Dorothea Bate (1878-1951): Iragana aztarrikatu zuen esploratzaile ausarta

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Txikitan, Dorothea Batek begiz jota zituen landare eta animaliak. Irudi haiek haren memorian tinko gelditzen ziren, ondoren, papereratzeko; harentzat, aldez aurretik jakinarazitako sekretuak gorpuztea bezalakoa zen hori. Ziur, Carmarthen (Gales) jaiotzeak –herrialdeko herririk zaharrena eta nornahik postal batean jasota izan nahiko lukeena– naturaren azterketa erraztu zion, inguruan zuen oro ulertzearren.

Richard Ford eleberrigileak honakoa zioen Canadá liburuan: “Gauza orok ez du zertan ondorio praktikorik izan. Zenbait jardun gustuko dituzulako egiten dituzu”. Hain zuzen ere, paleontologo hau natura marrazten eta behatzen hasi zen, atsegin hutsez. Beste inork begiratzen ez zuena bilatu zuen Batek, eta horrenbestez, munduko fosilen harrapakarien artean ospetsuenetarikoa izan zen.

Dorotheak ez zuen ikasteko aukerarik izan, bere nebak eta ahizpak bai, ordea. Bata, mutila zen eta hori nahikoa zen garai hartan ikasketak gauzatu ahal izateko. Bigarrenak musikarako dohain berezia zuen. Dorotheak, bere aldetik, oso gogoko zituen natur zientziak baina hori ez zen nahikoa izan gurasoen iritzia aldatzeko. Dena dela, zoritxarrari aurre egin zion: hemeretzi urte zituela Londresko Historia Naturalaren Museoan lanean hasi zen, eta hori lortzen lehen emakumea bilakatu zen.

1. irudia: Londresko Historia Naturalaren Museoko Geologia Saila (1938). Dorothea Bate lehen lerroan eskuinean eserita dago. (Argazkia: Londresko Historia Naturalaren Museoa)

Horren ondotik, 22 urterekin, bere lehenengo artikulua argitaratu zuen Geological Magazine aldizkarian. Bertan, Wye Valley kareharrizko kobetan aurkitutako karboniferoaren hezurrei buruz idatzi zuen. Bada, hori gertatu aurretik, Dorotheak jada identifikatuta zituen Pleistozenoko ugaztun eta hegaztien hamabost espezie. Bere aurkikuntzen artean, azpimarratzekoa da Mallorcan topatu zuen artiodaktiloen iraungitako espezie baten fosila: Myotragus balearicus (ahuntzaren eta arratoiaren arteko nahasketa bat).

Emakume bat museoan lanean

1898an, pentsaezina zen emakumeak zientzialari gisa kontratatu ahal izatea, are gehiago, astakeria bat zen. Alabaina, Batek Londresko Historia Naturalaren Museoan lan egitea lortu zuen, izan ere, Richard Bowdler Sharpe hegaztien departamentuko buruak onartu zuen taldean, ikusi zuelako, ikasketarik gabe, ugaztunen fosilei buruz asko zekiela. Museoan lanean hasi bazen ere, oro har, gainontzeko langile gehienek ez zuten begi onez ikusi haren etorrera.

Lanean hasi eta berehala, bere jakin-mina puztu egin zen. Bereziki, indusketetan lan egin nahi zuela ohartu zen. Hala, bere aldetik bidaiatzen hasi zen eta laguntza behar bazuen, inguruko jendea kontratatzen zuen gidari gisa. Munduko zoko-moko guztiak ezagutu nahi zituen. 1901 eta 1911 artean, Kreta, Zipre eta Balear Uharteen eremu menditsuak arakatu zituen. Lehenengo bietan, Borneoko Pigmeo elefanteen eta hipopotamoen fosilak aurkitu zituen, eta Mallorcan, aurretik aipaturiko Myotragusa.

2. irudia: Dorothea Batek aurkitu zuen elefante-hortz nanoa. (Argazkia: Londresko Historia Naturalaren Museoa)

Mediterraneoko uharteetan egindako aurkikuntzarik esanguratsuena, baina, espezieen aldaketa ebolutiboak azkarrak zirela ohartzea izan zen. Esaterako, 10.000 eta 800.000 urte artean zituen hagin bat topatu zuen Batek, eta horrek elefante txikien existentzia frogatu zuen. Espezie horretako elefante heldu batek metro bateko altuera zuen, hau da, egun ezagutzen diren elefante afrikar jaioberri baten garaiera bera. Bateren lana bide-urratzailea izan zen eta zooarkeologiari ekarpen oparoa egin zion.

Dorothy Garrod eta hilketa bat Belenen

1929. urtean, Dorothy Garrod arkeologoa Monte Carmeloko (Israel) kobazuloetako indusketetan lanean ari zela, konturatu zen begien aurrean zituen fosilak garrantzi handikoak zirela, eta beraz, aditu batek berehala aztertu behar zituela. Ez zuen bi aldiz pentsatu eta Bateri bidali zizkion. Batek atsegin handiz onartu zuen erronka baina ez zuen distantzia maite eta, horregatik, Israelera joatea erabaki zuen. Elkarrekin egindako lanari esker, 54 espezie desberdinen aztarnak topatu zituzten, Gazella eta Persiar adarzabala artiodaktiloez gain.

Urte berean, Palestinako Britaniar Mandatuko Zaharki Departamentuak Bateri laguntza eskatu zion; Belengo mediku batek hezur-fosil zati batzuk ekarri zituen eta euren jatorria zehaztea eskatu zioten. Elefante baten hezurrak zirela ikusi zuen (iraungitako animalia horren lehenengo aurkikuntza izan zen Palestinan) baina sakonago ikertu nahi zuenez, Belenera joan zen, ez zuelako inolaz ere hori modu sakonean ikertzeko aukera galdu nahi. Aurkikuntza izugarria izan zen, Afrikatik at existitu ziren lehenengo elefanteen arrastoak zirelako, Elephas planifronsarenak, hain zuzen ere. Horretaz gain, errinozeroen, dortoka erraldoien eta Hipparion izeneko ugaztun artiodaktiloaren fosilak aurkitu zituen.

3. irudia: Dorothea Bate eta langile bat Belengo indusketan (1937?). (Argazkia: TowelBlazers)

Bat-batean sentitu zuen poz hura erraz desagertu zen, ordea. Izan ere, James Starkey arkeologoak ikerketan parte hartu nahi zuen eta Bateren lekua bete. Bere helburua lortu egin zuen. Jakina, Bate asko haserretu zen, ez baitzuen bere lana bukatu gabe utzi nahi, are gutxiago egindako lana Starkeyri oparitu. Horrenbestez, kolaboratzaile gisa lan egitea erabaki zuen Elinor Gardnerrekin batera, Starkey proiektuko buru gisa azaldu arren.

Istilu hori Starkeyren heriotzarekin amaitu zen. 1938an, Palestinako Arkeologia Museora zihoanean, armadak atxilotu egin zuen; kotxetik irteteko agindu eta tiro egin zioten. Gertakizun horren ondotik, Belengo indusketak bertan behera gelditu ziren. Eskualdea gero eta ezegonkorragoa bihurtu zen eta museoak ez zuen nahi Gardnerrek eta Batek bertan lan egiten jarraitzea. Gainera, ezin dugu ahantzi, Bigarren Mundu Gerraren zurrumurrua entzuten hasia zela honezkero. Gerraren ondotik, 70 urte zituela, Tringeko Historia Naturalaren Museoko zuzendari izendatu zuten Bate.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.