Hibernazioa: gutxienez 250 milioi urte dituen trikimailua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Dinosauroak eta ugaztunak agertu baino lehen bizi izan zen animalia baten letaginak aztertuz, ikertzaile talde batek hibernazioaren antzeko egoera baten lehenengo aztarna izan daitekeena aurkeztu du.

hibernazioa
1. irudia: Letargian dagoen listrosauro baten irudikapena. Duela 250 milioi urte bizi izan zen animalia horretan portaera hori ondorioztatu dute, baina paleontologoek uste dute beste espezie askotan ere ematen zela. (Irudia: Crystal Shin)

Azken hamarkadetan paleontologoek informazio mordoa eskuratu dute hortzen morfologia arakatuta, eta hori egiten jarraitzen dute gaur egun ere. Baina azken garaietan, beste behin ere, teknologia eta ezagutza berrien agerpenak benetako iraultza ekarri du diziplinara. Funtsean, gero eta gehiago, adituak gai dira hortz baten barruan nolabaiteko estratigrafia bat hautemateko eta estratu horietan guztietan animalia edo pertsona baten bizitzan izandako pasarte batzuk ondorioztatzeko. Batez ere, elementu kimiko desberdinen isotopoak alderatuta lortzen da informazio hori, zenbait isotoporen proportzioa une bakoitzeko elikaduraren eta ingurune geografikoaren arabera aldatu daitekeelako.

Ez da bide bakarra, eta gaurkoan dakargun gaia horren adibide bikaina da. Kasu honetan, paleontologoek aspaldiko animalia batengana jo dute: Lystrosaurus generoko animaliarenak dira arakatutako aztarnak. Gure begietatik ikusita, animalia horiek itxura guztiz berezia zuten. Pangea kontinente osoan zehar hedatuta egon ziren, eta ugaztunen eta narrastien ezaugarriak zituzten. Hortzeriarik ez baizik bi letagin luze zituzten. Seguruenera, belarjaleak zirenez, harrapakarietatik babesteko edo belar eta sustraien artean janaria eskuratzeko erabiliko zituzten. Permikoaren iraungipen masibotik onik ateratzen moldatu ziren, eta Triasikoan beste 5 milioi urtez bizirik irauteko gai izan ziren. Haien arrakastaren ondorioz, animalia horien fosil asko iritsi zaizkigu, eta, horregatik, arrasto horien arteko konparaketak egiteko moduan daude zientzialariak. Hala egin dute oraingoan, eta fosilizatutako letaginetan ikusi dute hibernazioaren antzeko egoera baten aztarna badagoela. Zientzialariek Communications Biology aldizkarian azaldu dute aurkikuntza.

Lehenik eta behin, zehaztu beharra dago zergatik hitz egiten duten “hibernazioaren antzeko egoeraz”. Izan ere, eta hainbat animaliak egiten dutena hibernaziotzat jo ohi dugun arren, adituek egoera desberdinak bereizten dituzte. Oro har, hibernazioak prozesu metabolikoak gutxieneko mailetara jaistea dakar: arnas eta bihotz erritmoak moteltzen dira, eta gorputzaren tenperatura zenbait gradutan jaisten da. Dena den, ugaztun batzuek besterik ez dute egiten benetako hibernazioa: saguzarrak, lemurrak, muxarrak, trikuak eta beste karraskari eta intsektujale batzuk dira horietako batzuk. Letargiaren kasuan, prozesu horiek ez dira hain muturrekoak, eta tarte laburragoez gertatu ohi dira. Adibidez, zenbait saguzar txiki eta kolibri espezie batzuk gauez sartzen dira letargian. Prozesuen gelditze hori edozein modukoa izanik ere, guztiek dute helburu berdina: hotzari eta baliabide eskaseko uneei eutsi ahal izatea, gorputz tenperatura jaitsita. Izotzez beteriko eremuetan are beharrezkoa da estrategia hori, negu hotz eta ilunean energia alferrik ez xahutzeko.

hibernazioa
2. irudia: Pangea kontinentearen egoera, Triasiko berantiarrean. Urdinez, Antartikako fosilen kokapena. Laranjaz, Hegoafrikakoak. (Irudia: Megan Whitney / Christian Sidor)

Erregistro fosilaren bitartez jardun hori ondorioztatzea ez da batere erraza, baina orain adituak hori egiteko gai izan dira. Horretarako, listrosauroen letagin fosilizatuak erabili dituzte. Toki desberdinetan bizi izan ziren bi animalia multzo alderatu dituzte: Antartikan aurkitutako sei fosil eta Hegoafrikan jasotako beste lau. Kokapen biak garaiko Pangean zeuden arren, Antartikako fosilak hego latitudeko 72º-tan zeuden, —zirkulu polar antartikoaren barruan, hain justu—, Hegoafrikakoak iparralderantz 550 kilometrora zeuden bitartean.

Letaginetan, dentinazko geruzak zirkulu zentrokideetan agertzen dira, zuhaitz eraztunen gisa. Horietan, antzeko hazte patroiak aurkitu dituzte, baina Antartikako fosilen kasuan zerbait berezia ikusi dute: eraztun batzuk ohi baino trinkoagoak dira. Zuhaitzen kasuan horrelako egitura bat urte lehorra baten adierazle izan ohi den modu berean, letagin horietan ikusitako egiturak estres markak direlakoan daude zientzialariak. Gaur egun bizi diren hainbat animaliaren hortzetan hibernazio garaietan halako markak sortzen direla azaldu dute ikertzaileek.

Halere, ezin izan dute zehaztu marka horiek benetako hibernazio baten adierazle ala beste letargi mota batena ote den. Baina uste dute latitude horietan bizi izan ziren listrosauroek modu bateko ala besteko egokitzapena egin behar zutela hotzari aurre egiteko. Izan ere, garaiko tenperaturak gaur egungoak baino altuagoak ziren arren, zirkulu polar antartikotik harago alde handiak zeuden urteko tenperaturetan, eta bertan bizi ziren animaliek horiei aurre egiteko estrategiak garatu beharko zituzten.

Egileek zehaztu dutenez, latitude garaietan bizi ziren beste hainbat ornodunek halako hibernazio edo letargia garatuko zuten seguruenera, baina hortzen analisiaren bitartez fenomenoa aurkitzeko modurik ez dute, animalia horien kasuan hortzak ez direlako etengabean hazten. Halakoetan, ohikoa da bizitzan zehar hortzak galtzea eta berriak garatzea.

“Lehenengo aurkikuntza hauek erakusten dute hibernazio egoera batean sartzea ez dela oso egokitzapen berria, aspaldikoa baizik”, laburbildu du prentsa ohar batean artikuluaren egile nagusi Megan Whitney paleontologoak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Whitney, M.R., Sidor, C.A. (2020). Evidence of torpor in the tusks of Lystrosaurus from the Early Triassic of Antarctica. Communications Biology, 3, 471. DOI: https://doi.org/10.1038/s42003-020-01207-6


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.