“Liburu hau irakurtzea mugikorreko pantailan agertzen den argazki bati hatzez zoom egitea bezalakoa da: ez duzu xehetasunik galtzerik nahi.”
XVIII. mendean, Italian, Gennaro izeneko mediku bat larri gaixotu zen baina ez zekien zehazki zer gertatzen zitzaion. “Zergatik ezin dut lorik egin? Kutsatu ote naiz? Mi sono straco. Mi divento mato. Nekatuta nago. Erotu al naiz?”, esan zion gau batean bere emazteari. Horren ondotik, azkar egin zuen okerrera eta hil egin zen. Bi mende luzez familia horretako kideek insomnioa eta beste sintoma latz ugari pairatu zituzten, heriotza barne. Bada, zerk eragin zuen halako sufrimendua?
Lokartu ezinik dabilen Veneziako familia baten kontakizunarekin abiatzen du D. T. Max idazleak La familia que no podía dormir: un misterio médico liburua. Familiako insomnio saihestezina izeneko gaixotasuna da istorio honen muina eta, era berean, hori eragiten duten prioiak. Hauek ez dira birusak, ezta bakterioak ere. Ez dute material genetikorik. Zer arraio dira orduan? Eta zergatik dira hain zitalak? Zinez da liluragarria nola murgiltzen gaituen genetikan, alegia, prioiek sortutako gaixotasun ugariren azalpenean (kurua eta behi eroen gaitza, adibidez) eta horiek mundu osoko zenbait toki eta garaitan eragin zuten kezkan. Bitxikeria bati tiraka arlo hori are interesgarriagoa da bat-batean.
Zientzia-kazetaritza lan bikaina dela uste dut. Alde batetik, gaixotasunaren ezagutzaren garapena azaltzen duelako modu oso argian: hasieran misterio bat izan zen denontzat –zer gertatzen zaio familia horri? – baina gutxika gaia bere osotasunean ulertzeko beharrezkoa den datu mordoa ematen du. Halaber, aipatzekoak dira Maxek testuan darabilen lengoaia eta informazioaren zorroztasuna ere. Bestalde, ikuspegi oso bat emateko asmoz, historian zehar gaitz hori aztertu zuten zientzialariak –Stanley Prusiner eta Daniel Carleton Gajdusek aipatzen ditu tartean– ezagutzeko parada izango du irakurleak; egindako lanen, saiakeren eta aurkikuntzen berri ematen du, hain zuzen.
Argitalpenaren fitxa
- Izenburua: La familia que no podía dormir: un misterio médico
- Egilea: D. T. Max
- Itzultzailea: Maria Luisa Rodriguez Tapia
- Argitaletxea: Libros del K.O
- Orrialdeak: 380
- ISBNa: 978-84-16001-87-3
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.