Gaur egun ART tratamendua (ingelesetik, Antiretroviral Therapy) erabiltzen da Giza Immunoeskasiaren birusak (GIB) eragindako infekzioa kontrolatzeko. ARTaren ezarpena erabateko iraultza izan zen birus honek eragindako Hartutako Immunoeskasiaren Sindromearen (HIES) tratamenduan eta prebentzioan, hilgarria zen sindrome bat gaixotasun kroniko bilakatzea lortuz. Terapiaren eskuragarritasuna, ordea, ez da erabat unibertsala oraindik. Gainera, ARTa ez da latentzia fasean birus-gordailuetan “lo” dagoen birusa ezabatzeko gai, eta gaixoek bizitza guztian zehar jaso behar dituzte botikak, albo-ondorio ugarirekin.
Hori dela eta, GIBari aurre egiteko estrategia berrien bilaketa etengabea da. Infektatutako indibiduoen tratamendurako eta baita esposizio aurreko zein ondoko prebentziorako, antigorputz monoklonalen (mAb) erabilera interes handiz aztertua izaten ari da. Farmako hauei dagokienez, 100 baino gehiago dira klinikan erabiltzeko agentzia erregulatzaileek 1985az geroztik onartu dituzten antigorputzak edota hauetatik eratorriak. Batez ere minbizi desberdinak eta gaixotasun autoimmuneak trartatzeko erabiltzen badira ere, gaixotasun infekziosoen esparruan gero eta indar gehiago hartzen hasi dira, besteak beste COVID-19 pandemiak bultzatuta.
GIBaren aurkako antigorputzek infekzioa blokeatzeko ahalmen handia izateaz gain, zelula infektatuen garbiketa eragin dezakete, baita zelularteko transmisioa inhibitu ere. Molekula hauek berariaz duten segurtasun profilak, dosifikazio erregimen luzeagoak ahalbidetzen dituzten aldeko ezaugarri farmako-zinetikoek, eta ostalariaren immunitate sistemarekin elkar eragiteko duten gaitasunak immunoterapian erabiltzeko hautagai erakargarriak bihurtu ditu.
GIBaren infekzioa blokeatzeko gai diren antigorputz desberdinekin egindako saio klinikoak ugariak izan dira. Entsegu hauek GIBaren tratamendu zein prebentzioan etorkizunean eman beharko diren pausuak zehazteko emaitza itxaropentsuak agerian utzi dituzte. Lehenik eta behin, monoterapia baztertu eta antigorputz konbinaketa egokiak garatzea ezinbestekoa dela erakutsi dute, GIBa bezalako patogeno aldakorrek, tratamenduaren potentzia oso altua izanda ere, erresistenteak diren ihes-aldaerak garatzeko gaitasuna baitute. Birusaren gainazalean agertzen diren eskualde (epitopo) desberdinei zuzendutako antigorputzen nahasketa egokiak, banakoa andui zirkulatzaileen sorta zabalago baten kontra babestuko duela espero da. Gainera, ingeniaritza genetikoa erabiliz diseinu berritzaileak erabiltzeak indarra hartu du, antigorputzen ezaugarri desiragarriak optimizatzeko, haien eraginkortasun tartea are gehiago zabaltzeko helburuarekin. Beste alde batetik, antigorputzak beste botika batzuekin konbinatzea proposatu da. Antigorputz bat edo batzuk antzeko dosifikazio tartea duten ekintza luzeko botika antierretrobiralekin lotzea aukera bat litzateke, tratamenduaren eraginkortasuna eta horrekiko atxikimendua handituz pazienteen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.
Azkenik, eta etorkizunera begira, antigorputzen erabilera kontuan hartua izan da GIBaren sendaketa osoa lortzeko helburu duten ikerketetan. Orain arte egindako entsegu klinikoek antigorputzek pazienteen birus-gordailuak ezabatzeko gaitasuna frogatu ez badute ere, saio kliniko berriak martxan jarri dira antigorputzak eta agente immuno-modulatzaileak konbinatuz. Estrategia berri hauek latentzia egoeran dauden eta immunitate sistemarentzat ikusezinak diren birusak “esnatu” eta berehala blokeatzeko helburuarekin diseinatuak izan dira, birus-gordailu hauek ezabatu eta gaixotasunaren behin betiko sendaketa bilatzeko.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Espektro zabaleko antigorputzen rola GIBaren aurkako terapian eta prebentzioan
- Laburpena: Terapia antirretrobiral konbinatuaren erabilera iraultza bat izan zen GIBaren infekzioaren tratamenduan eta prebentzioan. Hala ere, terapia hau ez da gai birusa organismotik erabat ezabatzeko, eta GIB infekzio kasu berrien munduko tasak mantso jaisten jarraitu du. Beraz, GIBaren prebentzio eta tratamendurako ikuspegi berriak aztertzeko beharra dago. Antigorputzak GIBaren aurkako aukera terapeutiko gisa proposatuak izan dira, epitopo biralak blokeatzeaz gain ostalariaren immunitate sistemarekin elkar ekiteko gaitasuna dutelako. Azken urteotan, GIBaren fusio proteinaren eskualde desberdinak ezagutzen dituzten espektro zabaleko zenbait antigorputz neutralizatzaile (bnAb) saio klinikoetan ebaluatuak izan dira. Lan honetan, GIBaren testuinguruan bnAb-ek eskaintzen dituzten aukerak eta beren garapen klinikoan ager daitezkeen oztopoak aztertuko dira.
- Egileak: Beatriz Apellániz eta Sara Insausti
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 239-254
- DOI: 10.1387/ekaia.25020
Egileez:
Beatriz Apellániz UPV/EHUko Farmazia fakultateko Fisiologia Saileko ikertzailea da.
Sara Insausti UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko eta Biofisika Institutuko ikertzailea da.