Izarren argiak bere egitura kimikoari buruzko oinarrizko informazioa dauka. Baina informazio hori ezkutuan egon da hamarka mendez, botila bateko mezua bezala. Argiaren barneko ortzadarra askatzeko gai den Newtonen prisma izan zen gerora mezu horiek guztiak interpretatzeko aukera eman zigun puzzlearen lehen pieza.
XIX. mendean, zientziaren eta teknologiaren aurrerabideari esker, erreminta optikoen zehaztasuna gero eta handiagoa zen. William H. Wollaston fisikari eta kimikariak eguzkiaren argian ezkutatutako lehen lerro ilunak aurkitu eta gero (xurgatze-espektroak), Joseph von Fraunhofer fisikariak bere teknika perfekzionatu zuen eta urteak eman zituen horiek zehaztasunez sailkatzen. Fisikari alemaniarra izan zen lehena difrakzio sare bat erabiltzen argiaren espektroa lortzeko –zirrikitu ñimiñoz betetako sareta bat da, argia difraktatzen duena eta uhin luzera ezberdineko izpiak bereizten dituena (kolore ezberdinekoak)–. Era berean, lehena izan zen gailu hori baliatzen ortzadarraren lerro ilun misteriotsuei lotutako uhin luzerak neurtzeko. Horregatik, Fraunhofer espektroskopiaren aita kontsideratzen da. Bere izena eguzki argiaren espektroan idatzita geldituko da betiko.
XIX. mendean, astrofisikariak gutxika izarretatik zetorren argiaren mezuak deszifratzen joan ziren. Espektro horiei esker, zientziak datu berri ugari bildu zituen, gero eta zehaztasun handiagoarekin neurtutakoak. Hala ere, zenbaki horiei guztiei zentzua emateko, beharrezkoa zen aztertzea eta interpretatzea, horiekin eredu bat sortzea. Zer konta zezaketen lerro ilunek izarren jatorriari buruz?
Espektro horietan oinarritutako izarrak sailkatzeko lehen saioak 1860 eta 1870 artean izan ziren. Garai horretan nabarmendu zen Angelo Secchiren lana, Unibertsitate Potifikal Gregoriarraren behatokia zuzentzen duen astronomo italiarrarena. Secchik proposatu zuen lau izar motako sailkapen bat, kolorearen eta zenbait osagai kimikoren arabera. 1. motako izarrak zuriak edo urdinxkak ziren, eta espektroek lerro oso markatuak zituzten, hidrogenoarenak. Izar horien artean zeuden Vega eta Sirius. Gainera, tonu apalagoa zuten argi horiko izarrak (2. motakoak), laranjakoak (3. motakoak) edo gorrixkak (4. motakoak) zeuden. Sailkapen sistema hori egun erabiltzen ez den arren, Secchi aitzindarietako bat izan zen ikerketa astronomikoak espektrografian oinarritzen. Emankorrenetako bat ere izan zen: 4.000 izarren espektrotik gora sailkatu zituen, bere sistema erabiliz.
Atlantikoaren beste aldean, Edward Charles Pickering izeneko fisikariak eta Massachusettseko Teknologia Institutuko irakasleak (MIT ospetsua) ere uste zuen astronomia berria ezin zela mugatu izarren abiadurak eta posizioak neurtzera: ondoren, izarren espektroa, distira eta kolorea funtsezkoak izan ziren unibertsoa ulertu ahal izateko, astrofisika berriaren oinarriak. Baina anbizio handiko helburu hori lortzeko bi osagai ezinbestekoak izan ziren. Hasteko, datu gehiago behar ziren.
Zorionez, Pickeringek bi teleskopio handi zituen horretarako: Cambridgeko errefraktore handia, 1847an eraikitakoa eta zeruaren argazkiak ipar hemisferiotik ateratzen zituena, eta Arequipako Bruce teleskopioa, 1896koa, hego hemisferioan. Eta, batez ere, Pickeringen proiektuak datu horien guztien analisi xehatua behar zuen. Informazio berri hori guztia aztertzeko gai ziren pentsalariak behar zituen. Halaxe osatu zen giza konputagailuen lehen taldea, gaur egun oraindik ere “Pickeringen harema” izen desegokiaz ezagutzen dena.
Erreferentzia bibliografikoa:
Gray, O. Richard eta Corbally, Christopher J. (2009). Stellar Spectral Classification. Princeton University Press.
Egileaz:
Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 30ean: Interpretar el arcoíris para clasificar estrellas.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
2 iruzkinak
[…] Izarretatik datorren argiaren espektroak datu asko eskaintzen ditu. Espektro horiek erabiliz, adibidez, Angelo Secchi astronomo italiarrak izar motak bereizteko sailkapen bat sortu zuen, izarraren kolorearen eta zenbait osagai kimikoren arabera. 1. motako izarrak zuriak edo urdinxkak ziren, eta espektroek […]
[…] erreparatu die gaurkoan Kiñu trikuak. Izarrek zeruan distira egiten dute, baina ba al dakigu zer-nolakoak diren? Jakin badakigu batez ere gasez osatuta daudela, baina badirela metaletan aberatsagoak diren […]