Asteon zientzia begi-bistan #383

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

genealogia

Osasuna

Hedabideetan eta politikarien diskurtsoetan kontrakoa badiote ere, adituek diote koronabirusa oraindik ez dela endemiko bihurtu. Adrian Aginagaldek, Kantabriako Osasun Publikoko Behatokiko zuzendari eta epidemiologoak, azaldu du trantsizio fase baten hasieran egon gaitezkeela, izurriaren dezelerazio baten ostean eta pandemia arteko fasearen aurretik. Baina erakunde askok gaitza gripea balitz bezala tratatzeko erabakia hartu dute, ebidentzia zientifikorik gabe. COVID-19aren izurriak hankaz gora jarri ditu epidemiologoek historikoki erabili izan dituzten eredu teorikoak. Hortaz, Aginagalderen ustetan, aurrerantzean iragarpenak egitea ezinezkoa da. Azalpen guztiak Berrian: Pandemia bat bidegurutzean.

Mantenugaiak elikagaietan dauden substantzia kimikoak dira eta zelulen funtzio energetikoan, egituratzailean eta erregulatzailean parte hartzen dute. Mantenugaien artean lipidoak ditugu, gantz-azidoz osatutako substantzia organikoak. Gantz-azido horietako batzuk dira omega-3 molekulak. Omega-3 gantz-azidoen funtzio nagusiak energia-iturri izatea, seinaleztapen molekulak sortzea eta zelula-mintzen osagai izatea dira. Gaur egun ditugun dietek, alabaina, nekez betetzen dituzte omega-3-en inguruko beharrak, eta 2 motako diabetesa, obesitatea edo dislipemiak pairatzeko arriskua nabarmenagoa da. Omega-3-a hainbat gaixotasunetan terapia gisa erabili daiteke. Datuak Zientzia Kaieran: Omega-3 gantz-azidoen zenbait propietate onuragarri.

Genetika

Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, gizakien genealogia bateratua aurkeztu dute, antzinako eta egungo milaka genomen sekuentziak konbinatuta. Erresuma Batuko eta Austriako ikertzaileek garatu dute, eta metodologia estatistiko eta konputazional berri bat erabili dute horretarako. Zuhaitz filogenetiko baten kontzeptuan oinarritzen da metodologia, baina datuak denboran eta espazioan kokatuta ageri dira. Genealogia honekin agerian geratu dira jada ezagunak ziren giza-historiaren hainbat ezaugarri; esaterako, gizaki modernoen eta arkaikoen arteko desberdintasun sakonak, Afrikako irteera, eta historian zehar hainbat irlatan gertatu diren odolkidetasun-fenomenoak, besteak beste.

Arkeologia

Berrian azaldu denez, duela 3.000 urte inguruko brontzezko aizkora bat aurkitu dute Errezilen. Saseta Defentsa Sistemaren ikerketa-proiektuan egindako prospekzio arkeologikoetan aurkitu zuten instrumentua, Iturriotzen. 2018ko uztailean gertatu zen, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak 36ko gerrako munizioa bilatzen zebiltzala. Angel Armendariz Kantabriako Unibertsitateko irakasle titular erretiratuaren esku utzi zuten gailua, eta, hark baieztatu duenez, Brontze Aroko aizkora bat da.

Endurance 22 espedizioa abian da, Endurance bergantinaren arrastoak aurkitzeko, Antartikako Weddell itsasoan. 1915eko azaroaren 21ean hondoratu zen itsasontzia, Ernest Shackleton kapitain eta esploratzailearen agindupean. Shackletonek Antartika oinez zeharkatzen zuen lehen pertsona izan nahi zuen, eta espedizio bat antolatu zuen helburu horrekin: Trans-Antartika Inperiala. Endurance ontzian ekin zion bidaiari, baina urtebete izotzetan harrapatuta egon ostean, izotzaren mugimenduek apurtu zuten itsasontzia, eta ondoratu egin zen. Alabaina, oraindik ez dira aurkitu Endurance-en arrastoak itsas ondoan. Jakes Goikoetxeak azaltzen du Berrian: Iraunaren ikurraren bila.

