bela bat zuten, baina ez da Riojavenatrix lacustrisen kasua.
Espezie berri hau funtsezkoa izango da teropodo horien jatorriari eta bilakaerari buruz gehiago ulertzeko. Xabier Pereda Suberbiola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko irakasle eta ikertzailea, Erik Isasmendiren doktore-tesiaren zuzendarietako bat da, eta indusketa-zuzendaria Igean. “Aurkitutako fosilak interes paleontologiko handikoak dira, eta Igea espinosauridoen eta dinosauro haragijaleen munduko mapan jartzeko aukera ematen digute, oro har”, adierazi du Peredak.
Espinosaurido bila Errioxan
1983an topatu ziren lehen espinosaurido fosilak Igean (Errioxa hegoaldean); masailezur zati bat eta hortz isolatuak batzuk. Hondakin horiek, 2005ean berreskuratutako hezurdura partzial batekin batera, Baryonyx dinosauro ingeles ikonikoari esleitu zitzaizkion. Hala ere, berrikusi egin zuten materiala, eta ohartu ziren espinosaurido genero eta espezie berri bat zela: Riojavenatrix lacustris, Errioxan deskribatutako lehen dinosauroa.
“Genero eta espezie berria, lagunartean Britney esaten dioguna, hezurdura partzial batean oinarrituta dago; atzeko gorputz-adarrak (femurra, epela, fibula, orkatilako hezurrak eta oineko falangeak) eta pelbisa (pubisa eta iskion-a) erabili genituen espeziea definitzeko“, adierazi du Erik Isasmendi UPV/EHUko ikertzaileak. “Karaktere anatomikoen konbinazioak bakarra egiten dute, eta beste espinosaurido batzuetatik bereizteko aukera ematen dute”, gehitu du.
Riojavenatrix lacustris espeziearekin bost dira Iberiar Penintsulan deskribatutako Behe Kretazikoko espinosauridoak. Besteak Camarillasaurus, Aragoin, Vallibonavenatrix eta Protathlitis dira, Valentziako Erkidegoan topatutakoak, eta Iberospinus, Portugalen aurkitua. Argitaratutako azterlanak agerian utzi duen ondorioetako bat da ezin dela baieztatu Baryonyx erregistro iberikoan egon denik. Hondakin fosilen arabera, Iberiar penintsulan dinosauro haragijale horien multzo zabala eta askotarikoa zegoen. Elena Cuestaren ustez, talde ikoniko horretako aurkikuntzek “galdera berri asko planteatzen dituzte” animalia horien ekologiari buruz. “Espinosauridoei buruzko azterketa zehatzagoak behar ditugu”, azaldu du.
Igea da gaur egun munduan espinosauridoen hondakin fosil gehien dituen eremuetako bat. Egoera hori “Garras” ikertaldeak garatutako jardueren emaitza da. Talde horrek paleontologoen eta zaleen talde bat biltzen du, eta haien helburua Igeako eta, oro har, Errioxako ondare paleontologiko aberatsa ezagutaraztea da.
Dinosauro haragijale ohikoenak
Iberiar Penintsulan, espinosauridoak dira ohikoenak Behe Kretazeoko formazioetan, eta bereziki aintzira-inguruneetan eratutako harkaitzetan dira nagusi haien fosilak. Ohikoa da fosilak (batez ere hortzak) arro sedimentario desberdinetan aurkitzea, hala nola Cameros (Burgos eta Errioxa), Maestrazgo (Teruel eta Castelló) eta arro lusitanikoa Portugalen. Talde honen jatorria Europa mendebaldeko Goi Mailako Jurasikoan egongo litzateke; izan ere, haren hondakinak Espainian, Portugalen eta Erresuma Batuan agertu dira batez ere, Europa eta Afrika iparraldearen arteko Behe Kretazeoan hainbat fauna-trukerekin.
“Garras” lantaldeaz gain, egindako indusketa eta ikerketa paleontologikoetan zenbait erakundek parte hartu dute: Errioxako Interpretazio Paleontologikoko Zentroak Igean, Euskal Herriko, Kantabriako, Madrilgo Complutenseko eta Ludwig Maximilianeko unibertsitateekin batera, bai eta Egidio Feruglio Museo Paleontologikoak ere. Hondeaketa-kanpainak diruz lagundu dira, eta Errioxako Gobernuaren Hezkuntza, Kultura eta Turismo Sailaren (Kultura eta Turismo Zuzendaritza Nagusia, Ondare Historiko Artistikoa Zaindu eta Sustatzeko Zerbitzua) jarduera-baimenak izan dituzte.
“Garras” taldearen hurrengo urratsa Igean aurkitutako beste espinosaurido fosil batzuk argitaratzea izango da. Horien artean daude Peña Cárcenaren “Garras” izeneko eskeleto partziala eta azken urteetan “Virgen del Villar 2”-n induskatutakoa (“Virgen del Villar 1” -tik oso gertu), zeinari “Villar” izena eman baitzaio. Azken hori “Europako eta munduko erregistroan ezagutzen den hezurdurarik osatuenetakoa da“. “Garras”-en materiala azken azterketa-fasean dago argitaratu aurretik, eta “Villar”-ena laborategiko taldeko kideak prestatzen ari dira.
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: UPV/EHUko ikertzaileek dinosauro haragijale espezie berri bat aurkitu dute Errioxan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Isasmendi, Erik; Cuesta, Elena; Díaz-Martínez, Ignacio; Company, Julio; Sáez-Benito, Patxi; Viera, Luis I.; Torices, Angelica; Pereda-Suberbiola, Xabier (2024). Increasing the theropod record of Europe: a new basal spinosaurid from the Enciso Group of the Cameros Basin (La Rioja, Spain). Evolutionary implications and palaeobiodiversity, Zoological Journal of the Linnean Society, zlad193. DOI: 10.1093/zoolinnean/zlad193
1 iruzkina
[…] Dinosauroek, oro har, ez zuten burmuin-bolumen handiegia haien gorputzarekin alderatuta, baina baziren ezaugarri hori zuten batzuk baita ere. Eta posible da, desagertu izan ez balira, dinosauro espezie adimendunen batek eboluzionatu izana. […]