Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Matematika
Konplexutasun konputazionaleko lan berri batek ekitate algoritmikoko tresnak erabiltzen ditu, hala nola, zehaztasun anitza eta multikalibrazioa, arazo zailak aztertzeko. Algoritmoen ekitatea bermatzeko diseinatu ziren tresna horiek, eta arazo konputazional baten zatirik konplexuenak identifikatzen laguntzen dute. Ikuspegiak hobetu egiten du Impagliazzoren funtsezko lema, eta aukera ematen du arazo baten input zailak modu eraginkorragoan isolatzeko, analisiaren konplexutasuna handitu gabe. Horrek ikuspegi berriak eskaintzen ditu konplexutasunaren teoriaren arazoak lantzeko eta sinplifikatzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Klima-aldaketa
Munduko Meteorologia Erakundearen urteko txostenaren arabera CO2 isuriak % 11 egin du gora azken bi hamarkadetan. Baso-suteak eta erregai fosilen emisioak dira errudun nagusiak. Ohartarazi dute El Niño bezalako fenomenoek egoera larriagotzen dutela, CO2 isuriak areagotzen dituztelako eta ekosistemek xurgatzeko duten gaitasuna murrizten dutelako. Emisioen murrizketa erabakigarria bada ere, berotze globalaren gaineko ondorioek hamarkadatan jarraituko lukete. Datuak Berrian.
Astronomia
Zientzialari talde batek inoiz ikusitako zurrustarik luzeenak aurkitu ditu, Lurretik 7.500 milioi argi-urtera dagoen zulo beltz supermasibo batetik datozenak. “Porfirion” izena eman diote egiturari. Zurrustek 11,5 milioi argi urte neurtzen dituzte, eta 2.000 milioi urtez egon dira zuzen, azalpen zientifikoei desafio eginez. Aurkikuntza horrek iradokitzen du zorrotada horiek zeresan handia izan zutela galaxien eraketan eta unibertso goiztiarraren bilakaeran, eta eragina izan zutela sare kosmikoko materiaren banaketak eta magnetismoak. Informazioa Zientzia Kaieran.
Fisiologia
Monasheko Unibertsitateak (Australia) egindako ikerketa baten arabera, ondorengoak izatearen energia-kostua gutxietsi egin da. Pertsona baten kasuan, gastua aurrez kalkulatutakoa baino 24 aldiz handiagoa da. 81 espezietan egindako ikerketek, gizakiak barne, ugalketaren zeharkako kostua, haurdunaldiko metabolismoa kasu, nabarmen handiagoa dela erakusten dute. Ikerketa Science aldizkarian argitaratu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Geologia
Blanca Martinez geologoak, aprobetxatuz Paris hiria aurten Olinpiar Jokoen egoitza izan dela, Parisko arroaz dihardu. 250 milioi urteko sedimentuak dituen formazio geologikoa, erreferentzia-eredu da arro sedimentarioak aztertzeko mundu mailan. Eozeno garaian, Luteciense pisua identifikatu zen, Paris izen zaharraren omenez, Lutezia. Garrantzi geologikoa ez ezik, geologiak denboran zehar eboluzio anatomikoa ulertzeko izan duen eragina ere nabarmentzen du arroak. Datuak Zientzia Kaieran.
Osasuna
Ainara San Juan Escudero, osasun biologoa eta osasun publikoan aditua, auzoek biztanleen osasunean nola eragiten duten ikertzen ari da. Bilboko hiru auzori buruzko ikerketan, jarduera fisikoari eragiten dioten faktoreak identifikatu zituen, hala nola irisgarritasuna, trafikoa eta segurtasuna. Bizilagunekin batera, inguruaren oztopoak eta aukerak aztertu zituzten, konponbideak proposatuz. Emaitzak Udalarekin partekatu zituzten, baina oraindik denbora falta da aldaketa zehatzak ikusteko. Auzo osasuntsuagoak eta bidezkoagoak sortzeko erabakiak hartzerakoan herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Escuderok. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.
Adimen artifiziala
Nature Computational Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, adimen artifizial sortzaileko sistemek 1,2 eta 5 milioi tona hondakin elektroniko sor ditzakete 2030erako, batez ere hardwarekoak, hala nola prozesadoreak eta elikadura-sistemak. Zabor elektronikoak metal arriskutsuak izango ditu, beruna eta kromoa, besteak beste. Txinako Zientzia Akademiak gidatuta, hondakin horiek % 86ra arte murrizteko ekonomia zirkularra iradokitzen du analisiak. Ikerketak AAren eta bere hondakinen erabileran eta kudeaketan neurri arduratsuak hartzeko premia nabarmentzen du. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Ingurumena
Zetazeoek plastikoa janariarekin nahastu dezakete, antzekotasun akustikoak direla eta. Zehazki, ilunpetan ehizatzeko erabiltzen dituzten ultrasoinuek beren harrapakinen antzera detektatzen dute plastikoa. Zetazeoen urdailetan ohikoak diren plastikoak aztertzean (poltsak, botilak, sokak), ikertzaileek aurkitu zuten horietako askok, bereziki film plastikoek, elikagaiek dituzten antzeko soinuak igortzen dituztela. Horrek azal lezake kaxaloteak eta antzeko zetazeoek sarritan plastikoak irenstea. Ikerketa Marine Pollution Bulletin aldizkarian argitaratu da. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Argitalpena
Fruitu eta barazkien inbentarioa (irudiduna) (2019) ehun bat fruta, barazki eta landare jangarri baino gehiagoren hautaketa aurkezten du, haien aniztasuna eta sukaldaritzako erabilerak nabarmenduz. Kolorearen arabera sailkatuta, elikagai gordinak eta kozinatuak barne hartzen ditu, baita tea, kafea eta txokolatea bezalako produktu eratorriak ere. Obra honek azpimarratu nahi du biodibertsitatearen, jasangarritasunaren eta elikadura osasungarriaren garrantzia. Datuak Zientzia Kaieran.
Botanika
Beatrix Potter, haurrentzako ipuinengatik ezaguna, artista botaniko eta mikologo trebea ere izan zen. Naturarekiko maitasuna haurtzaroan hasi zitzaion eta interes bat garatu zuen floran, bereziki onddoetan eta likenetan. Charles McIntosh naturalistari esker, behaketa eta mikroskopia teknika hobetu zituen, eta 350 lamina zientifiko baino gehiago sortu zituen. Emakume gisa komunitate zientifikoan oztopo ugari izan zituen arren, hala nola Linnean Societyk bere artikulua errefusatu izana, Potterrek ondare bat utzi zuen botanikan. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Eboluzioa
Ugaztunak narrastien gisara ibiltzetik tente egotera pasatzea trantsizio konplexua eta ez-lineala izan zen, eta uste baino askoz beranduago gertatu zen. Harvardeko ikertzaileek, eredu biomekanikoak eta datu fosilak erabiliz, egungo espezieen eta fosilen postura eta lokomozioa aztertu zuten, gorputz-adarren indarrak mugimenduaren eboluzioan nola eragin zuen behatuz. Ondorioztatu zuten trantsizio horrek, narrastien jarrera etzanetik ugaztun modernoen tente jartzeraino, aldaketa anatomiko handiak ekarri zituela, eta terioen arbaso komunetik gertu finkatu zela, lehen sinapsidoak baino geroago. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.