Osasuna
Imperial Collegeko (Londres) ikertzaileek ondorioztatu dute pandemiaren eragina apaltzeko Europako hamaika herrialdetan hartutako neurriei esker 3,1 milioi heriotza eragotzi direla. Elhuyar aldizkariak kontatu digunez, Kaliforniakoa Unibertsitatean ere egin duten ikerketa batean antzeko ondoriora iritsi dira, hau da, neurri ez-farmazeutikoak eraginkorrak direla birusaren transmisioa eteteko.
COVID-19 gaitzari buruz datu batzuk badakizkigu jada, SARS-CoV-2 birusak duen itxura, kasu. Badakigu birusaren S proteinak gure ehunetako zelulekin lotu eta haiek infektatzeko behar dituen giltzak direla. Eta horrekin lotuta, ACE2 izeneko proteina aipatu beharko genuke, hori delako birusek gure zelulen gainazalean aurkitzen duten sarraila. Ildo honi jarraiki, ikerketa batek irtenbide bat proposatu du, izan ere ACE2 entzima Covid-19 gaixotasunaren sendabidearen giltza izan litekeela ondorioztatu da.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kutsatuak azkar atzemateko eta kutsatuekin harremana izan dutenen jarraipena egiteko sistemak eta taldeak abiatu dituzte berriro. Nolakoak dira garatu dituzten estrategiak? Berrian aurkituko dituzue xehetasunak.
Zientzialariak txerto bat ikertzen hasten direnetik produktua merkaturatzen den arte gutxi gorabehera hamar urte igarotzen dira. Aldiz, SARS-CoV-2 birusaren aurkako txerto bat garatzeko prozesua askoz bizkorragoa izaten ari da. Artikulu honetan, herrialde ugari ikertzen hasi diren txerto motak azaldu dituzte. Berrian duzue informazio guztia irakurgai.
Aste honetan Espainiako Gobernuak argitaratu ditu Estatu mailan egindako bigarren txandako seroprebalentziaren datuak, Berrian irakur daitekeenez. Hego Euskal Herrian antigorputzen prebalentziaren batez bestekoa %5ekoa da. Hilkortasun-tasari dagokionez, populazio guztia kontuan hartuz, %1,3 ingurukoa omen da (gripearekin konparatuz, hamar aldiz altuagoa). Horretaz gain, ikusi da sintomarik gabekoen presentzia handia dela.
Bizialdia luzatzeko eta osasuntsu egoteko modurik eraginkorrena kaloriak murriztea da. Bada, ikerketa batek hori zalantzan jarri du kasu guztietan ez baita bi ezaugarri horiek aldi berean lortzen. Hau da, bizitza luzatzeak ez du zertan osasun hobea ekarri. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu ikerketaren nondik norakoak.
UPV/EHUko ikertzaileek elkarrekintza aurkitu dute birus-infekzioen eta I motako diabetesa garatzeko arriskua ematen duen gene ez-kodetzaile baten artean. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, hain zuzen, gene horrek eragina du intsulina ekoizten duten zeluletan, eta frogatu dute birus-infekzio batek zelula suntsitzera eraman ditzaketen prozesuak aktiba ditzakeela.
Materialak
Izurriaren kariaz, eskularruak gure egunerokotasunean erabiltzen hasi gara. Latexa eta nitriloa hitzak entzuten ari gara, baina badakigu zer diren material horiek? Noiz hasi zen eskularruen erabilera? Historian zehar eskularruek egin duten ibilbidea laburtuta duzue artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!
Emakumeak zientzian
Helen Czerski fisikaria eta ozeanografoa da eta zientziaren dibulgazioan lanean dihardu. Londresko University Collegen (UCL) atmosferaren eta ozeanoaren arteko lotura du ikergai. Zientzia dibulgatzailea ere bada; Czerskik bere lanaren bidez erakutsi nahi du fisika guztion eskura dagoela eta, batez ere, alor hau inguratzen duten topikoekin amaitu nahi duela behin betiko. Ez galdu emakume honen ingurukoak!
Arkeologia
Antzinateko okre gorria oso preziatua zen. Greziarrek horri miltos deitzen zioten eta hain zuzen ere hori izan dute ikergai zenbait zientzialarik. Adibidez, ikusi dute laginetako batzuek berun kantitate handiak zituztela eta horrek azaltzen du, Kea uharteko okre gorria zergatik erabiltzen zen itsasontzietan. Halaber, landatutako landareetan gaixotasunak galarazteko ere erabiltzen zutela ikusi dute. Informazio guztia artikuluan.
Biologia
Yellowstoneko (AEB) parke naturalean modu kontrolatuan sartu zuten hainbat otso ale 1995ean bertako ekosistema kontrolatzeko. Hori izan dute ikergai zientzialariek orain eta berretsi dute harrapakariek belarjaleen populazioen gainean egiten duten kontrolari esker, bertako zuhaitz zaurgarriak berreskuratzen ari direla. Gaia sakontasunean artikulu honetan.
Fisiologia
Hibernazioarekin lotura zuzena duten neurona-multzo bat identifikatu dute hipotalamoan. Elhuyar aldizkariak azaltzen digun moduan, zientzialariek ikusi dute neurona horiek aktibatzean gorputz-tenperatura eta metabolismoa jaitsi egiten direla, eta hibernazioaren antzeko egoeran sartzen direla. Horrekin batera, beste ikerketa batek ezagutzera eman du hipotalamoko neurona-populazio batek erregulatzen duela hibernazioa saguetan.
Genetika
George Floyd-en hilketaren ondorioz, AEBtan arrazismo estruktural eta instituzionalaren aurkako altxamendu bat gertatu da egunotan. Ildo horri jarraiki, melaninaz aritu zaigu honetan Koldo Garcia. Genetikariak azaltzen duenez, gizakiotan MC1R geneak ezartzen du zein melanina mota (argiagoa edo ilunagoa) ekoiztu behar den melanozitoetan.
Genetikak ikertzen duen lengoaiari heldu dio testu honetan, hau da, DNAri buruz mintzatu da. Badakizue zer den, zeintzuk diren bere osagaiak, eta zeintzuk bere berezitasunak eta ezaugarriak?
Gene-lengoaian lau hizki daudela badakigu jada baina ezagutzen al ditugu lau hizki horiekin sortzen diren patroiak eta egiturak? Eta bide batez, horiek nola interpretatzen dira? Testu bi hauetan, Garcia horri guztiari buruz mintzatu da. Ez galdu!
Gene-lengoaiaren alorrari amaiera emateko, azaldutako guzti hori biltzen duen testuinguru bat dugu: eboluzioa. Eta azken hori ulertu ahal izateko, beharrezkoa da gene-lengoaia ulertzea ezinbestean.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.