Fisika

Birminghameko Unibertsitateko ikertzaile batzuk adierazi dute fisika kuantikoa lurpea ezagutzeko baliabide interesgarria izan daitekeela. Hainbat froga egin dituzte interferometria atomikoa erabiliz, eta lurpearen grabitazio-aldaketak detektatu dituzte. Informazio honekin, lurpeko azpiegituren ezaugarriak zehaztasunez identifikatzea lortu dute, lurrazaletik datozen soinuak, mugimenduak, bibrazioak eta hondoko zaraten eragina ezabatuta. Ikertzaileen ustetan, teknika honek hainbat erabilera interesgarri izango lituzke, besteak beste, akuiferoak edo lurpean dagoen edozein tunel edo azpiegitura mapatzea, eraikuntzarako arriskutsuak izan daitezkeen guneak identifikatzea edo sumendien erupzioak hobeto iragartzea. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Fisika kuantikoa lurpea ikertzeko.

Teknologia

Mary Lee Woods, World Wide Web asmatu zuen programatzailearen ama izateaz gain, aitzindarietako bat izan zen lehen ordenagailuak erabiltzeko baliatu zen programazioaren eremuan. 1951n, maila komertzialean salduko zen lehen ordenagailua garatu zuen taldeko kide izan zen, eta gizonen eta emakumeen soldata berdintasuna lortzeko ekimen bat jarri zuen abian. Oraindik 20 urte falta ziren legeriak hala ezarri zezan. Gainera, 50eko hamarkadan seme-alabak izan eta etxetik aholkularitza informatikoa ematen hasi zen, eta, honela, munduko lehen freelance programatzaileetako bat bilakatu zen. Rocío Benaventek azaldu du Zientzia Kaieran: Mary Lee Woods, izarrak sailkatzetik programazioaren aitzindaria izatera.

EHUko ikertzaile talde batek eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko sistema bat diseinatu du, berotegi efektuaz baliatzen direnak. Journal of Building Engineering aldizkarian argitaratutako artikulu batean proposatu dutenez, sistema honek modu nabarmenean hobetu dezake eraikin horien jokabide energetikoa. Ikertzaileen esanetan, aireztatze-sistemek eraikinaren barruan erabilitako airea botatzean bero asko galtzen da. Energia-gastu hau saihesteko, negutegi baten prototipoa diseinatu dute. Eguzkitik jasotako erradiazioa harrapatuz, negutegi horren barruko airea modu sinple, merke eta eraginkor batean berotu daiteke. Triangelu angeluzuzen baten itxura du proposatu duten negutegiak, eta 55 graduko angeluan dago ezarrita, Espainia gehienean tenperatura altuena lortzeko angelurik egokiena. Datuak Zientzia Kaieran: Eraikinetan energia aurrezteko negutegiak proposatu dituzte.

Biologia

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, kolore gorriak Aedes aegypti eltxoak erakartzen ditu. Aedes aegypti espezieko eltxo emeek dengea, zika edo sukar horia transmititzen dute ziztaden bidez. Washingtongo Unibertsitateko ikerketa-talde batek eltxoen ziztatzeko joera aztertu berri du, eta emaitzek erakutsi dute Aedes aegypti espezieak gizakiak arnasa hartzean isurtzen duen CO2 detektatu ondoren, kolore gorrirantz abiatzen direla. Taldeak 450 Aedes aegypti eltxo emeen hegaldiak aztertu ditu, eta ikusi ahal izan dute kolore gorria, laranja, beltz edo ziana zuten azalerak erakartzen dituela eltxoak. Hau interesgarria da, giza larruazalak, bere pigmentazio tonua edozein izanda ere, gorri-laranja koloreko seinalea igortzen baitu intsektu hauentzako.

Erle espezie batzuk nektarra eta polena dute elikagai, baina beste espezie batzuk, sarraskia jaten dute. Meliponini (eztenik gabeko erleak) taldeko zenbait erlek dute dieta hau, zehazki. Aldaera ezberdinekoak daude. Batetik, nekrofago fakultatiboak daude, hau da, eskura animali gorpuak badituzte, elikagaitzat hartuko dituzte. Bestela, polena eta nektarra bilatu eta baliatuko dute. Bestetik, nekrofago hertsiak daude. Trigona espezian baino ez dira topatu aldaera hau, zehazki elkarrengandik oso hurbil dauden hiru espezietan. Dirudienez, hiru espezie hauek erabat eman diote bizkarra loreei eta ornodunen gorpuengandik lortzen dituzte proteinak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Lorerik ez Trigona erleentzat.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.