Gaurko gaztaro luzea, biharko helduaro eskasa

EHUko ikerketa

Nolakoa da gaztetasunetik heldutasunera igarotzeko prozesua?

Ezagutu dugunez, besteak beste, pertsona helduaren ezaugarriak hauek dira: lan eta bikote egonkorrak lortzea, etxebizitza bat jabetzan hartzea eta familia osatzea. Etapa horiek bete eta gero, emantzipazioa sortzen da eta pertsona independentea agertzen da, hau da, pertsona heldua. Baina, une honetan, trantsizio hori ez dago hain argi eta hain definituta gure inguruan. Gaur egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioz, betekizun tradizionalak apurtu egiten dira, gaztaroa luzatu egiten da, eta heldutasunean ezegonkortasuna ezartzen da.

Unibertsitateko ikasleak. (Argakia: Antonio de Torre)
1. irudia: Unibertsitateko ikasleak. (Argazkia: Antonio de Torre)

Diego Carbajo ikertzaileak gazteek emantzipatzeko eta etxebizitza bat lortzeko dituzten estrategiak aztertu ditu “Eskasian bizitzea. EAEko gazteriaren bizileku-jarduerak eta estrategiak” tesian. Batez ere, bizilekua lortu ahal izateko gazteek garatzen dituzten estrategietan oinarritu da soziologoak egin duen ikerketa eta horretarako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 25-34 urte bitarteko eta erdi mailako klaseko 23 pertsonei egin zizkien elkarrizketak.

Elkarrizketen emaitzen arabera, Diego Carbajok gazteria kontserbadorea aurkitu du. Baina gazte horiek, estrategia berritzaileen bitartez, behin-behineko soluzioak bilatzen dizkiote emantzipatzeko daukaten arazoari. Bide horiek, askotan, iraunkor bihurtzen dira eta gazteak gazte izateari uzten dio, egoera prekarioan dagoen heldu edo “helduxea” (ia heldua) bihurtzeko. “Prekarietateak itxura ematen die gazteen bizitzei, baina, hogeita hamar urte inguru betetzen dituztenean, aukerak bilatzen dituzte pertsona heldu bati aurresuposatzen zaizkion betekizunak betetzeko”, Diego Carbajo soziologoak azaldu duenez. Prekarietate hori areagotu egiten da emakumeen kasuan. Izan ere, gizarteak, lanak eta kultura-egiturak gehiago baldintzatzen dituzte emakumeak, eta euren mendekotasunak betikotzen ditu.

Etxebizitzaren jabe izatea helburu

Etxebizitza baten jabetza lortzeak lehentasunezko helburu izaten jarraitzen du gazteentzat, eta, hori lortzeko, familiaren babesa bilatzen dute. Ikertzaileak dioenez “orain, familia txikiagoa da eta ahulduta dago; baina gizarte-imajinarioan daukan rola indartuta atera da. Gazteek familia beti hor egongo dela uste dute, eta horren arabera jarduten dute”.

Heldutasunerako trantsizioan, gazteak estrategikoki luzatzen du bere egonaldia etxean, aurrezteko eta etxebizitza baten erosketan zorpetu ahal izateko. Hori bai, nolabaiteko autonomia lortzeko, “etxean bizitzearen” estrategia honako hauekin osatzen da: norberaren espazioak familiaren etxean, lonja bat alokatzea, furgoneta ekipatua lortzea edo bidaiak, besteak beste. Horrela, nolabaiteko independentzia eta indibidualtasun marjinak lortzen ditu, aurrezten duen bitartean, etxebizitza propioa erosteko, edo, bestela esanda, zor bat eskuratzeko.

2. irudia: Gazteak estrategikoki luzatzen du bere egonaldia etxean, aurrezteko eta etxebizitza baten erosketan zorpetu ahal izateko.
2. irudia: Gazteak estrategikoki luzatzen du bere egonaldia etxean, aurrezteko eta etxebizitza baten erosketan zorpetu ahal izateko.

