Udan, ekidin beroa irabaztea, eta saiatu galtzen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gizakiak animalia homeotermoak gara; gorputz tenperatura konstante mantentzen dugu 37 ºC-tan. Horretarako, organismoa termosentsoreez baliatzen da; egoera termikoaren berri ematen diote entzefaloko gailu neuronal txiki bati, hots, hipotalamoari. Tenperatura egokiarekiko aldaketaren bat sumatzen badu, aldaketa zuzentzeko behar diren mekanismoak jartzen ditu martxan, tenperatura normalera itzultzeko. Uda hurbil dugunez, organismoak beroari zer nola erantzuten dion aztertuko dugu.

Labur-labur esanda, udan, beroa irabaztea ekiditen eta beroa galtzen egin behar da ahalegina. Geure bero iturri nagusia metabolismoa bera denez (animalia endotermoak gara), zenbat eta jarduera gutxiago egin, orduan eta bero gutxiago ekoitziko dugu, eta, beraz, gutxiago berotuko gara. Horrenbestez, komeni da ariketarik fisikorik batere ez egitea. Erne: pentsatzea, irakurtzea eta ikastea ez dira jarduera fisikoak. Eta ingurunea geure bero iturri nagusia ez bada ere, ez da komeni ingurune berotan egotea, ur berotan bainatzea edo eguzkia hartzea. Bistan da, eguzkitan korrika egitea ez da egin daitekeen gauzarik onena.

Irudia: Haur bat uretako flotagailu batekin. (Argazkia: Arek Socha – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Organismoak hiru bide ditu beroa galtzeko. Bata, ukitzen den material bati zuzenean transferitzea. Eroapen deritzo objektu bati transferitzen zaionean, eta konbekzio, fluido bati transferitzean. Bide horretatik transferitzen den beroaren intentsitatea gorputzaren eta ukitzen duen materialaren arteko tenperatura aldearen mende dago. Zenbat eta alde handiagoa, orduan eta gehiago transferitzen da. Eta ur masa bati gehiago transferitzen zaio aire masa bati baino. Askoz ere freskagarriagoa da 17 ºC-tan dagoen uretan bainatzea tenperatura horretan uretatik kanpo, lehor eta biluzik egotea baino.

Beste transferentzia bide bat da erradiazio infragorrien emisioa (argi ikusgarriak baino luzera handiagoa duten uhin elektromagnetikoak). Tenperatura desberdinetan dauden objektuen artean gertatzen da, hotzenetik berora, eta alde termikoaren araberakoa da transferentzia intentsitatea. Udan, erradiazioa transferentzia modu gogaikarria da; izan ere, bero denean, normalean, gure inguru hurbileko objektuak eta materialak geure organismoa bezain bero edo, asko jota, zertxobait hotzago daude. Horrenbestez, ez da erraza era horretan beroa galtzea udan; ziur aski, irabazi egingo dugu.

Azkenik, lurruntzea geratzen zaigu. Hori da mekanismorik eraginkorrena beroa galtzeko. Organismotik lurruntzen den likidoa arnas bideetako hezetasunaz (perspirazioa) eta izerdiz (transpirazioa) osatuta dago. Perspirazioa ezin dezakete fisiologikoki kontrolatu gizakiek (txakurrek bai, hatsankaren bidez), bai ordea transpirazioa. Lurrunketa oso erabilgarria da freskatu egiten gaituelako, ingurunea geure gorputza baino beroago egon arren. Izan ere, lurrunketak bero ekarpen bat behar du; larruazalak galtzen du beroa, giroko airea baino hotzago egonda ere. Hozteko modu oso eraginkorra da, ur mililitro bat lurruntzeko 560 kaloria behar direlako, hots, bolumen hori bera 0 ºC-tik 100 ºC-ra berotzeko behar dena baino 5,6 aldiz gehiago.

Lurrunketak bi muga ditu. Lehena, ura edan behar dela izerdian galdutakoa birjartzeko, behar bada, gatzarekin. Horregatik da garrantzizkoa edatea, bero dagoenean. Eta bigarrena, lurrunketaren intentsitatea murriztu egiten dela inguruneko hezetasuna areagotu ahala; giro hezeak horregatik izaten dira itogarriak. Bestalde, adinean aurrera egin ahala, egarri sentitzeko gaitasuna galtzen da. Horregatik, beroa egiten duenean, komeni da ura ematea adineko pertsonei nahiz eta ez egon egarri.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.