Emantzipatzeko daukan beharra asetzeko “etxetik kanpo” bizitzea aukeratzen duenak familiaren bigarren etxebizitza onartzen du, jabetzako etxebizitza erosten du familiaren abalarekin zor hori egitean, edota pisu bat alokatzen edo konpartitzen du. Hasieran behin-behinekoa zen azken konponbide hori behin betiko soluzio bihurtzen ari da hogeita hamar urtetik gorako pertsonen kasuan. Horrela, denborak aurrera egin ahala, egoera prekarioan dagoen gizarte-egoera batean, etxebizitza konpartitzen duenak adiskidetasunetik harago doazen harreman ia familiarrak eratzen ditu, eta antzinako elkar-laguntza moduak berragertzen dira. Antzinako modu horiek, berez, gehiago ziren herri eta komunitate txikietakoak hiri-inguruneetakoak baino.

Diego Carbajoren iritziz, “gaur egun alokairuko etxebizitzen eskaeren igoera egon bada ere, egia esan, joera horrek ez du kultura-aldaketa bat adierazten, baizik eta estrategia ekonomiko bat, beste irtenbiderik ez dagoelako. Hamar urteko epean ikusiko da joera horrek benetan alokairua indartzen duen”.

Ikertzaileak adierazi duenez, “Babes Ofizialeko Etxebizitzen sistemaren bidez, etxebizitza-politika publikoek nahastu egin dituzte etxebizitza eskubidea eta jabetza-eskubidea, eta zorpetze-arazo nahikotxo sortu dituzte”. Jabetzako etxebizitza bat bilatzearen eraginez, mendekotasun egoerak normalizatu egiten dira, eta mendeko pertsonen eta pertsona independenteen kategoriak desegin egiten dira. “Zama ekonomikoak txikiagoak dira etxean bizi direnentzat etxebizitza bat erosten dutenentzat baino; baina, kanpoan bizi den eta egunero jatorrizko etxera jatera eta garbitzeko arropa uztera joaten den pertsona emantzipatuago dago gurasoen etxean bizi den baina etxean jan eta lo besterik egiten ez duen pertsona baino?”, galdetu du Carbajok.

Heldutasunerako ibilbidean, lan-egonkortasuna nortasun-ezaugarria da, eta, aldi berean, etxebizitza bat jabetzan lortu ahal izatea errazten duen faktorea; horixe da, hain zuzen ere, elkarrizketatutako pertsonen helburu nagusia. Arrazoi horiek direla eta, lanaren prekarietatea gainditzeko helburuarekin, gero eta gazte gehiagok denbora gehiago erabiltzen dute etengabeko prestakuntzan eta ikaskuntzan. Aldi berean, zeregina eta helburua dira bi horiek. Enplegu bat lortzeko modua da, enplegu horri eusteko edo hobetzeko modua, eta, ondorioz, etxebizitza bat eskuratzeko aukera izateko modua. Gazteek denbora librean lan egiten dute, euren prestakuntza eta laguntza-sareak mugarik gabe handituz. Eta langabezian dagoenean, bere baliabide intelektualak eta prestakuntza-baliabideak mobilizatzen ditu, pertsona ekintzailea izateko.

Ahal den moduan aurrera egiten duten profesionalak

Gaur egun, prekarietatea gure gizartean instalatuta dago, eta ez dira betiko ez enplegua, ez harreman afektiboak. Gizarte honetan, etxebizitza bat jabetzan edukitzea, egia esan, besteekin batera zor bat izatea eta hainbat mendekotasun kudeatzea da. Hala, denbora, dirua eta esfortzua baliatu arren, zaila da epe luzera ezarri dituzten helburuak lortzea.

Beraz, egun, gazteak pozik daude hurrengo hilabetera iristeko gai baldin badira. “Ahal den moduan aurrera egiten duten profesionalak dira” azaldu du Diego Carbajo. “Ziurtasunik ez duen agertoki batean, okerrera egiteko aukera gehiago daudenean hobera egiteko baino, esku artean duten aukera bakarra orainean mantentzea da. Haien gurasoek bazekiten denborari eta esfortzuari esker behin betiko emantzipatu eta ‘aurrerapena’ lortu ahalko zutela. Gaur egun, pertsona batek ez du bermatuta ez egonkortasuna, ez aurrera egitea edo hobetzea; bai, ordea, prekarietatea. Horregatik, gaztetasuna luzatzeak lotura estua du heldutasuna eskastearekin.”

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gaztetasun amaigabetik heldutasun prekariora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.